Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarekin jostatzeko gogoz

Dokumentuaren akzioak

Dantzarekin jostatzeko gogoz

Dantza talde zenbaitek euskal dantzaren mugetan dauden esperientziak taularatu dituzte azken aldian: '0927. Zelda', 'Baküna Show', 'Istan-T', esaterako. Euskal dantzaz gogoetak partekatzeko aukera dira, baita gorputzaren hizkuntzaz, dantzatzeko plazeraz edota transmititzeko xedeaz ere.
Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/04/25
Lotura
Berria

Azkenaldian, biderkatu egin dira herriko dantzak eta dantza garaikidea nolabait nahasi nahi izan dituzten ikusgarriak. Nahiz eta ez den hain sinple jakitea, behin mintzatzen hasita, ikusgarri horiek aipatzean agertu garaikide hitz horrekin zehazki zer nahi duten azaldu: «Zer da garaikidea? Orain dantzatzen den dantza da», eta, beraz, justuki herriko dantzak barne, Lapurdiko Zarena Zarelako dantza taldeko Amets Lahetjuzanek azpimarratu duenez. Taldeak 0927. Zelda estreinatu du aurten.

Dantza garaikideaz hitz egitean dantza klasikotik gisa batez «libratu» zen dantzaren izena hartzen bada erreferentziatzat, orduan bai, hor lotura bat ikusten du garaikide hitzarekin Johañe Etxebestek. Zuberoako zenbait dantzarik muntatu Baküna Show-n parte hartu du. Zuberoako industrializazioren gainbehera aipatu nahi izan dute ikusgarrian, besteak beste. Eta hori, «nola adierazi hori dantzaren bidez? Horretan dugu gure garaikidetasuna; gure dantza erabiltzea beste zerbaiten adierazteko».

0927. Zelda-rekin ere, gaiak dituela garaikidera hurbilarazi dio Lahetjuzanek: «Presondegiaren gaia aipatzeko, euskal dantza bakarrik erabiltzea murritzegia zen. Dantza garaikidea gai hori errazkiago tratatzeko dantza estilo bat da, emozioak eta sentimenduak zabaltzeko. Euskal dantzan, gehienbat zangoek eta hankek dute lan egiten. Gaineko partea gutxiago erabiltzen da. Aberastasunak ere badira. Baina, halere, zurrunagoa da. Ez da deus egiten lurrean, adibidez». Alde horretatik, interesgarria ere izan daiteke, preseski, gorputzarekin egin esperientzien emaitzari so egitea, irakaspenak hortik ere ateratzen ahal direlako. Baküna Show-ri begira, adibidez, Etxebestek hauxe esan du: «Uste dut ez dugula gauza anitz irabazi historia horretaz. Mugimendu berriak ezarriz eta. Zertako ezarri mugimendu berriak? Zentzurik eta intentziorik gabe, egiazki, teknika hutsa izan da, amiñi bat». Lehen hiru emanaldiak eman dituzte teknika menperatu nahian: «Eta, gero, baratxe-baratxe, menperatu ondoan, hasi dira intentzioekin».

Eremu naturala non dagoen, hori ere zaindu behar dela dio Jon Mayak. Gaur Bilboko Loraldian Etorkizuna Kontzeptuak taldeak aurkeztuko duen Anton Abbadia ikusgarriaren koreografia asmatu du Mayak: «Non mugitzen ziren eta zein ziren beren gorputzen lengoaiak ikusten saiatu naiz, beraientzako naturala den eremu horretatik abiatzen. Bestalde, saiatu naiz ekarpen batzuk egiten, baina pieza oso beraiena izateari utzi gabe».

Giltza, intentzioan

Intentzio beharra, hori du gakoa Etxebestek. Eta hori transmititzea nehoiz baino ezinbestekoagoa egiten zaio: «Intentzioa ematea dantzari. Ez dantzan aritzea teknika batentzat, baizik eta zerbaiten adierazteko. Plazan dantzan ari zarelarik, aintzindaria zara, aintzindaria izan behar duzu. Ez zara hor puntuen lerrokatzeko. Dantzan zara ari, dantza eman behar duzu».

Teknika hor bada, intentzio horren laguntzeko da hor: «Teknikak menperatu eta non zaren badakizularik, denboran, espazioan, gorputzean, horrekin jostakatzen zara. Horrekin zaletzen zara, desplazamenduak luzatzen, tipitzen, sorpresak sorrarazten; horiek oro egiten ahal dituzu. Hor duzu intentzioa sortzen, agian».

Jostatu nahia, hori ere du ezaugarri Etorkizuna Kontzeptuak taldeak. Ihintza Irungarai kideak honela laburbildua: «Tradizionaletik heldu gara denak, eta horren beharra bada. Hori segur da. Baina gero, hein batetik gora, horrekin jostatzen ahal da. Arte guzietan bezala. Sorkuntzaren esentzia hori da, beste zerbait asmatzea nahiz eta jatorritik abiatu».

Halere, elkarrizketatuek, oro har, ez dituzte herriko dantzak eta dantza garaikidea oposizioan ikusten. Argi daukate euskal dantzan bertan badela zer egin, eta badirela bideak nondik arakatzeko. Gipuzkoako Kukai dantza taldeko Jon Mayak honela dio: «Uste dut dantza tradizionalak gaur egun erakusten duen baino aberastasun eta dohain gehiago dituela, bai inprobisazio mailan, bai gizarte mailan, bai erritmo eta urrats aberastasun mailan, zentzu askotan. Eta, agian transmisio horren sinplifikazioagatik eta dantza tradizionalaz egin den erabilpenagatik, hainbat gauza galdu egin dira». Kukairekin badira hamalau urte eremu horiek oro ari dela arakatzen Maya, hain zuzen. Tattanka taldeak Hazipenen Pozak estreinatuko du bihar Bilbon, Loraldiaren karietara hori ere.

Transmisio hori, preseski, esperientzia horien beste hitz gako bat da. Elkarrizketatu guztiek gaztetxoak dituzte gogoan. Euskal dantza ez galtzea dutela xede diote. Garaztarrak taldeak Istan-T estreinatu berri du, eta ikusgarria taldeko dantzari gazteagoek ikusi izana garrantzitsua zaio Etxeberriri: «Uste dut hori dela inportanteena, funtsean. Pixka bat aitzinarazteko gauza. Bakoitzak bere denboran gogokoak dituen gauzak egi ditzan». Gazteagoak ere «ausartu» daitezen: «Eta horrela dantzak ere segitzen du», Etxebesten hitzetan.

Dantza ttipitik bizi dute elkarrizketatuek, eta ttipitik maite. Zuberoan, Baxenabarren eta Lapurdin galdu ez den zerbait euskal dantzarekiko atxikimendua izan daiteke. Haurrak kasik automatikoki jartzen dituzte anitzek dantzan herriko euskal dantzetan. Dantzaz bestalde, beste hamaika arrazoi aurkitzen dira hor. Baina emaitza hori da. Haur anitz badela dantzan ari, hasiera batean; gero, berriz, anitzek uzten dute.

«Nola interesarazi dantzari?» galdera dauka beti gogoan Etxebestek, bereziki mutikoei begira, horiek baitute abandonatzen lasterren. Adina aitzinatu arau dantzarien kopurua txikitzen ikusten zutelako ere sortu zuten Etorkizuna Kontzeptuak taldea: «Gure herriko dantza taldeetan, adin batetik goiti ezin dugu gehiago dantzatu, gazteak joaten baitira», esan du Irungaraik. Nonbait eskas beretatik ere bildu dira Baküna Show-koak. Eta hortik galdera: «Nola irakatsi dantzan plazer hartzen ahal dela. Zertako dantzan ari garen?». Horren erantzunetako bat dantza «kultura baten barnean» irakastea dela azaldu du Etxebestek: «Erakustea euskal balioa dantzan. Beharbada ez dira dantzari hobeak izanen, baina ezagutuko dute beren kultura, euskara baliatuko dute. Ideia dukezu ikus dezaten dantza arte baten gisan».

Transmisio istorio, tradizio eta garaikide kontu, hemendik eta 50 urtera begira ez direla jarri diote elkarrizketatuek. Ez dituztela sorkuntzak pentsatu denborarekin tradizio bilakatzeko asmoz. Horretaz zer dioten galdegin, eta Etxebestek irriz iharduki du, adibidez: «Ze errespontsabilitatea!». Horri begira, Baküna Show ikusgarria agian «joankorra» dela aitortu du. «Baina, berriz, hor batzen ahalko da arrazoibide bat. Gauza berrien sortzeko nola egiten dugun».

1

1 JEAN LOUIS BELHARTX / EZEZAGUNA

Dokumentuaren akzioak