Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeriaz gozatzeko «Zatoz dantzara plazara» Errenteriara

Dokumentuaren akzioak

Erromeriaz gozatzeko «Zatoz dantzara plazara» Errenteriara

Egilea
Odeia Aiestaran
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/07/16

Ereintza dantza talde errenteriarrak Erromeria Eguna antolatu du datorren larunbaterako, hilak 19, herrian bertan. Atzo Donostian eginiko aurkezpenean azaldu zutenez, hamargarren edizio honetan goizean hasi eta gauera arte luzatuko den egitarau betea osatu dute. Kolorez betetako jaia da, gerturatzen diren guztiek dantzari jantzia eraman beharko baitute. Gainera, aurtengo egunak ukitu berezia izango du; taldeak 50. urteurrena ospatzen baitu.

Goizeko 10.00etan dianarekin emango zaio hasiera egunari, eta ondoren kalez kale hainbat musikari eta dantzari izango dira. Indarra biltzeko Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak 500 pertsonentzat egindako herri bazkaria egongo da kiroldegian. Arratsaldean ez da atsedenerako tarterik izango; erromeria handian musikariek eta dantzariek, guztiek bat eginda, giro paregabea jarriko baitute. Gainera, umeak ere jaiaren protagonista izate aldera, eurentzat eta nahi duen ororentzat gune berezi bat prestatu dute; laugarren urtez, pailazoek alaituko duten gunea. Oraingoan, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldeak irribarrez beteko du jaia. Eta orain arte hitzorduan hutsik egin ez duen Aiko taldeak erakustaldia eskainiko du hainbat lagunekin batera. Lagun «bereziak» dira denak; taldeko kide Xabi Mikaldik adierazi zuenez, Christian Borda, jauzietan «maisu» den musikaria, Mintxo Garaikoetxea txistulari handia, Jean Mixel Bedaxagar zuberotar kantaria, Iruñeko gaiteroak eta Roberto eta Kepa trikitilari bizkaitarrak izango dira gonbidatuak. Horiek denak bakarka arituko dira, baina bukaeran baturik ikuskizun ederra egiten saiatuko dira.

Iluntzean Miel Otxin talde nafarrak folk emanaldia eskainiko du. Hori izango da, hain zuzen, Ereintza Dantza Taldeak antolatu duen azken ekintza, baina ez da Erromeria Egunaren baitan egingo den azkena. Izan ere, herriko hainbat taldek, Txosna Batzordeak esaterako, gauerako emanaldiak prestatu dituzte. Bestetik, Alkarkide Txarangako kide Imanol Esnaola ere atzoko aurkezpenean izan zen eta jaiarentzat laudorioak izan zituen: «Inoiz ez dugu izan horrenbeste jende gure atzetik dantzan».

Talde horien guztien proposamena Ereintza taldearen filosofiarekin bat datorrela ere argitu zuten aurkezpenean eta lurraldetasun kontzeptua garrantzitsutzat jo, horretarako Euskal Herriko hainbat txokotako taldeak eta doinuak herrikoekin batera bilduz.

Egitaraua garrantzitsua bada, Ereintza Dantza Taldearen aburuz, are garrantzitsuagoa da Errenteria goizetik gauera arte «herri dantzarekin gozatzeko toki» izango dela. Madalenak, beraz, astelehenean hasi beharrean, larunbatean hasiko dira.

Dokumentuaren akzioak