Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzara gonbida, balleta luzatuz

Dokumentuaren akzioak

Dantzara gonbida, balleta luzatuz

Entsegu publikoak antolatzen dituzte Maitaldian, jendeari ikusmina pizteko doia. Atzo, Le Cri du Pied konpainiak egin du berea. Leiendaz eta metaforaz beterik.

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Gara
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2008/09/19

Juduen mitologiak dio umeak jakintza unibertsala duela, amaren sabelean. Baina, sortu baino lehen, aingeru bat etortzen zaio, eta eria ezpainen gainean jartzen dio, munduko sekretuak ahazteko. Inozentzian sortzen da, beraz, aingeruaren eriaren aztarna ezpainen eta sudurraren artean duela. L'empreinte, Aztarna pieza mitologiaz eta metaforaz betea da. Dantzaren bidez, jendakiaren izaera, jakintza, transmisio jokoa eta gisako gaiak eskaintzen du Le Cri du Pied konpainiak (Oinaren oihua).

Oholtza zuria bete da. Publikoak ez du deus huts egin nahi. Bost emakume hasi dira dantzan. Poloniako musika alai batek eramanik, sabelaren babesa, umearen hauskortasuna, jakintzaren bizitasuna xuxurlatu, adierazi eta oihukatu dituzte, dantzaren hitz jokoekin. Eta musika isildu da. Bat-batean. Baina dantzariek jarraitu dute. Ez dute isildu nahi. Gorputzak beti eta urrunago eramaten ditu.

Eta Lauriane Chammings koregrafoak geldiarazi ditu. Publikoari azalpenak eman. «Lekuaren zabaltasunarekin, nolabait galduak gabiltza gaur. Berriz hasiko gara, irakurketa ezberdina eskainiz». Emakumeak barrenetik bizi du dantza. Bost neskei begitarte amultsuarekin begiratu die. Aitzinean duen errepikak lehen emanaldi garrantzitsua iduri du, bere aurpegiari begiratuz. Zati batzuk eskaini dizkiote parkeko publikoari. Gaineratekoa inprobisazioa baita. «Emanaldi bakoitza berezia da. Freskotasuna eta hauskortasuna ematen dio piezari. Alde batetik edo bestetik, interesgarria da», azaldu du koregrafoak.

Jendearen iritziaren bila

Zaharrak, helduak, gazteak eta haurrak bildu dira entsegu publikoa ikusteko. Gauzak xuxurlatzen dituzte. Baina gehienetan, isilik daude. Musikaren ordez, ahots bat, eta beste bat entzun da. Biziaz, jakintzaz, ametsaz mintzo da. Belarria luzatu dute ikusleek. Begia itxi batzuek. Frantsesaren melodia jarraitu dute dantzariek. Urrats eztiekin, harrabotsik gabe markatu dute hitzen erritmoa. Isiluneetan jauzi eginez, denborari behar duen astia utziz.

Konpainia berezia da Le Cri du Pied. Donibane Garazin egon dira erresidentzian, lau egunez. Miarritzen bezala, entseguak eman dituzte jendearen aitzinean, ikasle gazteen aitzinean. «Emanaldien ondotik, ikusleekin hitz egin dugu. Eta komentario guziak bihotzetik entzun ditut», jakinarazi du Chammingsek. «Txarrak ere bai. Funtsean, adituaren iritzia baino, dantza ezagutzen ez duen norbaitena nahiago dut entzun». Jakintza inozentzian ez ote den, batzuetan...

Miarritzeko entsegu publikoaren xedea ez da txaloak entzutea bakarrik. Iritziaren bila joatea maite dute konpainiek. Hor, mikrofonoa publikoari luzatu diotenean, nehor ez da menturatu. Baina mikroa itzali orduko, hainbat ikusle dantzarien inguruan metatu dira. Jakin-minez. Pasioak bultzaturik. Errepika horiek publiko zabalari dastarazten dute dantza. Gaueko emanaldietara joateko gogoa emanez, dantzara gonbidatuz. Balleta luzaturik, Maitaldiak harrapatzeko.

Dokumentuaren akzioak