Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzaren edertasuna publikoarekin dagoen itxi gabeko elkarrizketa da"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzaren edertasuna publikoarekin dagoen itxi gabeko elkarrizketa da"

Ion Agirretxe - Flandriako Errege Balleteko dantzaria

Donostian sortu zen eta euskal dantza tradizionalean eman zituen bere lehen urratsak Ion Agirretxek. Euskal dantzaren erremuan hainbat sari irabazi ondoren, baina, dantza klasikoko ikasketak egitera joan zen Madrilera. Angel Corellaren ballet konpainian aritu zen hainbat urtez. 2012an Bartzelona Balleta utzi eta Flandriako Errege Balletean sartu zen dantzari gisa.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/09/12

Gaur hasiko da Miarritzeko Maitaldia, nazioarteko dantza konpainia handiak Euskal Herrira ekartzen dituen jaialdia. Festibala irekitzeko Flandriako Errege Balletak "Ulisesen itzulera" aurkeztuko du lehen aldiz Euskal Herrian Ion Agirretxerentzat Flandriako konpainiako dantzari gisa etxean ariko da lehengo aldia izango da. "Berezia eta polita da familiarengandik eta lagunengandik gertu egotea, dantzan ikusi ahalko bainaute".  

Euskal dantzarekin hasi zinen eta balletaren munduan zabiltza orain profesionalki, sona handiko konpainia batean gainera. Nolakoa da zure ibilbidea? 

Atzera begiratuta, ibilbide oparoa izan dela esan dezaket: 4 urterekin hasi nintzen dantzan, eta inoiz ez nuen pentsatuko nagoen mailara iritsiko nintzenik, ezta profesional izatera helduko nintzenik ere. Dantzaria izan nahi nuela banekien arren, oso profesio gogorra da eta beti egon behar duzu hor aurrean, ehuneko ehuna ematen. Beti da lan desberdina, bai fisikoki bai psikologikoki, baina oso lan polita da.  

Zuretzat zein ezberdintasun dago euskal dantzen eta balletaren artean? 

Bi dantza mota dira, baina nire ustez euskal dantzen eta balletaren artean dagoen diferentziarik handiena soldatarena da. Balletean profesionalki dantzaz bizi gaitezke, eta, euskal dantzetan, pena bada ere, ezinezkoa da horretaz bizitzera heltzea.  

Adierazteko momentuan ezberdintasunik ba al da?

Dantza da. Dantzak daukan edertasuna publikoarekin dagoen itxi gabeko elkarrizketa da. Dantza egiten duzuenean ez duzu publikoarekin edo zure dantza lagunarekin hitz egiten. zuzenean transmititzen duzu une horietan sentitzen duzuna, eta ikusten ari den jendea hunkitzera da helburua, dantzariak sentitzen duena publikoak ere sentitzea.

2014-09-12_Gara-elkarrizketa-Ion-Agirretxe.jpg"Ulisesen itzulera" aurkeztuko duzue gaur Biarritzen. Zer nolako ikuskizuna da?

Oso espektakulu dibertigarria da, Christián Spuck koreografoak egindakoa. Orain dela bederatzi urte egin zuen Flandriako Errege Balletarentzat eta oso dibertigarria da, pertsonaia ugari eta musika dibertigarria ditu eta. Dantzatzen dugunon artean sentimendu ezberdinetako uneak daude. Koreografoari asko gustatzen zaizkio momentu dibertigarri horiek obran sartzea. Nik uste dut publikoak gozatuko duela, gozarazteko balleta baita. Teknikoki ere zailtasuna handiko koreografia da, oso-oso gutxitan ikusten den koreografia horietakoa.

Flandriako Errege Balletarekin ekarriko duzue ikuskizuna. Nolako konpainia da?

Kontuan edukita errege ballet bat dela, konpainia handia da. Operarekin elkartuta gaude pasa den ekainetik, eta gobernuak emandako diru laguntzekin aurrera joateko modua dugu. Operarekin elkartu ginenetik laguntza handiagoak ditugu gainera, ballet handiagoak egiteko. Orain "Zisneen lakua" bezalako balletak prestatzerakoan operako musikarien lan egiteko erraztasun handiagoak ditugu. Musika zuzenean izateak dantzariari beti ematen dio adrenalina gehigarri bat.

2012an sartu zinen konpainian. Nolako esperientzia izan da pertsonalki?

Oso esperientzia ona izan da. Koreografo handien koreografiak dantzatu ahal izan ditugu: Wayne McGregor, John Cranko... Inoiz ez nuen pentsatuko azken bi urteotan dantzatu ditudan koreografiak dantzatzera helduko nintzenik; beraz, pozik eta aurrera begira egoteko arrazoiak baditu. Aurten koreografia ezberdinak egingo ditugu "On Kixote" esaterako. Oso polita izan daiteke dantzatzeko gelditzen zaigun guztia.

Nazioartean ospe handia duten profesionalekin lan egiteko aukera ere izango duzu, ezta?

Zorte handikoa sentitzen naiz, izen handiko koreografo handiekin aritu bainaiz. Wayne McGregor edo Christopher Wheeldonekin lan egiteak, izen handia duten koreografo horiekin lan egiteak, beti ematen dizu indarra, beti da berezia.

Ikasteko ere aukera bikaina izango da zuretzat, ezta?

Beti ikasten da zerbait, koreografo bakoitzak bere berezitasunak ditu-eta. Bakoitzaren dantza mugimenduetatik ahalik eta gehien hartzea da inportanteena, ikasten jarraitzea.

Zure dantzatzeko eran zer aldaketa ikusi dituzu?

Beti egoten da garapena, urtez urte, nik esaten dut inoiz ez diogula ikasteari uzten. Gorputza eta burua beti mugimenduan daude ikasterako orduan, inoiz amaitzen ez den prozesua da.

Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzun erronkak?

Erronkak poliki-poliki etorriko direla uste dut; ez dugu horretan buru -belarri pentsatu behar, bestela ate asko itxi diezazkiokegu gure karrerari. Poliki-poliki joanda ere gauzak ondo irten daitezke; beraz, pazientzia eta bi hankak beti lurrean!

Noizbait zure burua irakasle bezala ikusten al duzu?

Orain arte ez dut aukerarik izan, baina bai gustatuko litzaidakeela urte batzuk barru irakasle izaten probatzea, orain arte nik ikasi dudan guztia bai umeei bai jende gazteari erakustea. Ondo egongo litzateke.

Eta koreografo gisa?

Oso mundu polita da, baina nik uste dut koreografo izateko bokazio horrekin jaio behar duzula. Egin zaitezke koreografo, baina niri gehiago gustatzen zait dantzatzea koreografiak egitea baino. Hala ere, ez dut inoiz nire burua horretan jarri. Beharbada egunen batean...

Dokumentuaren akzioak