Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzarako asteburua, Loraldian

Dokumentuaren akzioak

Dantzarako asteburua, Loraldian

Festibalak dantza alorreko hiru ikuskizun berezi proposatzen ditu: Sagartu, Oteizak 110 eta Lekeitioak

Aurreko astean Loraldia Festibalak arrakasta handia lortu bazuen ere, dantza izango da protagonista jaialdiaren bigarren asteburuan hiru ikuskizun bereziekin. Astearteko prentsaurrekoan Aitor Narbaiza, Loraldia Festibaleko produkzio arduraduna; Agurtzane Intxaurraga, HIKA teatroko zuzendaria; eta Jon Maya, Kukai dantza taldeko zuzendariak, azpimarratu zutenaren arabera, , eta lanek «harreman estua daukate euskal kulturaren unibertso, erreferentziazko izen eta elementuekin, gure imajinarioa osatzen duten hainbat osagaiekin». Dantzaz gozatzeko aukera ezinhobea, zalantzarik gabe.
Egilea
Jan Echevarria
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Albistea
Data
2018/03/15
Lotura
Diario Vasco

Baina zer eskainiko digute ikuskizun horiek? Hika teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Sagartu lana aurkeztuko dute larunbatean Campos Antzokiko eszenatokian. Lan hau lehenengoz egingo da antzoki batean, aurretik kalean bakarrik antzeztu baita. Aipatutako bi talde horiek 2012an egin zuten topo lehen aldiz, Amantalen elkarteak antolatutako Amantalen ahotsa ikuskizunean. 2013an Itsasoaren emazteak ikuskizuna sortu zuten elkarlanean eta esperientzia hori bi taldeentzat aberasgarria izan zenez , egun ohikoa bihurtu da.

Sagarraren irudia aztertzen du Sagartuk, paradisutik gaur arte izan dituen esanahiak azalduz. Gure herriaren historiaren parte handia da baita ere eta hau ikuskizunean azpimarratzen da. Bestalde, hizlariek azpimarratu zutenez, «sagarra bere horretan, oso elementu dantzagarria da. Borobiltasun horrek mugimendurako gonbita egiten du, erakargarria da begi bistarako, koloretsua eta oso eramangarria: eskuetan, poltsikoan».

Koreografiaren arduraduna Eneko Gil izan da. Eta oholtza gainean Miren Gojenola aktorea eta hamabost dantzari izango dira. Hauekin batera, Iñaki Dieguez eta Iker Telleria musikariak.

Festibalerako bereziki sortutako ikuskizuna

Hurrengo egunean, igandean, Euskalduna Jauregian Kukai Dantza Konpainiak 'Oteizak 110' lan koreografikoa aurkeztuko du.

Aurkezpen berezia izango da hau. Erabateko estreinaldia izateaz gain, ikuskizuna Loraldia Festibalerako bereziki sortua izan da eta festibala honetan bakarrik izango da ikusteko aukera, ez baita berriro errepikatuko. Horregatik, igande horretako goizean hiru saio eskainiko dira jarraian.

Gainera, Oteizak 110-ek badauka beste hainbat berezitasun: alde batetik, espazio berezietan plazaratzeko koreografia bat da eta helburu horrekin sortu da. Euskalduna Jauregia izan da aukeratu den espazioa eta hormetan Oteizaren artelan batzuen irudiak proiektatuko dira. Bestalde, artelan, dantzari eta publikoaren arteko interakzioa bilatuko du eta horretarako bost dantzariak publikoaren artean kokatuko dira.

Dantza Sari Nazionala irabazi ondoren sortu du lan hau Kukaik. Mireia Gabilondok zuzendu du, Jon Mayaren koreografiarekin eta Fernando Bernuesek sortu duen eszenografiarekin. Musikaren alorrean, euskal musikari izen handi batzuen pieza batzuk aukeratu dituzte: Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Mikel F. Krutzagarenak.

Emozioak taularatzen

Asteburu berezi hau ikuskizunarekin bukatuko du Loraldiak. Bakarkako dantza ikuskizuna da Bilboko La Fundición-en eskainiko den lan hori eta Mikel Laboaren disko esperimentalenean inspiratuta dago.

Mizel Théret Miarritzeko dantzariak sortutako lana da eta, berak gogoratu duenez, «Laboa maisuaren lan honetan bildutako piezek eragin emozional handia sortu dute nigan eta aspalditik nuen buruan lan honek sortzen dizkidan emozio horiek taularatu eta dantza batean bilakatzeko asmoa». Ikuskizuna sortzeko bost pieza hautatu ditu: Orreaga, Itsasoa eta lehorra, Cherokee, Gernika eta azkenik Dialektikaren laudorioa.

Bost pieza horietan, garrasia nagusi da, bere bortizkeri osoan. Sorkuntza honen bitartez dantzaren mugak arakatu nahi izan ditu Théretek, Mikel Laboak bere musikan egin zuen bezala.

Bakarkako dantza honetarako, Laboaren musikaren interpretazio aske bat sakondu nahi du Théretek, artifiziorik gabekoa, garrasiari lotua, soiltasunaz eta barnetasunaz egina. Bidaia bat, kantu eta dantzaren, mina eta itxaropenaren, zoramena eta lirikotasunaren, garrasi eta askatasunaren bideetan. Ez ezazu pentsa eta anima zaitez dantzaz gozatzera asteburu honetan.

Sagartu ikuskizunaren irudi bat./Loraldia

Sagartu ikuskizunaren irudi bat. / LORALDIA

Dokumentuaren akzioak