Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren ardatza

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren ardatza

Egilea
Idoia Etxeberria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Beasain
Mota
Erreportajea
Data
2008/02/25

Aspaldikoa da ohitura. «Beasainen errotuta dago, iniziazio erritu antzekoa da. Urtero dantza maisu batek dantzan erakusten die haurrei». Sokadantza. Ezpata-dantza. Hala hasi zen bera ere. «Oso modu naturalean. Gutxi izango dira herrian parte hartu ez dutenak!». Eta gustatu egin zitzaion. «Lasalle ikastetxearen dantza taldean hasi nintzen. 13-14 urte nituenean, Aurtzaka sortu zen. Eta hor jarraitzen dugu!». Dantza maisuetako bat da.

«Aitatxooo!». Bi haur korrika hurbildu zaizkio. Musu bana eman diote. «Zuek hemen? A zer kasualitatea!». Kioskoan jolastera datoz, eskolako lagunekin. Hiru seme-alaba ditu. Hirurak dantzazaleak. «Momentuz bai. Aita hain sartuta ikusten dute... beste erremediorik ez daukate gizajook!», esan du barrez. «Taldean 140 haur daude. Nik ez dut entsegu denetara joaterik». Familiaren kargu ere egin behar izaten du. «Lanaldia pixka bat murriztuta daukat». Umeak dira bere «poz iturri nagusia».

Sarriegi ezagun egin zen airean bi bira egiten zituelako. Umila denez, garrantzia kendu dio: «Akrobazia horiek... Gaur egun ez da hain zaila!». Baina duela hogei urte zen hori. Nacho Duato, Julio Boca eta Antonio Marquez dantzariekin oholtzara igo zen sasoian, aurreskua dantzatzera. Zazpi aldiz irabazi zuen Euskadiko Aurresku Txapelketa. Lehenengoa 19 urterekin: «Madrilen nengoen ikasten. Mendi Injeniaritza». Hori du lanbide: ingurumenarekin lotutako egitasmoak. «Lanaren erdia-edo etxetik egin dezaket; malgutasuna dut».

«Madrilen egin nituen sei urteetan ikasi nuen sukaldean. Beti gustatu zait. Dantzaren antzekoa da: nahastu, ez nahastu, zer nahastu...». Irakurtzea ere gustuko du, baina astirik ez du. «Bere garaian sari bat edo beste irabazi nuen, ipuin lehiaketaren bat». Gazteentzat nobela bat ere plazaratu zuen. «Utzita daukat aspaldi. Dantzarako garaia orain dut; zahartzean beharbada hartuko dut berriz».

Bidaiatzeko grina ere badu. Venezuela, Brasil, Italia, Kroazia, Kuba... makina bat tokitan izan da. Bere kabuz edo dantza taldearekin. Hori bai, patxadan egoteko edozein aukera ona dela dio. «Horixe dut kezka handiena, bizitzako erritmo gehiegizkoa!». Behar gutxirekin gustura bizitzea garrantzitsua iruditzen zaio. Kontsumismoaren katea apurtzea. Natura errespetatzea. «Gurasoen bidez garai bateko bizimodua ikusteko aukera izan nuen, baserrikoa. Aurrezteko eta gauzak berrerabiltzeko kultura ez da berria».

Dantzekin ere berdin: jatorrira bueltatzeko beharra ikusten du. Lan eskerga egin du Goierriko dantzak berreskuratzen. «Babestu beharreko ondarea da, baina ez euskal kultura bultzatzeko bakarrik! Fama txarra hartu du, eta duindu egin behar da. Etena egon da jatorriarekin... Dantzek jarraitu behar dute teknikoki oso onak izaten, baina jakin egin behar da nondik datozen: testuingurutik ahal den gutxien urrundu».

«Dantzak gorputzarekin eta buruarekin gustura egoteko aukera ematen dit». Eta disfrutatzeko bidea: «Lotsa galdua dut erabat! Fisikoki galdutako ahalmen asko horrekin konpentsatzen dira. Ez nuke esango duela 20 urte baino dantzari kaskarragoa naizenik!». Lasaia da. Eta alaia. «Oso baikorra naiz. Batzuetan baikorregia!».

 

 

PrInTzaK

1965. Beasainen jaio zen.

1983. Emazte duenarekin hasi zen.

1984. Euskadiko Aurresku Txapelketa irabazi zuen; lehen aldiz.

1996. Alaba izan zuten; hirutik lehena.

Dokumentuaren akzioak