Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren bide berriak

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren bide berriak

'Bideak' ikuskizun berria prestatzen ari da Aukeran konpania; uztailaren 13an estreinatuko du, Donostian

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Urnieta
Mota
Albistea
Data
2006/06/21

Sutargi eta Izena duen guztia omen da aurreko bi ikuskizunekin badu antzekotasunik Bideak-ek, «Aukeranek zabaldu duen bide berean egina delako». Edu Murumendiarazek dioenez, «dantza tradizionalean oinarrituta dagoen ikuskizuna da, baina begi bistako ukitu garaikidearekin».

Hala ere, Bideak grabatutako musikarekin taularatuko dute, eta aurrekoetan zuzeneko musikaren doinuez mugitzen ziren dantzariak. Horretan izango da desberdintasunik. «Gure-gurea genuen musika zuzenean eskaintzea, baina apustu berria egin dugu, jende kopuru txikiagoarekin mugitzeko aukera handiagoa izango dugulakoan». 15 edo 18 kide izan beharrean, hamar baino ez dira izango ikuskizun berrian, guztiak dantzariak. «Atsegin dugun musika tradizionalaren gainean koreografia asmatzea izan da orain arte egin duguna; Bideak-en, aldiz, Xanti Basaurik melodia berriak sortu ditu propio gure koreografientzat».

Dantza tradizionalaren alorrean haustura nabarmena gauzatu zuen Aukeran-ek 90eko hamarkadaren amaieran, eta joera berria Sutargi-rekin berretsi zuen. Bideak-ekin haustura horrek jarraipena izango du, baina baita musikaren alorrean ere. «Dantzaren ezaugarri garaikidea bistakoa denez, musikan ere mugak haustea otu zaigu. Txalaparta-eta, badira, baina musika tresnen multzoa asko handitu dugu».

Gainerakoan, argien eta jantzien alorrek garrantzi handia izango dute taldearen ikuskizun berritzaileetan ohi den moduan.

ACROSPORT, SANBA ETA BATUKA. Koreografiei dagokienez, 11 piezak osatuko dute Bideak, 65 minutuko iraupenarekin. «Koreografia bi erabat garaikideak izango dira, baina nahasketak gailenduko dira batez ere. Esaterako, acrosport gimnasia teknikarekin sortutako tarteak izango dira, baita sanbarekin egindako batukaren tankerakoak ere».

Bestalde, dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizuna izango dela argi geratzen da, Gipuzkoako, Zuberoako eta Bizkaiko dantzetatik abiatutako koreografiak ere izango baitira. «Ikusleen artean dauden dantzariak ohartuko dira banako edo xuletino baten aurrean daudela, beste asko ez». Ikuskizunari osotasuna emango dio bertsoen edo abestien bidez, narratzaile moduko batek, «baina ez bertsolari tradizional batek».

Aurreko ikuskizunetan bezalaxe, Garbi Losadak eta Juan Antonio Vitoriak idatzi dute Bideak-en gidoia, eta eszenako zuzendaritza ere haien ardura izan da. «Gu dantzariak gara azken finean, eta antzerkiarekin lotutako beste alor horretan haien laguntza ezinbestekoa zaigu», azaldu du Muruamendiarazek.

Aukeran-ek Bideak ikuskizun berria lehen aldiz Donostian erakustea ez da nahi gabe egokitu den kontua. «Donostiako konpania izaki, han estreinatzea garrantzitsua zen guretzat. Gainera, Antzerki Azokaren barruan izanda, taula garrantzitsua lortu dugu Kursaalean».

Sutargi eta Izena duen guztia omen da ere Antzerki Azokaren egitarauaren barruan estreinatu zituzten. Dagoeneko ia hamar urte joan dira Aukeran sortu zenetik eta bost Sutargi lehen aldiz taularatu zutela. «Lau lagun hasi ginen orduan, zertan ari ginen ere ondo ez genekiela. Horregatik bizi dugun une onean egotea izugarria da guretzat. Azken hilabeteetan maila izugarriko dantza galetan parte hartzeko gonbitak jaso ditugu, esaterako, eta horrek ere bultzada handia eman digu».

Tradizioari esker baino gehiago, garaikidetasunari esker egin du aurrera Aukeran konpaniak, zuzendariaren ustez. «Tradizioari helduta jarraitzen baduzu aski ezaguna den mundua duzu aurrean, baina guri ateak garaikidetasunak zabaldu dizkigu, hori argi daukat». Hala ere, Edu Muruamendiarazek onartu du soilik Aukeranen jarduerarekin bizimodua ateratzea ezinezkoa dela gaur egun, «urtean 40 edo 50 agerraldi egiten diren arren».

xmartin@berria.info

############

Aukeran konpania

'Sutargi'

Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz.

Eszena zuzendaritza: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria.

Urtea: 2001.

Gidoia: Akelarrea suaren inguruan sortzen da. Suaren aurrean dantza egitea bizitza ospatzea izan da beti. Sutargi-k suak antzinatik izan duen adiera islatzen du.

############

'Izena duen guztia omen da'

Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz.

Eszena zuzendaritza: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria.

Urtea: 2004.

Gidoia: Euskal kulturaren antzinako mitoetan oinarritutako ikuskizuna da, kristautasuna heldu aurretik izan ziren sinesmenak gaitzat hartzen dituena.

############

############

############

«Egur handia jaso dut, baina berdin zait»

«Ni dantza talde tradizional batetik nator, eta uste dut urte hoberenak joan direla alor horretan». Dantzak bide berrietatik aurrera egiteko aukera handiagoak dituela argi dauka Edu Muruamendiarazek. «Herriko dantza talde asko desagertu egin dira azken urteotan, eta beste askok gorriak ikusten dituzte taldeari eusteko». Dantzari beste adiera bat emanda joera hori iraul daitekeela sinetsita dago. Eta ez dio axola dantza tradizionalean ari diren askok egiten dioten kritikak. «Nik egur handia jaso dut, eta badakit bide berrietan hasi nintzenean kritika egiten zidaten asko gauzak aldatzen hasi direla euren taldeetan. Puristek beti egingo dituzte kritikak, baina zer da purista? Estreinatzera goazen ikuskizuna zer izango da 25 urte barru, tradizionala edo berritzailea?». Kritikak direla-eta, haserretzeko garaia joan zaio, ordea. «Dagoeneko berdin zait. Gure munduan inbidia handia dago, eta inbidia txarra da. Nik atsegin dudana besterik ez dut egiten. Oinarria tradiziotik hartzen dut, baina nik bide berria zabaldu nahi dut».

############

Dokumentuaren akzioak