Dokumentuaren akzioak
Dantzaren egoera aztertuko dute Inpernuko Poza jardunaldietan
Plazetan zergatik egiten den «inoiz baino dantza gutxiago» argitzen saiatuko dira hilaren 7an eta 8an
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak azaldu duenez, sarritan egokitzen
zaie trikitilariei dantza emanaldi baten ostean jo behar izatea. Dantza
saioa amaitzean, dantzariek kaleko arropak jantzi eta ez da dantza
gehiagorik izaten, «trikitilariei begira» geratzen dira dantzariak.
Joera hori Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzen hasia ei da, eta
egoerak kezkatuta, gai horren inguruko mahai-inguru bat eta saio
praktiko bat antolatu ditu Trikitixa Elkarteak.
Dantza, ikuskizuna eta plazera du izenburu
mahai-inguruak, eta Jon Maia dantzariak, Jon Ostolaza trikitilariak eta
Iñaki Irigoien ikerlariak parte hartuko dute. Gaur egun dantzak plazan
duen egoeraren inguruan jardungo dute, eta moderatzaile lanak Joxe Juan
Ugalde kazetari eta dantzariak egingo ditu. Asteartean izango da saioa,
Donostiako liburutegiko sotoan, 19:30ean.
Hurrengo egunean, toki eta ordu berberean, Dantza dezagun saio
praktikoa zuzenduko du Jokin Otamendi dantzariak. Arkaitz Miner eta
Garikoitz Otamendi musikariek ere parte hartuko dute, pieza guztiak
biolinarekin interpretatuko baitituzte. Euskal Herriko dantza
tradizionalez gain, Europako zenbait herritako dantzak ere irakatsiko
dituzte saio praktiko horretan.
Dokumentuaren akzioak