Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzara lotuta

Dokumentuaren akzioak

Dantzara lotuta

Duguna Iruñeko udal dantza taldeak 75 urte bete ditu San Saturnino egunean, eta soka dantza berezi batekin hasi da urteurrena ospatzen. 1949ko azaroaren 29an egin zuen lehen emanaldia, Iruñeko Udaletxe plazan.
Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2023/12/10
Lotura
Berria
Duguna dantza taldekoen lehen emanaldia, 1949ko San Saturnino egunean, Iruñeko Udaletxe plazan.
Duguna Iruñeko udal dantza taldeko kideak, 1949ko azaroaren 29ko lehen emanaldian, Iruñeko Udaletxe plazan. DUGUNA

Urte berezi bat hasi da Duguna Iruñeko udal dantza taldeko kideentzat: 75 urte bete zituen taldeak joan den astean, azaroaren 29an; ospatu zuten, eta ospatzen segitu nahi dute datozen hilabeteotan. Duguna-k —izen hori, berez, Iruñeko udal dantzariek 1951n sortutako ikuskizun baten izena da; dantzariek jasotako herritar batzuen lekukotasunen arabera, sona handia lortu zuen ikuskizun horrek, eta jendea Duguna izena erabiltzen hasi zen taldea aipatzeko— 1949ko azaroaren 29an hasi zuen bere bidea, San Saturnino egunean, alegia. Hamasei dantzarik egin zuten taldearen lehen emanaldia, Iruñeko Udaletxe plazan. Bide horren hastapenak oroitu dituzte taldeko kideek aurtengo bestan, eta soka dantza berezi batekin hasi dituzte hiru mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko ekitaldiak.

Duguna-ko oraingo eta aspaldiko berrehun dantzarik eta musikarik parte hartu zuten Iruñeko Udaletxe plazatik Gazteluko plazaraino egindako San Saturninoko soka dantzan. Urtero bezala, prozesioa lagundu zuten dantzariek goizean, eta Udaletxe plazan trokeo dantzak egin zituzten gero, herriko etxe barruan hiriaren zigulua jaso baino lehen. Ekitaldi hori amaituta hasi zuten soka dantza. Geldialdi berezi bat egin zuten Iruñeko Orfeoiaren egoitzaren parean: erakunde horretako kideek bat egin zuten dantzariekin, eta egoitzako balkoitik, gainera, kantu bat eskaini zieten.

Duguna taldeko kideen San Saturnino eguneko soka dantza.
Duguna taldeko kideen San Saturnino eguneko soka dantza, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Duguna-ren eta Iruñeko Orfeoiaren bideek bat egin zuten, hasieran, hain zuzen ere. «Orfeoiak hartu zuen dantza taldearen ardura, lehen urtean», azaldu du Duguna-ko zuzendari eta dantzari Aritz Ibañezek. Izan ere, Iruñeko Udalak eta orfeoiak, biek zuten dantza talde bat sortzeko asmoa; udalak egin zuen taldea abian jartzeko lehen urratsa, baina orfeoiaren esku utzi zuen haren ardura. «Udala urrian hasi zen taldea sortzeko ideia mamitzen, eta handik hilabete eskasera, taldea martxan zen; presaka sortu zen, eta, egoera horren ondorioz, udalak orfeoiaren esku utzi zuen ardura», kontatu du Ibañezek.

Iruñetik kanpo

Iruñeko Orfeoiko hainbat kide izan ziren udaleko dantza taldeko kide. Hasieran, gainera, dantzariek abeslarien egoitza baliatzen zuten entseatzeko. Ardura gehiegizkoa zela sumatzen hasi zenean, baina, orfeoiak utzi egin zuen, eta dantza taldea bere bidea egiten hasi zen. «Frankismo garaia zen», oroitu du Ibañezek, eta azaldu du Iruñeko udal dantza taldeak harreman estua garatu zuela Ipar Euskal Herriko zenbait hiri eta herrirekin: «Lehen garai hartan, dantzariek bidaia asko egin zituzten Donibane Lohizunera, Donibane Garazira, Maulera, Baionara... Turismoa erakartzeko asmoz antolatzen zituzten emanaldi haiek, baina bazen diktadura baten pean zegoen herrialde batetik ateratzeko gogoa ere».

Ipar Euskal Herrira egindakoak ez ziren Duguna taldeko kideen bidaia bakarrak izan, hasierako urte haietan. Italiara ere zenbait aldiz joan ziren. 75 urteko bidean, hain zuzen, Europako hamaika herritan egon dira dantzariak, eta Europatik kanpo ere aritu dira; bertzeak bertze, Japonian. 1960ko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetara ailegatu ziren Duguna-ko kideak; 1965ean, zehazki, New Yorken egon ziren dantzariak, Iruñeko erraldoien konpartsarekin batera.

New Yorken egon ziren dantzarietako bat izan zen Ramon Alonso. 78 urte ditu, eta 13rekin sartu zen Duguna taldean. «Hamalau urtez izan nintzen taldeko kide». Alonsok New Yorkekoak oroitu dituenean, hamabi orduko bidaia nabarmendu du bertze deus baino lehen. AEBetako hiri hartan emandako denboraz, berriz, desfilea du gogoan, batez ere. «Jendeak bazuen interes handia; harriduraz egiten ziguten so», kontatu du.

Duguna dantza taldeko kideak New Yorken.
Duguna dantza taldeko kideak New Yorken, 1960ko hamarkadan.

Alonso jada ez da dantzatzen, baina segitzen du Duguna taldera lotuta, nolabait. San Saturnino egunean, dantzariek Alde Zaharrean egindako soka dantzan parte hartu zuen, eta taldeko arduradunak lagundu zituen, gainera, Duguna-ren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldien berri egin zuten agerraldian —azaroaren 24an, Iruñeko Kondestablearenean—.

Mutuberriaren ilustrazioa

Iruñeko Udaleko Kultura zuzendari Rudy Goroskietak txalotu eta eskertu du Duguna-k 75 urtez egindako bidea eta lana. Dantzariekin batera aurkeztu du Maite Mutuberria ilustratzaileak bide eta lan hori irudikatzeko egindako marrazkia: Mutuberriak 75 pertsonaiak osatutako soka dantza bat egin du. Duguna-ko dantzariak, haiekin batera aritu diren bertze taldetako kideak, musikariak, gaitariak eta herritarrak islatu nahi izan ditu artistak bere obraren bidez. «Oso pozik hartu nuen lan hau egiteko proposamena; txikitatik irrikaz begiratu diot Duguna taldeari, eta orain ohartu naiz hori gertatu zaidala Duguna herria delako, herria ordezkatzen duelako», nabarmendu du Mutuberriak.

Dugunako oraingo eta aspaldiko kideak, Maite Mutuberriak egindako 75. urteurreneko ilustrazioarekin, Iruñean, azaroaren 24an.
Duguna dantza taldeko oraingo eta aspaldiko kideak, azaroaren 24an, Maite Mutuberriak egindako 75. urteurreneko ilustrazioarekin.

Adiskidantzan leloak laguntzen du Mutuberriak egindako irudia. Duguna-ko zuzendari Aritz Ibañezek uste du hitz horrek ederki islatzen duela taldearen muina. 1991. urtean egin zuen bat Duguna-ko txikien taldearekin, eta helduen taldeko kide da 1994tik. Eskertu du Iruñeko Udalak urteurrenaren harira taldeari emandako babesa, baina erran du dantzarien eta udaleko agintarien arteko harremana ez dela beti ona izan. «Gorabeherak izan dira nagusi urteotan guztietan».

Duguna Iruñeko Orfeoiaren ardurapean egon zen lehen urtean, baina orfeoiko kideek ardura hori utzi zutenean, udalaren Musika Patronatuan sartu ziren dantzariak; Pamplonesa udal musika banda eta hiriko gaitariak eta txistulariak ere baziren patronatu horretako kide. 1970eko hamarkadan, baina, bandera batek inflexio puntu bat eragin zuen Duguna-ren eta udaleko agintarien arteko harremanean: «1978an, dantzariek ikurrina atera zuten prozesioan. Handik aurrera, eta hamar urtez, halako sokatira batean ibili ziren dantzariak udalarekin», kontatu du Ibañezek. Eta 1988an, erabaki bat hartu zuten hiriko agintariek: «Dantza taldea ez zela existitzen ebatzi zuen udalak».

Taldea ez zen desagertu, ordea, udalak aintzat hartu nahi ez bazuen ere, eta Duguna-k segitu zuen hiriko ohiko ekitaldietan parte hartzen. Egoera horrek zortzi urte iraun zuen; 1996an, udalak erabaki zuen Duguna-ri, berriz ere, lehen zuen aitortza egitea. Ordurako, Pamplonesa musika banda eta Iruñeko gaitarien eta txistularien taldeak bezala, kultur elkarte bat zen Duguna, eta geroztik —Pamplonesak, gaitariek eta txistulariek bezala ere—, kontratu bidez zehazten du udalarekin duen harremana. «Ez zaigu ahazten udalak sortu zuela Duguna, eta beti izan garela udalaren dantza taldea», erran du Ibañezek.

San Saturnino eguneko soka dantzak 75. urteurrena ospatzeko ekitaldiz betetako urte bati eman dio hasiera; datorren azarora bitarte, argitalpenak, tailerrak, erakusketak, emanaldiak eta bertze eginen dituztela iragarri du Duguna-ko zuzendariak. 2024ko irailean eginen dute «ekitaldi nagusia», baina Ibañezek ez du xehetasun gehiago eman nahi izan. Zer ospatu badutela berretsi du; egin dutela bide bat —130 kide inguru dira egun—, dantzatu direla hamaika herritan, egon direla hiriko ekitaldi nagusietan, sortu dituztela euren dantza propioak, eta karrikan egon direla, «herritarrekin adiskidantzan».

Dokumentuaren akzioak