Dokumentuaren akzioak
Dantzarako koloreak
Dantzarako koloreak
Hutsune bati erantzuteko sortu dute liburua Duguna
dantza taldeko kideek. «Haurrek dantzaren eta folklorearen ingurukoak
lantzeko material gutxi dugu gure herrian», azaltzen du Aritz Ibañez
dantzariak, eta zulo hori betetzeko asmoz sortu dute liburua, eta
Urmenetaren laguntza izan dute horretarako. 32 marrazki dauzka guztira
liburuak, margotu beharrekoak guztiak, eta Nafarroako pertsonaiak ageri
dituztenak. Besteak beste hauek dira liburuan daudenak: Otsagabiako
dantzariak, Lantzeko inauterietako pertsonaiak, San Lorenzoko
dantzariak, Monteagudoko paloteadoko dantzariak, eta Elizondoko
mutil-dantzariak.
Hiru hitzen batuketa da liburua Urmenetaren
ustez. Dioenez, erro beretik datoz liburu, libre eta libertitu hitzak,
eta hirurek egiten dute bat Koloreaga liburuan. Hala dio
Urmenetak. Lehenik, liburu bat da liburua; bigarrenik, «libre» egiten du
irakurlea, bere inguruko ohiturak ezagutzeko eta mundura bereizgarri
horrekin begiratzeko balio duelako, mundura nortasun propioz ateratzeko.
Hirugarrenik, «libertitzeko» ere balio du liburuak Urmenetaren
hitzetan, marrazkiak koloreztatuta, gozatu egiten delako.
Etorkizuneko dantzariak
Euskara
hutsez dago egina liburua, Urmenetak azaldu duenez, baita «XXI. mendeko
balioei erreparatuta» ere. Izan ere, etorkizuneko dantzariengan du
jarria begia Koloreaga-k. Dantzariek ageri dituzten ezaugarriak
dira horren froga. Arraza eta kolore guztietakoak dira pertsonaiak,
Urmenetaren hitzetan, kultura ezberdinen joan-etorriak tarteko halakoak
izango baitira etorkizuneko dantzariak, eta hala marraztu ditu
horregatik berak ere.
Coloreage esaten zaie frantsesez
koloreztatzeko gisa honetako liburuei, baina euskaraz ez zegoen
horretarako hitzik, eta sortu egin behar. Antton Olariaga marrazkilari
ezagunaren abizenari keinu eginez, kolariaga hitza proposatu zuen
Urmenetak, baina Euskaltzaindiari galdetuta, azkenean, koloreaga hitza
hautatu dute marrazkilariak eta Duguna taldekoek liburuaren
izenbururako.
Iruñeko Abarzuza liburu dendan eta Karrikiri dendan
eros daiteke liburua 10 euroren truke, baita Duguna dantza taldearen
bidez ere, posta elektronikoz eskatuta; duguna@duguna.org helbidera idatzita eska daiteke.
Dokumentuaren akzioak