Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarekin apurtzea

Dokumentuaren akzioak

Dantzarekin apurtzea

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Etxarri Aranatz
Mota
Albistea
Data
2023/10/02
Lotura
Guaixe
Martin Los Arcos Loops eta Marcia Vazquez Disiden.Cia konpainiako dantzariak. UTZITAKOA

Martin Los Arcos eta Marcia Vazquez dantzariek osatzen duten Disiden.Cia dantza konpainiak hilabeteko arte erresidentzia egin du Etxarri Aranatzen. 'Bipedestrucción', emaitza, kultur etxean erakutsi zuten.

Martin Los Arcos Loops eta Marcia Vazquez dantzariak La Faktorian, Laida Aldaz artista etxarriarrak zuzentzen duen zentro koreografikoan elkar ezagutu zuten, bertan ikasten ari zirela. "Hasieran ez genuen elkarrekin dantza egiten, baina Marciaren azken ikasturtean dantza egiten hasi ginen eta txinparta bat sortu zela ikusi genuen", azaldu du Los Arcosek. Momentu horretan Vazquez dantza erresidentzia bat egiten ari zen Caceresko herri batean, "eta bakarrik dantzatzeaz ere nekatuta nengoenez", Los Arcosi zerbait elkarrekin egitea proposatu zion. Horrela sortu zen Disiden.Cia konpainia eta Bipedestrucción-en lehenengo urratsak. "Hasiera batean hamabost minutuko pieza laburra sortu genuen, eta orain, Etxarri Aranatzen 50 minutukoa, aretoetarako, sortzen aritu gara". Zehazki ekaineko aste bat eta iraileko hiru aste egon dira dantzariak Etxarri Aranazko kultur etxean sortzen, eta obraren dramaturgian zentratu dira. Erresidentziarekin batera San Donato ikastetxeko seigarren mailako ikasleekin bitartekaritzak egin dituzte. "Oso esperientzia ona izan da. Oso pozik gelditu ginen". Erresidentziako prozesuaren erakustaldia egin zuten irailaren 29an, kultur etxean.

"Disidentzia zentzu askotan: identitarioa eta dantzarekiko; estrukturalki inposatuta dagoenarekin apurtzen saiatzen gara". Los Arcosek eta Vazquezek "dena" zalantzan jartzen dute: "estetika, dantzaren printzipioak, genero rolak...". Haien dantza estiloa "izugarria" bezala deskribatu dute: "Dena galdetzen dugunez, jaiotzean esleitu zaigun rol generoari buruz asko pentsatu dugunez, horiek apurtu nahi ditugunez, eta dantzak izan behar duen fintasun horretatik ihes egiten dugunez, guztiz kontrakoak diren mugimenduak sortzen dira, munstroen mundu batera eraman gaitu", azaldu du Vazquezek. "Munstroak, jolasa eta orain ere hitza erabiltzen dugu". Ikuskizunean hitz egitea "erronka" bat dela esan dute biek. "Uste dugu garrantzitsua eta polita ere badela, nolabaiteko ahultasun bat ere badago. Ikustea ez dugula dena kontrolatuta, ezta gutxiago ere". Dantzarekin "apurtzen" saiatzen dira.


Disiden.Cia dantza konpainiako kideak. UTZITAKOA

Etxarri Aranatzen egotea "oso ongi" egon dela esan dute. "Kultur etxearen giltzak eman dizkigute eta hori oso ongi dago sormenak ez duelako ordutegirik. Orduan, hemen egon ahal izan gara nahi izan dugun guztia". Urrats bat gehiago eman dute, eta dramaturgia eta historia borobildu ez ezik, Laura Merchanekin eta Alexis Dafoirekin jantziteria eta musika prestatzen aritu dira, hurrenez hurren. 

"Bipedestrucción planeta honetara iristen diren bi izaki dira. Hasieran badirudi dena aztertzen ari direla. Irudi arraro samarra dute eta orduan jendeak etengabe epaitzen ditu. Planetara egokitzeko rol desberdinetatik pasa behar dira, eta menderatuta daude: genero rolak, ibiltzeko modua, mugitzeko modua... Baina hori ez da beraien gorputzean sartzen, antiorganikoa egiten zaie, eta erabakitzen dute bizirauteko modu bakarra elkarrekin egotea dela", azaldu du Vazquezek. Lanak animaliekin eta kimerekin zerikusi handia duela azaldu dute dantzariek. "Kimerak animalien konstrukzioak dira eta, azkenean, izaki guztiak gara kimerak bezala, esperientzia eta identitate desberdinetatik gatoz, eta denboran zehar mutatzen eta transformatzen gaituzte".  

Haurrendako dantza garaikideko lan bat da Bipedestrucción. "Guk ere ez dakigu nola egiten den dantza garaikidea haurrendako. Lehenengo erresidentzia jolasaren bidez inprobisatzen hasi ginen eta konturatu ginen haur alde hori ateratzen ari ginela. Haurrendako pieza bat izan zitekeela pentsatu genuen", azaldu du Los Arcosek. Gerora konturatu ziren erronka bat zela. "Egia da batzuetan arazo gehiago dagoela helduekin haurrekin baino. Lantzen ditugun gaiak kontu handiarekin lantzen ditugu". Zaila dela aitortu dute. "Mugimendua askotan ulertzeko zaila da, guretako ere; orduan, saiatzen gara ekintzekin eta hitzekin laguntzen narratiboagoa izateko". Familiarteko ikuskizun bat da, baina nerabeendako oso egokia dela esan dute dantzariek ere. "Nerabeek genero identitatearen eztabaida badute, eta interesgarria da beraiendako". Gainera, nerabeak antzokira gerturatzeko modua da ere.

Bitartekaritzak

San Donato ikastetxeko ikasleekin bitartekaritzak egin dituzte

San Donato ikastetxeko seigarren mailako ikasleekin bi bitartekaritza egin dituzte: alde batetik, marrazkien bidez pertsonaiak sortu eta karakterizatu zituzten eta, bestetik, pertsonaia horiek "mugimenduan" jarri zituzten. "Bakoitzak kimerak edo pertsonaia fantastikoak sortu zituen, izenak jarri genizkien eta hurrengo tailerrean kimera horiek gorputzera eraman genituen mugimenduaren bidez". Tailerren ondoren solasaldia egin zuten gaztetxoekin eta "oso pozik" gelditu ziren. "Nor zara zu? liburua oinarri hartu genuen eta generoari buruz hitz egin genuen. Oso pozik gelditu gara oso kontzientziatuta ikusi ditugulako. Laguntzeko asmoa zuten". Haurrekin eta gazteekin egiten dituzten bitartekaritzak, Etxarri Aranazkoa barne, pieza "guztiz" alda dezakete. "Gure ideia zen pieza hau ez izatea pieza eszeniko bat bakarrik, baizik eta akzio bat izatea. Lan fisikoa eta identitatearen inguruko zalantzak konpartitzen ditugu, eta feedback-a jasotzen dugu ere". 

Nafarroako Gobernuko DNA dantza garaikideko programari esker iritsi da Disiden.Cia konpainia Etxarri Aranatzera eta programarekin eta herriarekin "oso pozik" daude. Vazquez galiziarra da, eta egoerak alderatuta "ikusten dut ekonomikoki laguntza handi bat dagoela eta eskertzen da. Azkenean, ikuskizunaren aurretiko lan hori lana bada". Herriari dagokionez "lanetik ateratzea eta paisaia izugarri batekin topatzea, arnastu ahal izatea... Herria ere oso inspiratzailea da". "Indar handi bat" nabaritzen dela esan du Vazquezek: "Sozialki oso aktiboa da, eta egiten ari garena soziala eta politikoa ere bada, orduan, kalean gertatzen denaren gertu gaude ere". Los Arcosek, gainera, euskara praktikatu ahal izan du: "Aspaldi ez nuela euskaraz hitz egiten eta dei egiten zidan horregatik ere".

Dokumentuaren akzioak