Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzarekiko oso ikuspegi homogeneizatzailea eskaintzen da Euskal Herrian"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzarekiko oso ikuspegi homogeneizatzailea eskaintzen da Euskal Herrian"

Idoia Zabaleta, Koreografoa eta dantzaria

Biologoa da ikasketaz, baina dantzaren munduan egindako urratsek ezagutarazi dute Idoia Zabaleta. Atzerrian ikasi arren, Euskal Herrira itzultzeko hautua egin zuen gasteiztarrak. Bere ibilbidearen nondik norakoak ez ezik, dantza garaikideak Euskal Herrian bizi duen egoera ere izan dugu hizpide
Egilea
Izaro Aulestiarte
Komunikabidea
Deia
Mota
Albistea
Data
2013/03/28
Lotura
Deia

Dantzari, koreografo, sortzaile, artista. Idoia Zabaletak (Gasteiz, 1970) bere burua aurkezteko termino anitz erabil ditzake, testuinguruaren arabera. Beretzat, “ofizio bat” da dantza, “bere tresna, bulego eta artifizioekin”. Eta arlo horretan inprobisazio zalea dela ere jakin dugu: “Asko landu dut. Bat-batekoan, eszenatokian gertatzen diren gauzen arteko erlazioak azkar ulertzeko tresna da, eta aldi berean erlazio horiek dinamika batean sartzeko balio du. Bestemodu batean esanda, eszenatokiaren gainean elkar egoteko eta elkar bizirauteko balio duen tresna da”.

Biologoa zara. Nolatan dantza munduan?

Gimnasia erritmikoa egiten nuen Biologiako fakultatean ikasten hasi nintzelarik. Bigarren kurtsoan nengoela, Moare Danza elkartearen eskutik dantza garaikidearen barnean Dantza Berriaren berri izan nuen. Release eta inprobisazio teknikak ikasten hasi nintzen, fakultatean fisiologia begetaleko laborategian mikorrizei buruzko ikerketa batzuetan lanean nengoen aldi berean. Ekosistema eta populazio dinamiketan espezializazioa bukatu nuenean, ingurune akademikotik kanpo ikasten hasia nintzen inprobisazio tekniketan murgiltzea erabaki nuen. Jakin-minak eta iturriak ezagutzeko desirak kanpora eraman ninduten, kanpora joateko garaia den gaztetasun horretan. Florentzia, Amsterdam eta New York izan ziren bi urtez ikasten jarraitzeko gune aproposak, dirulaguntzei esker. Nik beti diot hasiberrien zori ona izan nuela.

Biologiako ikasketak dantzan aplikatzen al dituzu?

Ez ditut kontzienteki horrela, zuzen, aplikatzen. Aspaldi bukatu nituen unibertsitate ikasketak. Baina egia da lan prozesuetan, gauzen arteko erlazioak eta funtzionamenduak ulertzen saiatzen naizenean, organismo bizien antolamendu ereduetatik datozen analogiak erabiltzen ditudala askotan. Urrutira joan gabe, AZALA egituraren izena ez dator irudi poetiko batetik, mintza baten ingurunean gertatzen diren iragazkortasun eta osmosi prozesuaren ideiatik baizik. Era berean, nire pentsatzeko modua, eta ingurunearekin erlazionatzekoa, erabat rizomatikoa da eta erlazio sinbiotikoak antolatzen saiatzen naiz. Energiaren prozesuak ere –entropia, transformazioa, agortze prozesuak– asko interesatzen zaizkit; eta ideiak baino gehiago, funtzionatzeko moduak dira.

Dantza Berria korronteko ikasketak egin zenituen Julyen Hamilton, Alessandro Certini, Katie Duck eta David Zambranorekin, besteak beste. Zer ikasi zenuen haiekin?

Gauza asko, eta ezin hitz gutxitan laburtu. Orain, denborarekin ikusita, esango nuke niretzat maisuaren figura izan zirela, ikasten birjina nintzen garai haietan. Nik insistitzen nuen, nonahi jarraitzen nituen Julyen eta Katie.

Ikaskuntza garai batean garrantzitsua da jarraitzen duzun maisu edo erreferentzi horren figura. Jarraipenaren eta intentsitatearen esperientzia garrantzitsua izan zen. Gaur egun, kurtso eta gauza asko egiten ditugu aldi berean, ikaskuntza prozesuak informazio kontsumo bilakatuz. Dena den, ez dut sekula honetaz gehiegi pentsatu, sentsazio bat baino ez da.

80ko hamarkadan kanpora joan ziren beste hainbat euskal dantzari ere, baina haiek ez dira itzuli. Horregatik esan izan duzu lehen belaunaldia zuek osatzen duzuela?

Bai. Ez ziren sormenerako azpiegiturak mantendu, ezta lan egiteko baldintza egokiak sortu ere. Era berean, esan behar da 80ko hamarkadan Euskal Herrian antzerki programazioa egungoa baino arriskutsuagoa, berriagoa zela.

Gaur egun, 35-45 urte ditugunon belaunaldia gara dantza alorrean nagusienak. Beste arte diziplinetan ez da hala gertatzen, ezta beste lurraldeetan ere, noski.

Eta zer suposatu dizue horrek?

Batetik, dena egiteko zegoen eta hori ondo zetorkidan nire funtzionatzeko modurako. Bestetik, zugan gehiegizko espektatiba moduko bat proiektatzen zen, bai erakundeen aldetik bai lankideen aldetik; eta horrek ez du laguntzen sormen prozesuetan askatasunez lan egiten.

Baina ez nuke esango gaudenok hau lar jasan dugunik. Oso gutxik bete ditugu espektatiba haiek.

Zure lanak oihartzun handiagoa du atzerrian. Kanpoko kide batzuekin aritzen zara elkarlanean, ezta?

Bai, hala da. Lisboako Filipa Francisco koreografoarekin eta Erromako Antonio Tagliarini koreografoarekin egin ditut azken elkarlanak.

Aurrera begira ere kanpoko hainbat koreograforekin lan egiteko proposamenak ditut.

Euskal Herrian zeintzuk dira dantza garaikidea publikoari heltzeko dauden aukera nagusiak?

Bilboko Fundición aretoa, Artium, Alondegia aurten hasi da, Bilboko BAD jaialdia, BizBAK eta Mugatxoan egiten diren proposamenak lirateke dantza eta eszenarekiko irizpide ireki eta aktualenak aurkezten dituztenak. Azkenaldian dantzarekiko beste proposamen batzuk ere hasi dira zabaltzen: Pabellon 6, L´mono, 150 gr. eta Scratxe Gauak Gasteizko proposamen berriak…

Nolakoa da Euskal Herrian dantza garaikidean egiten den programazioa?

Eskasa da oso, murritza. Ez dago batere gaurkotua. Dantzarekiko oso ikuspegi homogeneizatzailea eskaintzen da oro har, egun dantzaren izenean oso gauza desberdinak egiten badira ere. Anitza izan daitekeen dantza programazio jarrai eta mamitsu bat egiteko gai diren programatzaile oso gutxi daude Euskal Herrian. Eta manifestuarekin bukatzeko, antzokietako oso programatzaile gutxik sustatzen dute euskal koreografook egiten dugun lana.

Bada aukerarik Euskal Herrian bertan dantza ikasi eta sormena garatzeko?

Bai, noski. Galdera tranpa da. Euskal Herrian dagoen norbait Estatuan dago, Europan dago… Gaur egun mugikortasuna da sortzaileen baliabideetako bat.

Jaurlaritzak laster irekiko omen du arte eszenikoen goi mailako eskola Bilbon…

Ziur al zaude? Informazio berririk duzu? Bazirudien 2012-13rako izango zela, baina hainbat hilabetetan ez dugu berriz ere proiektuaz jakin. Badakigu nolakoak diren politikarien agintzariak… Dena den, espero dut atzeragabeko proiektua izatea, aspaldian lantalde baliotsua baitabil lanean, eta lehen baino lehen martxan egotea. Bada garaia.

Azala Espazioa sortu zenuen Juan Gonzalezekin batera 2008an. Zer moduz?

Lanez gainezka, baina pozik. Lan talde txiki eta polita osatu dugu Juanek, Ixiar Rozasek eta hirurok. Askatasunez eta erantzukizunez egiten dugu lan, eta harrera oso ona ari da izaten. Garatzeko ideiak sobera ditugu. Tokia polita da, batik bat orain, udaberrian. Inguruneko sormen artistikoaren ekosistema abonatzen saiatzen gara, lanerako (ikerkuntza, formakuntza, sorkuntza) baldintza egokiak sortzen saiatuz. Bestalde, oraindik Arabako erakundeetatik proiektuak sustatzeko jarreren zain gaude.

Zer proiektu duzu orain esku artean?

Sortzaile moduan, 17-18 urteko sei gazterekin lan berri bat egingo dut aurten, Oihuaren ideiaren inguruan; hitz ideologikoa eta hitz basatia gurutzatzen diren toki horretan arituko gara. Bestalde, Espe Lopez antzezlearekin ere elkarlanean arituko gara, berak proposatutako testu baten inguruan aztertzen hasteko. Eta ilusio handiz gabiltza lanean Isabel de Naveranekin batera antolatuko dugun Lanbroa udako ikastaroaren programan ere; lainoa gustuko duten pertsonei zuzendutakoa da (Artiumen ospatuko da, uztailean).

Eta aurrera begira, zer erronka?

AZALAn hainbat lan ildo berri abiatu nahi ditugu. Besteak beste, sortzen ari den materialarekin lotutako publikazioak jarri nahi ditugu martxan. Lurraldearekin (paisaia, nekazal bizimodua, ingurugiroa…) erlazionatutako gaietan ere gehiago sakondu nahi dugu, lantaldeak osatuz, eta formakuntza programa ere sendotu nahiko genuke. Lehen esan bezala, orain Arabako hainbat erakunderen laguntza lortzea da erronketako bat.

PUBLIKOA, BETI GOGOAN

“Publikoaren ideia hain da orokorra eta abstraktua… Baina bai, nire lana ikusentzulegoari zuzenduta dago beti: klaseak ematen ditudanean, piezak taularatzean, baita ikerkuntza prozesuetan ere”, dio Zabaletak. Elkarrizketa hau eskaintzean ere irakurlea du gogoan: “Dantzari buruz zer edo zer jakingo duen, aurretik ezagutuko nauen ala ez, halako elkarrizketa modua interesatuko ote zaion… Gero -erantsi du-, ikusentzule horrekiko lantzen ditudan harremanetarako egoerak, baldintzak, desberdinak izan daitezke kasu bakoitzean”.
Araban den Azala Kreazio Espazioa Idoia Zabaletak sortu zuen 2008an Juan Gonzalezekin batera.

Araban den Azala Kreazio Espazioa Idoia Zabaletak sortu zuen 2008an Juan Gonzalezekin batera. (DAVID DE HARO)

Dokumentuaren akzioak