Dokumentuaren akzioak
Dantzarako jarrera hartuta
Plaza giro
Pianoaren notak ozen entzuten dira, gela haurrez beteta badago ere;
badute-eta kontzentrazio handia eskatzen dien zeregina: pianoaren notei
segitu eta, aldi berean, ispiluaren eta beraien artean dagoen
irakaslearen urratsei. 30 neska eta mutil bat dira dantzan hasten
lehenak, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Donostian antolatu
dituen ikastaroetan. 10 eta 12 urte bitartekoak dira, eta dantza
klasikoan hasierako maila egitera joan dira. Euren hiri edo herrietako
eskoletan ibilitakoak dira, baina esperientzia handiko beste irakasle
batzuen bidez dantzarako urrats berriak ikasteko aukera dute egunotan,
eta ikasteko beste modu batzuk ikusteko.
Arteleku hartu dute egoitza bost egunetarako. Atzo hasi eta
asteartera arte dantza eskola bihurtuko da. Joan-etorria hasi da;
txikienen ondoren nerabeak sartu dira, erdiko mailan, eta horietako
askok maila aurreratuan errepikatuko dute gero, irakasle lanetan hasiak
diren helduekin batera. Ikastea baitute bereziki helburu, behin klasea
amaituta sentitzen duten atsegina eta lasaitasuna ezkutatzen ez duten
arren. Dantza doinuak Alberto Sagardiaren pianotik zuzenean entzuteak
ere izango du eragina.
Angeles Lacalle irakaslearen aholkuak ere ez dira
urduritasunerako arrazoi izan. «Ez ezazue pentsatu hurrengo urratsa
nola irtengo zaizuen, kontzentra zaitezte momentukoan, eta gaizki
ateratzen bada ere, jarrerari eutsi».
20 urtetik gora dira Gabonetan ikastaro hauek antolatzen
direla, eta beste irakasle batzuekin ikasteko eskaintzen den aukera da
gehien erakartzen duena, Maria Eugenia Maisuetxearen ustez. «Irakasle
bakoitzak bere modua du eta dibertsifikatze hori oso garrantzitsua da
dantza ikasteko. Pedagogia aldatuz joan da, gainera, eta irakasleak
gehiago hurbiltzen zaizkie orain ikasleei, ez dira horren hotzak».
Gipuzkoako Dantza Profesionalen elkarteko kide da Maisuetxea, eta
Euskal Herritik kanpoko irakasleak ekartzeko egiten duten ahalegina
nabarmendu du.
Garaikidea eta jazza
Arrakasta gehien dantza klasikoak eta garaikideak badute ere,
jazzean gero eta jende gehiagok ematen du izena. Azken bi estiloak
ikastera jende heldua joaten da batez ere. «Dantza ikasitakoak eta utzi
zutenak, edo heldutan ikasten hasi direnak ere bai». Arratsaldeetan
izango dira dantza klasiko eta jazz dantza eskolak: hasierako mailan
batetik eta, erdi maila eta goi mailan, bestetik. Erick Jimenez da
garaikidean irakasle eta Patrice Valero jazzean.
Gabonetako oporrak disfrutatzeko modu ona dira ikastaro hauek
Artelekura dantzatzera joandakoen iritziz, baina bereziki ikasteko eta
hobetzeko baliatzen dituzte. Jarrera horrek erakusten du, Dantza
Elkarteko kideen ustez, dantzaren irakaskuntzak Euskal Herrian duen
hutsunea. Beste herrialdeetan bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan ere
irakaskuntza arautua eskainiko duten egoitzak aldarrikatzen dituzte.
Dokumentuaren akzioak