Dokumentuaren akzioak
Dantzan, koska bat gehiago
Hogeita bost urte bete ditu aurten Gasteizko Algara dantza taldeak, eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte puntako dantzarien lanaz gozatzeko. Umeekin hitzordua izango da ekainaren 1ean eta helduekin 23an.
Aska kaleko egoitzan etengabekoa da dantzarien joan-etorria. Taldeko txikienak elkartu dira gaurkoan, besteak beste, ekainaren 1ean Gasteizen ospatuko duten Umeen Euskal Jairako –Foru plazan, 13:00etan– entseguekin. Izan ere, mende laurdena bete du Algara dantza taldeak, eta ohikoa baino ekitaldi gehiago dituzte aurten, dagoeneko ezinbesteko hitzordu bilakatu diren San Juan bezperako Arriagako dantza ikuskizuna eta Gasteizko jaietako Ikurrinaren omenaldiarekin batera. Euskal dantza eta tradizioari eutsita, baina koreografia eta bide berriekin uztartuta, Arabako dantza familia oparoenetako bat osatu dute 25 urteotan.
Indarra taldea atzean utzi, eta euren aldetik jartzea erabaki zuten hamabost bat gaztek 2000. urteko apirilean. Elkartu eta bi astera zuten lehenengo ikuskizuna. Gogo handia bai, baina sos gutxi batzuk baino ez zituzten dena prestatzeko. "Ezagun genuen Pinedo dendara jo genuen guztiontzako behar genituen jantziak erostera. Oso ondo portatu ziren gurekin", gogoratu du Algarako lehendakari eta helduen zuzendari Iñigo Manuelek. "Indarra taldearen filosofiaren bide beretik, gure hizkuntzan, gure folklorearekin, azken batean gure pasioarekin jarraitzea zen helburua".
"Oso exijentea da helduen taldea. Baina pozik egiten dugu, eta nabari da"
Iñigo Manuel, dantzaria
Euskal dantzekin hasi ziren, baina beste gauza batzuk ere probatu nahi zituzten, eta horiek elkartuta sortu zuten 2002an Garaiak ikuskizuna, San Prudentzio bezperan arreta deitu zuen lana. Geroztik, hamaika aldiz izan dira erretreta saioan protagonista, eta urtero prestatzen dute ikuskizun berri bat oholtza desberdinetarako. Ekainaren 23an Arriagan aurkeztu behar duten koreografia darabilte buruan orain. Baina, nola sortu halako pieza bat euskal dantzetatik abiatuta? Elkarlana gakoa dela aitortu dute kideek, belaunaldi desberdinen ekarpena. Dantza taldera sartu berri direnek, gazteenek, euren proposamenak prestatzen dituztela azaldu du Maddalen Uriguen dantzari beteranoak, eta horietatik abiatuta dator azken emaitza: "Pauso horiek lantzen hasten gara, eta denon artean ikusten dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, zer gehiago egin daitekeen edo zer moldatu, azkenik denen artean ixteko". Hamazazpi urte dituen Maddi Gonzalez de Herediak, esaterako, bere logelan prestatutakoak erakutsi ohi ditu beste dantzarien aurrean, eta denen artean osatuko dute koreografia: "Gehien gustatzen zaidana da jendaurrean gure lana proiektatu ahal izatea, etxean egin dezakegun dantza erakusteko aukera izatea, asko estimatzen dut".
Algara ez baita dantza saio bat bakarrik bertan parte hartzen duten dantzarientzat. Sorkuntzatik hasi, pauso berriak, jantzi, ekitaldi eta bestelako eginbeharretan ere buru-belarri sartzen direla aipatu du Jone Olaizola dantzariak: "Entseguetaz aparte, bestelako lan batzuk ere egin behar izaten ditugu, dena egiten dugu guk. Horregatik, beti badakizu noiz hasten den entsegua, baina ez noiz amaitzen den".
Garai zaila dantzarientzat
Ez dira euskal dantzentzako garairik errazenak, aitortu dutenez. Besteak beste, sustapen falta nabaritu dute azken urteotan, eta haurrak erakartzeko askotariko jarduerekin lehian ibili behar izaten dute, baina halere familiak sendo jarraitzen duela erakutsi dute. Gaur egun, 50 bat ume daude talde berde, urdin, more eta gorrietan banatuta. 70 bat lagun nagusi hasierako taldean, eta beste 35 bat helduenean, exijentzia maila handienekoan. "Oso exijentea da helduen taldea. Txikien taldean begiraleak daude, baina helduenean zuzendari bat dago. Nik ez diet dantza bat irakatsiko, nola hobetu daitekeen baizik, eta zehazki zer figura lortu nahi dugun azaldu", nabarmendu du Manuelek. Ez dago erdipurdiko bueltarik, ez dago hanka behar baino gutxiago altxatuko duenik, zorrotzak dira horretan. Diziplina eta exijentzia maila hori dantzariek txikitatik barneratuta eta onartuta dutela berretsi du Uriguenek, betiere hobetzen joateko helburuarekin: "Entseguetan, umeen taldean, batzuetan posible duzu eta beste batzuetan ez... mailaz igotzen zarenean konturatzen zara atzean geratu zaitezkeela, beste batek hartuko duela zure lekua, eta lehia sano bat dago gure artean, gero eta hobeagoak izateko ere beharrezkoa dena".
Halako esfortzua, noski, ez litzateke posible izango osatu duten familiarik gabe. "Hiru urtetatik egon naiz Algaran dantzatzen, eta, egia da, batez ere hemen egindako lagunak direla gaur egun gertu ditudanak, eta horrek lotzen nau batez ere taldera", esan du Gonzalez de Herediak. Lehengusuaren bitartez heldu zen Olaizola Algarara, eta orduan ez zuen imajinatu gerora egindako lagun sarea eta jendeak hartzen duen inplikazioa: "Polita da ikustea nola begirale izan zaren, eta gero batera dantzatzen duzun zaindu dituzun ikasle horiekin". Jendea ezagutu eta dantzak ikasteko asmoarekin heldu zen Uriguen ere, eta azkeneko urteetan lanketa pertsonalean taldeak izan duen eragina azpimarratu du: "Taldeak eta dantzak asko lagundu dit jendearen aurrean proiektatzen, egoten, beldurrak galtzen...". Ezinbesteko proiektua izan da Algara Manuelentzat ere; bizitza erdia eman du hemen, eta semea bera ere dantzarien artean dabil egun: "Pozik egiten dugu, eta hori nabari da. Zenbat lagun ez ote dauden hemen entseguan, euren kuadrilla parranda egiten ari den bitartean...".
Mugarriak
Ibilbide luzean askotariko ekitaldi eta ikuskizunak izan dituzte, oroitzapen ugari, eta mugarri izan direnak ere. Hasierako urteetan Bartzelonara egin zuten bidaia bat nabarmendu du Manuelek. Sagrada Familia katedral ikusgarria agertoki moduan, Esbart San Marti dantza taldearekin batera ikuskizun bat prestatu zuten, aurreskua eta sardana lotzen zituen koreografia. Geroztik, harremana mantendu dute bi taldeek, eta fusioak ere fruitua eman du zenbait ikuskizunetan bateko eta besteko pausoak txertatuta. Nazioartera egindako bidaien artean, gainera, Hungariara egindakoa dute gogoan, hango balneario batean, jendeak bainua hartu bitartean eskainitako saio berezia. "Gaur egun, zailagoak dira halako bidaiak. Asko garestitu dira, eta laguntzak nabarmen jaitsi. Baita Euskal Herri mailan ekitaldiak antolatzeko ere. Pena bat da", azaldu du lehendakariak.
"Dantzak lagundu dit jendaurrean egoten, beldurrak galtzen..."
Maddalen Uriguen, dantzaria
Baldintzak errazenak ez badira ere, ordea, urte osoan zehar izango da aukera Algarak taula gainera daraman festaz gozatzeko. Hainbat ekitalditan parte hartuko dute, baina urteurrena modu berezi batean amaitu nahi dute, eta 2026ko otsaila aukeratu dute horretarako. Jaialdi handi batekin itxiko dute 25 urteko etapa, oraindik asko aurreratzerik ez badute ere, hamaika lagun eta kolaboraziorekin. Beste hainbesterako prest.
Dokumentuaren akzioak