Dokumentuaren akzioak
«Dantzaren bitartez, euskaldun taldearen parte dira AEBetan»
Gasteizko Kirol Hezkuntzako eskolak utzi, eta,
urtebetez, familiarekin batera, Renora (Nevada, AEB) joan zen Clara
Urdangarin, han bizi den euskal komunitateari buruzko doktore tesia
egitera. Azterketa etnografikoaren ondorioen artean, AEBko kultura
anitzeko gizartearen barnean euskal nortasuna gizarteratze elementua
dela nabarmendu du.
Euskal nortasunak berezko lekua du AEBetako kultura aniztasunean, tesiaren arabera.
Euskaldun sentitzearen arrazoia, identifikatzeko modu bat da,
masatik atera eta norbait izateko aukera. Eta horretarako modu bat
dantza taldearena da, arbasoek ekarri zituzten ohiturak berrasmatu
dituzte, nolabait esatearren, bizi diren gizartean zentzua izaten
jarrai dezaten. Eta horrekin batera, hanburger eta futbol
amerikarrarekin bizi da euskalduna, naturaltasun osoz.
Besteak beste, Zazpiak Bat dantza taldearekin izan zineten?
Dantzaren bitartez, taldeko partaide dira, nire familiari
gertatu zitzaion moduan. Nik ez nuen aurretik sekula dantzarik egin,
eta han egin genuen. Horrela, talde hartan bertakotzeaz gainera
AEBetako gizartean ere bertakotu ginen. Bi komunitateak ezagutzeko
zubia izan zen Zazpiak Bat dantza taldea.
Zein izan duzu, zehazki, azterlana?
Azterketa etnografikoa egin nahi nuen, eta horretarako euskal
komunitatean barneratu behar nuen. Euskal nortasunaz duten ikuspuntua
jakin nahi nuen. Bertan bizi izan ginenez, taldean barneratzea erraza
genuen. Eta taldekidea izanik barrutik duzu informazioa, egunerokoaz
hitz egiten duzu inolako arazorik gabe. Oso ondo hartu gintuzten, eta
Renoko Euskal Ikasketen Zentroaren laguntza ezinbestekoa izan da.
Zer da euskal nortasuna haientzat?
Euskal nortasuna komunitate baten parte izatea da, komunean
duten ezaugarri bakarra gauzarik sinpleena izan arren, dantza egitea
edo elkarrekin bazkaltzea esaterako. Euskal nortasuna izateak ez du
esan nahi beste baten kontra zaudenik, ez dago oposiziorik, osagarriak
dira. Jaietan AEBetako ereserkia abesten dute, eta, ondoren, Gernikako
Arbola, eta sentimendu berarekin biak. Harrituta nengoen. Eta bi
banderak elkarrekin beti. Hori hemen pentsaezina da.
Gainerako komunitateekin nolako harremana dute euskaldunek?
Harremana oso ona da, eta horren adibide dira antolatzen
dituzten jaialdiak. Uztailean asteburu bat antolatzen dute euskaldunek,
eta komunitate guztiak biltzen dira bertan. Euskaldunak ongi
erlazionatzen dira beste taldeekin. Eboluzionatzen jakin izan duen
komunitatea da euskaldunena, hazi egin dena, eta gogor lan egin duena,
eta hori asko baloratzen du AEBetako gizarteak. Beste komunitate
batzuek arazoak izaten dituzte bertakotzeko, baina ez euskaldunek.
Bestalde, erroldan ikusi nuenaren arabera, euskaldunen maila kulturala
besteena baino altuagoa da; ikasketa maila handiagoak dituzte.
Renoko euskaldunek zer informazio dute Euskal Herriaz?
Askok familia dute hemen, eta haien bitartez jasotzen dute
informazioa. Hemengo politikaz esango nuke oso gutxi dakitela, eta
interes gutxi, era berean. Bestetik, batzuek garai bateko Euskal
Herriaren oroitzapena dute, eta harrituta geratzen dira etortzen
direnean, paisaiak nola aldatu diren ikusita, edota ordenagailua ere
erabiltzen dugula ikustean. Askok esan ziguten hori, bitxikeria moduan.
Euskara entzuten al da?
Lehendabiziko belaunaldikoek badakite, baina nekez entzuten da.
Abestien bitartez dute euskararenganako lotura handiena. Eguneroko
bizitzan ez dute euskara erabiltzen, eta horregatik euskara eskolak ere
arrotz egiten dira. Abestien bitartez, ordea, euskaraz egiteko aukera
dute esandakoa ulertzen ez badute ere. Gero, kuriosoa da, euskararekin
nahastutako ingelesezko hitzak entzutea: kukixe opila esateko (cookie), kakixe tarta esateko (cake) edota rufa (roof).
Gastronomia ere gertutik jarraitu duzue.
Nortasun ikurretako bat da gastronomia. Babak, txahala,
odolosteak. Mahai luzean lapikoa jarri, eta norberak gustukoena hartzen
zuen. Halako bazkari ugari izan genituen Basque Corner jatetxean,
esaterako. Oso preziatua da gastronomia beste komunitateen artean.
Eta bazkalostean kantua, ohitura denez.
Zirraragarria da ikustea nolako sentimenduarekin kantatzen
duten Aldapeko, adibidez. Eta gero mus partida, noski. Gero eta
zaletasun handiagoa dute gazteek.
Bidaiaren ondoren aldatu al da AEBetako euskaldunen inguruan zenuen ikuspuntua?
50.000 euskaldunen artean kolore eta aukera asko dago, eta uste
faltsuaren aldean, ez daude egunero poxpolinez jantzita. Errealitatea
gertutik ezagutzeko balio izan dit, baita Euskal Herria beste ikuspegi
batekin ikusteko ere. Hemengo abiadaren aldean, han patxadaz hartzen
dituzte gauzak.
Dokumentuaren akzioak