Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzaren bidez istorio bat kontatu edo emozio bat transmititu dezakezu"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzaren bidez istorio bat kontatu edo emozio bat transmititu dezakezu"

Aritz Lasarguren

Kriskitin dantza taldean zortzi urtegaz hasi zenean, pilotan eta futbolean ere bazebilen Aritz Lasarguren. Dantza munduan, motibazio geroago eta handiagoa aurkitu du urteotan. Iaz Bizkaiko aurresku txapeldun bihurtu zen, eta Kukai dantza taldeagaz formazioa hartzen dabil azken urteotan, dantza garaikidean trebatzeko. Dantzaren gaineko blog bat ere sortu du: www.linueaurreskuek.com
Komunikabidea
Anboto
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/01/24
Lotura
Anboto

Zelan animatu zinen Bizkaiko Txapelketara?

Duela hiru urte, Gasteizko txapelketara joan nintzen Julen Zarandonagaz, niregaz aurreskua dantza egiten duen lagunagaz. Mundu hori zelan doan ikusi genuen. Oraingoan, denbora gehiagogaz ibili naiz prestatzeko, eta Bizkaiko Txapelketara joateko moduan ikusten nuen nire burua. Eta azkenean, txapela etxera!

Zer behar du aurresku on batek?

Bizkaiko aurreskuak daukana da dantzari bakoitzak bere estilora dantza egiten duela; ez dago guztiz lotuta zelan izan beharko litzatekeen. Arintasuna, pausoen konplikazioa, erritmoa ondo eroaten den, ea hankak ondo altxatzen diren... Horrelako irizpideak izaten dituzte epaileek.

Dantza tradizionaletik dantza garaikiderako bidea egin duzu. Zelan izan da?

Txikitatik euskal dantzetan ibili naiz Kriskitinen. Gero, Donostiara joan nintzen ikastera, eta hango dantza talde batean hasi nintzen, Goizaldin. Ondoren, Kukaik formazioa ematen zuela jakin genuen Julenek eta biok, eta Errenteriara joaten hasi ginen. Dantza garaikidea lantzen hasi gara, eta koreografia berriak sortzen ere ikasten dugu, euskal dantzako pausoak oinarri hartuta; hori asko gustatzen zait. Aurten, gainera, Hostoak ikuskizunean eurekin dantza egiteko aukera eduki nuen Durangon, eta pozik.

Euskal dantzak eta dantza garaikideak, bakoitzak, zer ematen dizu?

Azken finean, dantza tradizionala niretzako oinarria da. Ni euskal dantzaria naiz. Dantza garaikideak sormena erabiltzeko aukera ematen du, eta koreografien bidez istorio bat kontatu edo emozio bat transmititu dezakezu. Dantza garaikidean oso gordin gabiltza, ez gaudelako ohituta mugimendu horietara. Txikitatik, euskal dantzetan gerritik behera egin izan ditugu mugimenduak, eta dantza garaikideak gorputz guztia naturaltasunez erabiltzea dakar. Euskal dantzak balletaren antz handiagoa du, hankak zuzen, puntak... beste estilo bat da.

Dantzariek hainbat ekitalditan dantza egiteko deiak jasotzen dituzue. Baduzu bereziren bat gogoan?

Orain dela gutxi, adibidez, Durangoko bonbardaketaren urteurrena izan zela-eta, ekitaldi bukaeran aurresku bat egiteko aukera eduki nuen Kriskitinen bidez, eta oso gustura egin nuen. Egia da ekitaldi batzuetan beste batzuetan baino gusturago dantza egiten dela.

Umetatik hasi eta dantzan jarraitzea ez da erraza izaten...

Txikitan futbolean, dantzan eta pilotan ibili nintzen, eta momentu batean ezin izan nuen denekin jarraitu. Hasieran pilota utzi nuen, ez zen nirea. Gero, dantza taldeak berak asko lagundu zidan dantzan jarraitzeko. Munduan zehar asko bidaiatzen genbiltzan, eta giroa oso ona zen. Momentu horretan, gainera, Jon Urretabizkaiak aurreskua erakutsi zigun Juleni eta bioi. Orduan 16-18 urte genituen, eta garai hura oso motibagarria izan zen. Akorduan daukat institutu garaian justu Txomin Agirreren liburu bat irakurtzen genbiltzala, esaldi bat agertzen zen eta esaldi hori neure bihurtu nuen: "Dantzariak burua arin, eta hankak arinago". Markatuta utzi ninduen.

Dokumentuaren akzioak