Dokumentuaren akzioak
Dantzaren deseraikitzea
Lorrenako Baleta
Ikusleak aretora sartu direnerako bertan aurkitu dute dantzaria,
eszenako albo batean, bere ariketetan murgilduta, besaulkietako
isiltasun ikaragarriak lagunduta. Argiak apurka-apurka amatatu direnean
hasi da benetan StepText. William Forsytheren pieza beste
behin-edo ikusi dugu, eta ostera ere sortu dit artifizialtasun sentipen
moduko bat, egileak gehiegizko efektismoa lortu nahi izan balu bezala,
musika, argiak eta dantza behin eta berriro zatikatzen.
Nahita bilatutako deseraikitze horretan, ordea, dantzaren
beraren balioak nagusitzen dira: emakumeak eta hiru gizonek mugimendu
etengabean dihardute, ia figura zehatzak eraiki gabe, beren helburuak
bilakaera etengabea dirudielako. Xede horren bilaketan mugarriak izan
dira emakumeak gizon bakoitzarekin egindako pas à deux ederrak
-zailtasun muturrekoak direnak, bide batez esanda-, baina aldi berean,
ezin dugu ahaztu gainontzeko bi dantzarien presentzia, dantza hutsaren
dotorezia ezin hobeto adierazten baitute, batzutan bigarren planoan
daudela dirudien arren.
Stephen Petronioren Brokenman bakarlari batentzako
pieza labur-laburra da, irailaren 11ren ondorioz sortua, eta
mugimenduaren antzerki-kalitate ia patetikoak erraz adierazten du
sorkuntza txiki hau gertakari haren zordun zuzena dela.
Dudarik gabe, Les ombres d'une guerre sans nom izan
da hiruretan zirraragarriena, Andrea Cera-ren musika konplexua -pianoa,
zarata elektronikoak, gitarra, ahots eraldatuak, bateria, soinu
industrialak...- eta urdin koloreko argiztapen misteriotsua funtsezko
elementuak izan direlako lan honen giro iragarlea eraikitzerakoan.
Herve Robberen koreografiak, berriz, hiru gizon-emakume eta hiru
izpiritu menperatzaileren arteko lehia irudikatzen du, eta dantzariak
elkarrekin ia kontakturik izan gabe mugitzen dira, inora ez daramaten
baina aldi berean hipnotikoak diren eboluzio materiagabeak garatuz.
Esandako elementu guztien artean gizakiaren izaera bera duen
atmosfera lortu du koreografoak, zeren eta batzuetan badirudi giro
artegagarria lortu duela eta beste batzuetan bizigarri eta guzti egiten
zaigu artega hori, baina gehienetan ezereza sentipen nabariarekin
konformatu beharrean gaude.
Dokumentuaren akzioak