Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan lurra ukitu gabe

Dokumentuaren akzioak

Dantzan lurra ukitu gabe

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2006/06/19

Dantzan ikusi eta horretarakoxe jaio direla ematen du, ez dutela bizitzan besterik egin. Eta egia aitortu behar bada, oso goiz hasi ziren. «Nik bospasei urterekin hartu nuen parte txapelketa batean, eta Edurnek, 4 urterekin. Etxean baditugu bideo batzuk, barregarri samarrak», esan du anaiak, Jon Anderrek. Baina ez dira dantzatik bizi:Jon Anderrek arkitektura teknikoa egin zuen eta lanean ari da, eta arrebak telemokunikazioetako ingeniaritza teknikoa ikasi zuen eta goi mailako ingeniaritzara pasatu zen. Aurten ari da bukatzen. Anderrek 25 urte ditu eta Edurnek, 23. Belen Sagarzazuren ikasleak dira. «Gu ez gara dantzari taldeetan gehiegi ibili. Txikitandik Belenek prestatu gaitu sueltorako. Negu-partean pixka bat lasaiago ibiltzen gara, baina urtarriletik aurrera hasten gara serio entrenatzen. Segurako txapelketa da denboraldiko lehena eta garrantziz- koena, eta iaz txapela irabazi genuenez gero, urtearen buruan 50 plaza egingo genituen», jarraitu zuen Jon Anderrek. Gimnasioa eta korrika egiten dute fondoa egiteko, eta ordu piloa sartzen dute dantzan.

Baratze pilotalekua dantzazalez beterik zela hasi zen finala Imanol Artola eta Izaro Iraeta aurkezle zirela arratsaldeko seiak eta laurden aldera, eta pare bat ordu behar izan zituzten hamabi bikoteek beren erakustaldia egiteko. Epaimahaia puntuak batzen ari zen bitartean Ziklus Dantz taldearen emanaldia izan zen.

Hamabi talde

Zaila da hamabi taldek parte hartzen duten saio baten gorabeherak hitz gutxitan laburbiltzea. Azpitarte anai-arrebei lehen postuan dantza egitea egokitu zitzaien, posturik txarrenean, beraz, dantzarien artean esan ohi denez, epaimahaiari kosta egiten baitzaio hasi eta berehala notarik altuena ematea. Egin zuten erakustaldi ikusgarriaren ondoren Xabier Azurmendi eta Janire Urbieta (Zegama-Bergara); Xabier Etxaniz eta Leire Larrañaga azkoitiarrak eta Aimar Abad eta Izaskun Besada (Hernani-Pasaia) pasatu ziren agertokitik. Urtero bezala, errebindikazioei ere tartetxo bat egin zitzaien atzo ere: «No apartheid. Autodeterminazioa» pankarta batean idatzirik zuen taldetxo bat atera zen, herriko bi presoen argazkiak eskuetan zituztela. Ikusleek txaloka hartu zuten taldea, eta agertu bezalaxe desagertu zirenean Mikel Igartua-Ibane Baseta (Bergara) pasatu ziren agertokitik, eta ondoren atera zen agertokira atzoko bigarren talderik onena: Eneko Gil eta Nerea Vesga (Errenteria). Xabier Segura eta Lierni Martirena (Hernani), Mikel Mujika eta Nagore Narbarte (Asteasu) igaroak zirelarik, atera zen arratsaldeko hirugarren talde onena, Aitzol Enak eta Miren Illarretak (Bergara-Donostia) osatua. Joseba Apaolaza eta Irati Imaz (Aramaio-Lazkano), Jon Arrillaga eta Izarne Medina bergararrak (jantzien bigarren saria eta lehen aldiz parte hartu zuten gazteenen artean bigarren saria irabazi zutenak) eta Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas (Sestao) izan ziren zerrenda osatu zutenak. Finala biribiltzeko eta epaimahaia puntuak batzen ari zen bitartean, emanaldi ikusgarria egin zuen Iñaki Telleria perkusio-jotzaileak eta Joxe Juan Ugaldek zuzentzen duten Zilus Dantz taldeak.

Aita-alabak

Perkusioa izan zen ikuskizunaren haria, baina txistuak, dultzainak eta albokak eta trikitiak ere jo zituzten, eta Aritz Salamanca dantzari izar zela, Hemen eta Goizaldiko kideak aritu ziren dantzako pauso tradizionaletan oinarritutako emanaldia egiten. Guztien artean txalo zaparradarik beroenak bildu zituztenak Kepa Artetxe eta Soiartze Artetxe aita-alabak izan ziren. Hamabi bikoteen erakustaldi teknikoen ondoren dantza ezer baino lehen adierazpide dela erakutsi zuten, herriko dantza egiteko modua pixka bat exajeratuta eta muturreraino eramanda bada ere. «Azpitartetarrei ezer nabarmentzekotan arintasuna nabarmenduko nieke, airean eta aise dantzatzen den bikotea da, eta izugarrizko indarrarekin dantzatzen dira, gainera», kontatu zigun Joxe Joan Ugalde epaimahaikideak. Eneko Gil eta Nerea Vesgaz «ezaugarri berdintsuekin sartu dira bigarren, beste estilo bat badute ere, Azkoitiko estiloa eta Errenteriakoa bi estilo zeharo ezberdin baitira. Bi bikoteak dira goian punteatzekoak. Asko inpresionatzen duen estiloa dute biek. Benetan gau dantzaldi bikaina egin dute. Eta bien arteko berdintasuna dute bikote barruan», esan zuen. Zergatik Bizkaiko bikote bakarra?«Dantza sueltoa ez da dantza taldeen tradiziokoa. Txapelketako dantza sueltoa lau-zazpi erromantikoren eskuetan egon da, eta horiek desagertu dira Bizkaian. Gipuzkoan ere desagertzeko bidean ziren eta Elkarteak artikulatu duen sail bati esker ari gara bultzatzen. Bizkaian bikote gehiago dago, noski, baina bakarra etorri da», esan zuen Ugaldek. -

Dokumentuaren akzioak