Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren arrakasta

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren arrakasta

Montecarloko Baleta

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2002/06/16

Nahiz eta Shakespeareren mitoaren hamaika bertsio egin izan den, Jean-Christophe Mailloten koreografiak onerako harritu gaitu. Egia da jatorrizko zutabe bikainen gainean eginda dagoela; hau da, Shakespeare eta Prokofieven lanetan, hain zuzen.



Baina txalotzekoa ere bada Tourseko dantzari eta koreografoak lortu duen musika eta dantzaren arteko inbrikatze bikaina, amodiozko agerraldietan esaterako. Monte-Carloko Baleta zuzentzen ia hamar urte daraman koreografo horrek dantza modernoaren moduak erabili ditu Veronako maitale aproposen istorio dramatikoa adierazteko. Estatubatuarren eskolatik gertu dago askatasun espresiboetan, baita urratsetan edo pantomiman ere; edota Fray Lorenzori ematen dion protagonismoan, demiurgo edo orojakile moduan jokatuko baitu bikotearen tragedian.



Baina Maillotek ez du, oro har, klasikotasunarekin apurtzen: batzuetan, dantza pausoetan edo jatorrizko Lavroskiren libretoari egiten dion estilizazioan baino ez; eta ukitu gabe, pentsatu ere ez, Prokofieven partitura bikaina.



Lan erakargarri honetan zerikusi handia izan zuten ondo hezitako dantzariek. Gaëtan Morlottik Fray Lorenzo saltseroaren rola dantza dotore eta estilizatuaz jantzi zuen. Bernice Coppietersek, Julieta bikaina karakterizatu zuen nerabe baten amodiozko komerietan. Chris Roelandtek Romeoren izaera dantzatua egoki egin zuen. Etxeko Asier Uriagerekak Teobaldo liskarzalea biribildu zuen —gaurko saioan Romeoren pertsonaia egingo duela iragarrita dago—.



Drudik, Peritzek eta Catalupok ondo dantzatu zituzten Merkutzio, inude eta Lady Capuletoren rolak, hurrenez hurren, gainerako taldekoek egin zuten moduan —iragarrita zegoena baino talde murritzagoa agertu zen, antzokiko neurrietara mugatuta edo...—



Ekoizpen ikusgarri horretan nabarmendu behar ditugu Ernest margolariaren eszenografia sinple baina eraginkorra: gurpilen gainean zihoazen panel okerrak, eta transparentziak, argiztatze esanguratsuekin agerraldi aldaketak egiteko; Kaplanen jantzi dotoreak: modernitate eta klasizismo garaietako gona luzeak emakumeentzat; ia garaiko arropa estuak gizonentzat; ederrak, ikuskizuna izan zen moduan.

Dokumentuaren akzioak