Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarako gogorik ez da falta

Dokumentuaren akzioak

Dantzarako gogorik ez da falta

Mendekoste festak Lezon

Gaur hasiko dituzte Lezoko Mendekoste jaiak. Lezoko Dantzazaleak taldeak emanaldia egingo du bihar, musika bandarekin. Sagardo dastaketan, 'Mahai gaineko dantza' egingo dute.
Egilea
Urtzi Urkizu
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/06/02
Lotura
Berria

Azkeneko urteko ondasunak bilduta, Zabarre pirata Lezoko (Gipuzkoa) kaira iritsiko da gaur arratsaldean. Ongietorria egingo diote lezoarrek —pirataz mozorrotuta joatea proposatzen dute—, eta, ondoren, pirata txikiek pregoia irakurriko dute Gurutze Santuaren plazan. Horrela hasiko dituzte Mendekoste jaiak.

Baina pirata bihurrien kontuez gain, Lezoko jaian bada zertaz gozatua. Euskal dantza tradizionalez, esate baterako. Bihar, 12:00etan, erromeria egingo dute kaskoko kaleetan; Lezoko Dantzazaleak taldeak joko du. Talde horrek emanaldia egingo du 13:00etan, Gurutze Santuaren plazan, Lezoko Udalaren musika eskolako bandaren laguntzarekin.

Gurutze Alberdik sortu zuen Lezoko Dantzazaleak taldea, 2009. urtean. «Proposamena egin nuen hainbat euskal dantza erakusteko. Herritar asko prest azaldu ziren, eta horrela hasi ginen, gaur arte». 50 lagun inguru daude taldean. «Gazteenak 25 urte ditu, eta zaharrenak 79 urte». Garai bateko jantziak erabiltzen dituzte jaietan, XX. mende hasierakoak.

Bihar arratsaldean ere ariko dira dantzan Lezoko Dantzazaleak. XIX. Sagardo Eguna ospatuko dute Gurutze Santuaren plazan, 18:00etatik aurrera, eta Mahai gaineko dantza egingo dute. «Markina-Xemeingo [Bizkaia] dantza bat da, baina guri Ipar Euskal Herriko dantzari batzuek erakutsi ziguten», zehaztu du Alberdik. «Sagardoaren bueltan dantzatzen da, mahai gainean. Badira zazpi urte sagardo egunean dantzatzen dugula». Jatorriz mutilen dantza zela oroitarazi du dantzariak. «Baina gu emakumezkoak eta gizonezkoak aritzen gara dantzan».

Lezoko Dantzazaleak taldeko sortzailearentzat «pozgarria» da jaietan izaten duten harrera. «Azken finean, dantza tradizionalekin jarraitzen dugula erakustea da. Garrantzitsua da antzinako dantzak ez galtzea». Alberdik nabarmendu du Errenteriako eta Irungo (Gipuzkoa) herritarrek ere parte hartzen dutela haien taldean. Urte osoan, dantza ikastaroak antolatzen dituzte, eta herritar guztientzat irekiak direla nabarmendu du Alberdik. «Beti gaude prest dantza erakusteko. Hau ez da etekin ekonomikoak ateratzeko».

Mendekosteko urteroko ekitaldiez gain, bestalde, izango da berrikuntzarik Lezoko jaietan: aurreneko aldiz Oiartzualdea eskualdeko motozaleen topaketa egingo dute. Bihar, 09:30ean bilduko dira Lezotarra tabernaren ondoan. Gero, bazkaria egingo dute Tiñelun, eta, bitartean, motoak ikusgai izango dira.

Bihar gaueko musika emanaldia ere berezia izango da, Usurbilgo musika eskolako (Gipuzkoa) taldeen kontzertuak izango baitira. Horrela, inguruko herrietako talde gazteei bultzada eman nahi die Lezoko Udalak.

Lezoko Dantzazaleak taldeko dantzariek XX. mende hasierako jantziak eramaten dituzte soinean jaietako saioetarako.

Argazkia: BERRIA

Dokumentuaren akzioak