Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren demokratizazioa

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren demokratizazioa

Euskal dantza tradizionala egiten duten taldeek garrantzi handia badute ere, azken boladan ugaritu egin da taldeetatik kanpo dantzaz gozatzen duen jendea. Ikastaroak egiten dira han eta hemen, dantzariak plazara itzuli dira, eta erromeriarako taldeek esperientzia hartu dute hainbat urtetan.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Erreportajea
Data
2014/06/11
Lotura
Berria

Dantzatzen dena da dantzaria, eta geroz eta gehiago dira plazan oinak astintzera ausartzen direnak. Dantza taldeek erromeria gordetzeko funtzioa izan dute, eta, orain, gordetako hori guzien eskura dago. Erromeria eta dantzan irakasteko taldeak ugaritu izanak gune bat eskaini die dantza maite duten horiei.

Patxi Laborda dantza irakasle eta Aiko taldeko kideak aldaketa izan dela esan du. Parentesi bat egon da, dantza taldeena. «Momentu batean dantza taldeek hartu zuten protagonismoa, eta horiei esker ez zen erromeria fenomenoa galdu, eta hainbat aldaketa egin ziren: plazetako errepertorioa aldatu zen». Orain, dantza eskolak sortu dira nonahi, eta jendea dantzan ikasten hasi da. «Sistema hori errekuperatu da: hau da, errepertorioa baino garrantzitsuagoa da dantzatzea. Dantzariak ez dira bakarrik taldeetan daudenak, dantzariak dantzatzen direnak dira». Esan duenez, fenomeno positiboa da hori.

Dantza ikastaroak ugaritzeak plazan dantzari kopurua igotzea ekarri duela pentsa liteke. Labordak dio haiek eskaintzen dituzten ikastaroen matrikulak gora egin duela nabarmen azken urteetan. Orain aukera gehiago dago, dantza piko taldeekin —dantza saio gidatuak, alegia—.

Iosu Royo Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak ere baieztatu du ikastaro asko sortzen ari direla. Hiru dantzari mota berri aipatu ditu: alde batetik, talde batean luzez aritu, utzi eta taldearen urteurrena ospatzera itzulita dantzari beteranoen taldea sortzen dutenak. Badira gaztetan arituak ere, eta orain, 40 urteren bueltan, ikastaroetan izena ematen dutenak. Azkenik, badira lehenbiziko aldiz dantza ikasi duten helduak. «Dantzariek diote zirrara eta maitasuna gorderik zutela, eta erraztasunak eta egitasmoak ongi hartu dituzte».

Horretarako sortu zen Karrikadantza. Iruñean biltzen dira, hilabetean behin, dantza egiteko. «Egitasmo zabala da; ez du talde bakar batek antolatzen, eta edonor izan daiteke dantzari», dio Royok. Haren aburuz, taldeen emanaldiez gainera, garrantzitsua da ikastaroetan ibiltzen direnek ere haien eremua izatea.

Aurretik beste toki batzuetan egiten zirenak eredu izan zituen Karrikadantzak. Adibidez, Bilbon Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen Urbeltzen dantza ganbera. Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen musikarekin gidatutako dantzaldia da, eta hilabetean behin biltzen dira. «Helburua dantza tradizionala sozializatzea da, betiere eremu informal batean», azaldu du Mikel Urbeltzek.

Eredua Europan aurkitu zuten, han folk klubetan egiten baitira antzeko egitasmoak, tokian toki beren ezberdintasunekin, noski.

Dantza fenomeno horren barnean, garrantzitsuak dira erromeria taldeak. Laborda Aiko taldean aritzen da, eta Patxi Perez, Patxi eta Konpainia taldearekin. Dantza beste inguruetara zabaltzea ere ahalbidetu dute. Perezek dioenez, Baionan ez zen jauzirik egiten plazan 1980an. Zuberoan bai, baina beste hainbat dantza galduak ziren. Orain, baina, asko dira berea bezalako taldeekin halako dantzak egiten dituztenak.

«Gauza berriak heldu ziren gure erromerietara: folka, reggaea... baina gure bestan gure dantza jarrarazi behar genuen». Hala abiatu zuen taldeak ibilbidea, duela hamabost urte. Aiko ere erromeria egin nahian hasi zen, baina bi kezkarekin: nola erakutsi eta plaza hartzea. «Gero konturatu ginen plazan dagoen jendeari erakutsi behar zaiola», dio Labordak.

Dantza piko fenomenoan alde on bat eta «ez hain on bat» antzeman ditu Labordak. Jende guzia dantzari izan daitekeela konturatu izana ongi ikusten du. Dantza irakasleak beharrezkoak izatea, ordea, ez du hain ongi baloratu; haren aburuz, jendeak «autonomia» behar luke dantzatzeko. «Horregatik saiatzen gara errepertorio tradizionalagoa egiten, jendea aske izateko. Behartzen aske izatera, huts egitera, ongi pasatzera...». Hor aldaketa handia ikusi du, geroz eta gutxiago irakatsi behar dela, alegia.

Urbeltzek ere aipatu du errepertorioaren garrantzia. «Dantza errazetara jotzen dugu, plazan dantza daitezkeen dantza sozialak alegia, ez erritualetan egiten direnak». Haur batek zein 80 urteko batek dantza dezaketena, alegia.

Plaza zabalduz

Royok esan duenez, dantzaren inguruko egitasmo berriek erantzun zabala dute. Horren adibide jarri du Iruñean berriki 350 lagun bildu zituen jauzi afaria. Perezek ere aldaketa ikusi du toki batzuetan: «Bilbon ikusten dute non jotzen dugun, eta hiria gurutzatzen dute dantzara etortzeko, futbol partida bat balitz bezala. Beste gizarte batean gaude». Larunbatean ere ikusiko da dantzaren sasoia. Izan ere, dantzazale eguna antolatu du Aiko taldeak Durangon (Bizkaia). Dantzazale asko erabiltzen den hitza izan arren, zalantzan jarri dute Royok eta Labordak. Adibide bera jarri dute: bertsolaritza. «Bertsolaria bertsoak egiten dituena da; bertsozalea, aditzea gustuko duena. Euskarak ongi markatzen ditu gauza horiek», dio Aiko taldeko kideak.

Gehienek begi onez ikusi dute dantzaren zabalkundea. Royok egitasmo horien funtzioa nabarmendu du: «Dantza eguneratzeko bide bat da». Publikoaren aldetik ere, ezin esan liteke adin tarte bakar batentzat direnik. «Kafe Antzokian batez ere jende heldua dago, baina Igorreko festetan, gazteak», dio Labordak. Orain, dantza osasuntsuago dago, lanik baden arren.

Eguraldi ona ailegatzean, hilabeteko hirugarren asteburuan bildu ohi dira iruindarrak kalean dantza egiteko, Karrikadantza izeneko egitasmoan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS


Patxi Perez, dantzariz inguraturik, jauziak dantzatzen. / MITXI / BILBAO TURISMO


Patxi Laborda, eskuinean dantzan, atzean Aiko taldeko kideak dituela musika jotzen. / BERRIA

Dokumentuaren akzioak