Dokumentuaren akzioak
Dantzara, oin puntetan
Aiara Iturrioz: "Dagoeneko bete dut nire ametsa" |
Atzerrira atera berri den dantzari gaztearen eredurik garbiena da Aiara Iturrioz. Gasteizen prestatu ostean, hobetzen jarraitzeko asmoz, Stuttgarteko Ballet konpainian sartzekotan da hemezortzi urterekin. Ballet dantzari gehienak bezalaxe, zu ere oso gazterik hasi zinen dantzan. Zergatik balleta? Ballet dantzariak oin puntetan ibiltzen dira eta horien gainean bueltak ematen dituzte; hori ikustea ikaragarri gustatzen zitzaidan haurra nintzenean. Balletaren ikusgarritasun horrek, aldiz, badu alde txarrik, ezta? Esfortzu handia egingo zenuen iritsi zaren lekura heltzeko… Bai, oso diziplina gogorra da, eta lan handia egin behar izan dut. Hamabi urterekin eskolaz aldatu nintzen, dantzako ordutegia eskolakoarekin moldatu ahal izateko; asko kostatu zitzaidan, nire lagunak bertan utzi behar izan nituelako. Lehen egunak latzak izan ziren, baina pixkanaka moldatu nintzen, eta lagun berri asko egin nituen. Baina horren guztiaren gainetik, balleta zure pasioa da. Nola sentitzen zara taula gainean? Zaila da sentitzen dudana azaltzea! Baina oso ongi pasatzen dut. Dena den, oso neska urduria naiz, eta ikuskizunen aurretik ezin geldirik egon. Eszenatokiak errespetu handia ematen dit, eta oraindik ez diot beldurra galdu. Denborarekin lortuko duzu! Orain lau urte Bilbao Hiria Dantzari Gazteen Txapelketa irabazi zenuen. Horrek hainbat ate zabalduko zizkizun… Lehiaketa hartatik aurrera dantza serio hartzen hasi nintzen, eta zaletasun hutsa baino gehiago zela ikusi nuen. Sariari esker aukera berri asko lortu nituen, hala nola, Euskaldunak eta Dantza ikuskizunean parte hartzea, edota dantzari profesional eta zoragarriak ezagutzea. Uneotan Stuttgarteko eskolan prestatzen zabiltza, Alemanian, eta datorren urtean konpainian sartuko zara. Bai, iragan urte amaieraz geroztik eskolako hainbat lagunekin batera konpainiaren entseguetara joaten naiz dantzak ikastera. Horrela, dantzariren batek lesioren bat badu edo gaixo jartzen bada, guk ordezkatuko dugu. Egia esan behar badut, oso gogor egiten dute lan bertan, baina giro ona dago, eta profesional apartak dira. Beraz, haien dantzak ikasten ariko zara. Hiru koreografia prestatzen ari dira: La Sylphide, Gaite Parisienne eta The Lady and the Fool. Gu dantzarien bigarren zerrendan gaude, eta gure paperak ikasten ditugu, haiek bezalaxe, ordezkapenak egin ahal izateko. Etorkizunera begira, zein da zure ametsa? Egia esan, Stuttgarteko Balletarekin Zisneen Lakua dantzatzea sinestezina izan zen; futbol talde bateko filialean dabilen jokalari batentzako lehen mailan debuta egitea bezalakoa! Sekula ez nuen pentsatuko konpainia batean ariko nintzenik. Horregatik diot nire ametsa bete dudala dagoeneko. Hala ere, eskola amaitu eta graduatu egin behar dut, datorren urtean konpainian ikastun moduan hasteko. Ikasten eta gogor lan egiten jarraituko dut, gero eta teknika hobea lortu eta hobeto dantzatzeko. |
Asier Uriagereka: "Batzuetan, dantza lana besterik ez da" |
Ez da geldirik egoten; dantzan,
bidaiatzen, ikuskizunak eskaintzen dabil etengabe, atsedenik hartu gabe.
2004az geroztik Monte Carloko Balleteko lehen dantzaria da, eta
Monakoko printze-printzesak Kultur Merezimenduaren Ordeneko Zaldun
izendatu zuten 2009an Mungiarra. Aita pilotaria duzu, eta arreba futbolean aritzen omen da. Zuri, aldiz, balleta gustatu zitzaizun… Zergatik balleta? Oso zaila da azaltzea, baina gogoan dut dantza estudio bat zapaldu nuen lehen unean etxean bezala sentitu nintzela. Musikaren eta gorputzaren bidez sentitzen duzuna azaltzea da, eta pixkanaka harrapatu egiten zaitu, engantxatu; hobetu eta perfekzioa lortzeko nahiak aurrera jarraitzeko indarrak eman zizkidan. Zer sentitzen duzu eszenatoki gainean? Ez da soilik eszenatokian bizi duzuna, izan ere, ikuskizuna dudanean egun osoa horretan pentsatzen pasatzen dut. Taula gainean, halaber, denetariko sentsazioak izaten ditut: batzuetan, ikaragarrizko esperientziak izaten dira; eta beste egun batzuetan, dantza lana besterik ez da. Kasu horietan ikusleak ez konturatzea da garrantzitsuena, bizitzako ikuskizunik liluragarriena ikusten ari direla sinetsi dezaten. Euskal dantzari profesionalak atzerrira ateratzen zarete ikasi eta konpainia garrantzitsuetan dantzatzera. Badirudi hemen zail xamarra dela aurrera egitea… Uneotan, ezinbestekoa da kanpora joatea. Euskal Herrian dantza kontserbatorio eta eskola bikainak daude, eta bertako irakasleak ere oso onak dira. Baina prestakuntza bertan jaso arren, dantzariok atzerrira joan behar izaten dugu eguneroko ogia irabaztera. Orain Monte Carloko balleteko lehenengo dantzaria zara eta Monakoko printze-printzesak Zaldun izendatu zintuzten. Ez da, ez, izendapen makala! Eguneroko lanaren ordaina izan da. Egia da askotan dena bertan behera uzteko gogoa izaten dudala, baina beti aurkitzen dut borrokan jarraitzeko indarrak ematen dizkidan arrazoiren bat. Uneotan nolakoa da zure eguneroko bizitza? Uf… Urte hasieran Madrilen izan nintzen Sueño de una noche de verano lanaren biran. Otsailean Lausanan, Prix-en 40. urteurrena omentzeko gala batean, eta handik Los Angelesera egin nuen salto zuzenean, Cinderella ikuskizuna dantzatzera. Handik New Yorkera, eta amaitutakoan, etxera itzuli nintzen, gutxienez garbigailua pare bat alditan jarri eta Hong Kong-erako bidaiarako maletak prestatzera. Eta handik Tokiora. Jesus! Etxera itzultzeko irrikaz egongo zinen… Balletean nagusiki emakumezkoak aritzen dira; mutila izateagatik gogorragoa izan al da zure bidea? Beharbada, badirudi neska gehiago daudela dantzaren munduan, baina maila amateurrean soilik; profesionalen artean kopurua askoz ere orekatuagoa da, eta ez da inolako ezberdintasunik nabaritzen. Are gehiago, mutila izatea abantaila izan daiteke, lehiakortasun gutxiago izaten dugulako. Baina gizonezko dantzarien inguruko estereotipoak indarrean daude oraindik, ezta? Ala hori ere aldatzen ari da? Azken urteetan oztopo asko gainditu ditugu, eta oro har, jendeak inoiz baino ikuspegi zabalagoa du. Ez soilik dantzarekiko, gizarteko alor gehienekiko baizik. |
Gabriela Gomez: "Dantza gustatzen zaidala gogorarazten didaten lanak egin nahi ditut" |
Duela bi urte sartu zen Genevako
Antzerki Handiko Balletean, baina gasteiztarrak koreografia zerrenda
luzea darama bizkar gainean. etxekoengandik datorkio dantzarekiko
pasioa, eta urte luzez egindako esfortzuaren uzta jasotzen ari da
dagoeneko. Zure kasuan, balletean zergatik hasi zinen galdetzea zentzugabea da; suposatzen dut ama dantza irakaslea izateak zerikusirik izango duela… Halaxe da, bai. Dantza zer zen ez nekienean ere estudioan nenbilen, alde batetik bestera korrika. Hala ere, zazpi urte bete nituen arte ez zuen nire arreta erakarri, orduan hasi zitzaidan gustatzen. Pixkanaka, dantzan sakondu ahala, zailtasunez ohartzen joan zinen. Bai. Gaztea zarenean dena eman nahi duzu, eta gorputza eta burua indartsu dituzunez, ez dituzu gustatzen zaizun hori lortzeko egin beharreko esfortzuak ikusten. Horregatik, diziplina honen zailtasuna aurrera egin ahala nabaritzen duzu, gorputza higatzen hasten delako, baina dantzen intentsitateak bere horretan jarraitzen duelako. Gainera, dantzarien ibilbidea oso laburra da eta etorkizunean zer egin pentsatu behar izaten dugu. Hamahiru urtetxorekin joan ziren Madrilera, bertako Dantzako Erret Kontserbatorioan ikastera. Bai, aldaketa handia izan zen niretzako; hala ere, uneoro familia oso gertu sentitzeak asko lagundu zidan. Kanpoan zaudenean azkarrago hazten zara, beharbada, azkarregi; baina era berean askoz indartsuagoa egiten zara. Genevako Antzerki Handiko Balletean zabiltza orain. Nola erabaki zenuen bertara joatea? Nire mutila dantzaria da eta Lucernan dago lanean; horregatik Suitzara etortzea erabaki nuen. Hainbat konpainia begiratu nituen, eta froga ugari egin ostean, Genevara etortzea erabaki nuen, nire gustukoenetakoa zelako. Zortea izan nuen, haiek ere ni aukeratu ninduten. Askotan pentsatu izan da balleta bakarlarien lana dela, baina taldeak zeresan handia du ikuskizunak prestatzerako orduan, ezta? Nire ustetan, gaur egun oso zaila da ospea bakarlari moduan lortzea. Dantza garaikidea taldeko diziplina da bereziki, estiloak hala eskatzen duelako. Gainera, taldekideekin aritzeak askoz aukera zabalagoa ematen du koreografiak sortzeko. Kontaiguzu, nolakoa da Gabrielaren egun arrunt bat Genevan? Goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko seiak arte entseguak izaten ditut, nahiz eta egunaren arabera ordutegiak aldatzen diren. Gainera, ikuskizuna dugun egunetan iluntzetan dantzatzen dugu. Biretan atzerrira joaten garenean, halaber, agenda erabat aldatzen zaigu. Oraintxe bertan, hain zuzen, bira batetik itzuli berria zarela jakin dut. Bai, New Yorken izan gara Emmanuel Gat-en lan baten aurkezpen biran. Horren aurretik, duela hilabetera arte, Andonis Foniadakis koreografo greziarraren sorkuntza bat dantzatu genuen, musika barrokoa nagusi zuena. Orain, baina, konpainiaren errepertorio berria prestatzen ari gara, bira berrietara eramango duguna. Eta egindako dantza guztien artean, ba al dago bereziki gogoratzen duzun bat? Ezin dut bat bakarra esan, lan interesgarri asko egin ditudalako. Koreografoa gutako bakoitzarekin lanean hasten denean, dantzariaren alderik hoberena ateratzen saiatzen da, eta horrela obra bereganatzea lortzen du. Ondoren, normala da nork bere estilo gustukoenak izatea, baina hori beste kontu bat da. Zerekin amesten duzu? Zein da dantzari moduan lortzea gustatuko litzaizukeen helburua? Nire xedea bete dut dagoeneko, nazioarteko maila duen konpainia batean ari naiz dantzan, eta horrek bidaiatzeko eta koreografia ezberdinak egiteko aukera ematen dit. Gainera, talde oso bateratua osatu dugu eta energia ona sortzen da taula gainean. Dantzari moduan, emozioak sentiaraziko dizkidaten lanak egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, dantzatzea zergatik gustatzen zaidan gogoraraziko didatenak. |
Dokumentuaren akzioak