Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren antzerkiratzea

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren antzerkiratzea

Pantxika Telleriaren 'Hiruki' eta 'Lauki' emango ditu Elirale taldeak, gaur, Miarritzeko Maitaldian

Egilea
Eneko Bidegain
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2003/09/14

Miarritzeko parke publikoko erakustaldi laburretik ikusten zen Telleriak landu ikusgarri berrian jendeen arteko harreman desberdinak barneratzen direla. Dantzariek pertsonaiak antzezten dituzte eta, honekin batera, pertsonalitate desberdinen gurutzatzeak. «Dantzaren antzerkiratzea landu nahi nuen», aitortu du Pantxika Telleriak. Lauki koreografian ahotsa eta irriak sartu ditu eta baita aurpegiak landu ere.



Lau dantzari dira. Lau pertsonaia. Lau pertsonalitate. Bat, «aski ironikoa» da, bertze bat «hauskorra», hirugarrena «lunatikoa» eta azkena «sentsuala». «Beraien oinarrizko izatetik harremanak sortuko dira eta batak bestearen gainean izanen duen eragina» agertuko da ikusgarrian. Telleriak jendeen arteko harremanak «bortitzak» ikusten ditu. «Gauza sinple batetik heldu gara, baina anitz konplikatzen ditugu. Agian beharrezkoa da, baina ez nago hain ziur». Azkaingo dantzariaren ustez, «nahiz eta gizakiak demokrazia eta hori guztia garatu duen, gizon eta emazteen arteko harremanak bortitzak eta konplikatuak dira».



Hala ere, egoera hori gustatzen zaio «koreografo gisa», hots «sinpletasuna eta bat-batean zerbait bortitz» gertatzea. Herenegungo emanaldian ez zuten dena erakutsi, baina «drama bat baino lehenxeago» gelditu zuten dantza zatia. Telleriak aipatzen dituen egoerak «mugimendu mailan atseginak» dira. Koregrafo lana gustatzen zaio eta ez da damutzen duela bi urte dantza irakaslegoa utzi izana, koregrafiari lotzeko. Gainera, bere taldeko kideekin batera lantzen du ikusgarria. «Abentura hori gustatzen zait».



Desberdintasun handiak



Hiruki obrak hiru dantzari biltzen ditu. Haatik, ez da hiru pertsonaiaren arteko harreman istorioa. Arras desberdina da, Telleriaren arabera. «Ez dago ia harremanik, begiradarik. Pertsonaiak atomoak bezala dabiltza». Lauki-ren «barnetasuna» bezala aurkeztu du. «Gure organoen bizia» kontatzen du, «abstraktua» da. Obra horrek bilakaera bat izan zuen. Iaz Eden ikusgarria aurkeztu zuen, «emaztetasuna» aipatzeko. Baina geroztik gauzak aldatu dira, dantzarietariko bat haurdun gelditu baitzen eta baita Pantxika Telleria bera ere. Haurdunaldiarekin, Hiruki eta Lauki ikusgarriei ere eman die bizia, haurra ukan berri duen emaztearen begirada berriarekin.

Dokumentuaren akzioak