Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan, jainkoari so

Dokumentuaren akzioak

Dantzan, jainkoari so

Erantzunak baino gehiago, erlijioari buruzko galderak plazaratzen ditu Ertza konpainiaren 'Act of God' dantza ikuskizun berriak

Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2011/09/15
Lotura
Berria

Zure eredura eginak bagara, zergatik dago hainbeste jende berekoi? Halakoa al zara zu? Zu bezalakoak izateko aberastasunak pilatu behar ote ditugu? Zergatik eskatu behar ote dugu barkamena, jaiotzeagatik? Hondamendietan hildakoak, denak al ziren bekatariak? Zergatik zara gizon, eta ez emakume? Hain apala bazara, zergatik egin behar dizugu otoitz belauniko? Ba al duzu erreklamazio orririk? Halako galderak egiten dizkiote lau dantzarik jainkoari Act of God ikuskizunean, gora begira daudela. Erantzunak baino gehiago, zalantzak mahai gaineratzen baititu Ertza konpainiaren ikuskizun berriak. «Haur batek egin zitzakeen galderak dira gehienak», Asier Zabaleta zuzendariaren hitzetan. Haur baten xalotasunetik, jainkoari begiratzen diote dantzatzen diren bitartean. Etzi estreinatuko dute lana, Donostiako Gazteszenan, 20:00etan.

Apaindurarik gabeko oholtza batean, argien laguntza soilarekin, jainkoarekin bakarrizketan aritzen dira Zabaleta, Noemi Viana, Lorentxa Iturralde eta Eneko Gil; elkarrekin eztabaidan beste zenbaitetan, kantuan, otoitzean, marmarrean, isilpeka hizketan, oihuka eta bakarka edo elkarrekin dantzan. Gora begira sarri.

Hasiera-hasierako ideia iaz otu zitzaion Zabaletari, Brasilen zela. Jose Saramagoren Caín eleberria irakurtzean. «Izugarri gustatu zitzaidan nola tratatzen duen halako pisuzko gai bat, ironiaz, umorez, nola plazaratzen dituen hainbat galdera». Dantzaren bitartez lantzeko gai mamitsua izan zitekeela iruditu zitzaion, eta dantzariekin elkartu zen hasteko. «Liburua irakurtzeko eskatu nien, zenbait dokumental ikusi genituen, eta bakoitzaren esperientziak partekatzen aritu ginen, ez zerbait zehatza egiteko asmoz, baina bai gai horretan janzteko». Zein gai ukitu nahi zituzten eta zein galdera zituzten zerrendatu, eta Harkaitz Canori bidali zizkioten gogoeta guztiak; «liburuaren izpiritua» gorde nahi zutela ere esan zioten, eta lehen gidoi bat landu zuen idazleak.

Obran egiten dituzten otoitz berezietan ere izan zuen parte hartzerik. Jainkoari zer esango ziokeen zerrendatu zuten dantzariek, eta denetarik atera zen, Zabaletaren hitzetan. Canok ere landu zituen errezoak: Aita gurea hartu, eta haren egitura mantenduta, hitzak aldatu zizkion. Aitaren lekuan ama jarri zuen, gainera. «Betiko istorio judu-kristaua hartu, eta ikuspegi ironikoago bat ematea zen asmoa».

«Zerbait libreagoa egitea pentsatu genuen, Saramagoren hasierako ideiari ez hain lotua. Liburutik printzaren bat geratu da azkenean», Canoren hitzetan. Bere gogoetak ere badaude testuetan, auziak interesa baduelako beretzat, heriotzarekin edo eman izan den heziketarekin duen loturagatik, esaterako. Gogoeta bat nabarmendu du: «Bada sinesten duen jendea jakin gabe sinesten duela, berdin dit jainkoarengan edo beste zerbaitetan. Ez dugu pentsatu behar zertan sinesten dugun, baizik gure fedea non jarri dugun eta zerk iraintzen gaituen. Gakoa da zerk ematen digun min; literaturan ere gauza bera da; min ematen badizu zerbaitegatik da, eta horretan pentsatu behar da».

Dantzari bakoitzak ikuspuntu bati heltzea pentsatu zuten hasieran: sinestuna, sinesten ez zuena, zalantzan zegoena, eta beste kontrapuntu bat agertuko zituzten. «Baina, azkenean, ezetz erabaki genuen; denok zalantzak izatea eta ikuspuntuak aldatzea pentsatu genuen, bizitzan ere hala baita», Zabaletaren hitzetan. Aurrez landuta zituzten dantza mugimenduekin eta testua esku artean zutela, Ander Lipusengana jo zuten, dramaturgiarekin lagun zitzan, «dantza eta testua elkarri egokitzen, forma ematen».

Musikak indar handia du obra osoan. Johann Sebastian Bachen lanekin aritzeko gogoa aspalditik zuen Zabaletak, eta oso argi zuen gaiarentzat aproposa zela, «zeremoniaren kutsua emateko». Xabi Erkiziaren esku utzi zuten soinu diseinua, eta hark grabatutako hotsak ere badira, lurrikara baten burrunbarena, esaterako.

Kontraesanen jainkoa

Pertsonen psikologiarekin eta bizimoduarekin harremana duten gaiak lantzea atsegin du Zabaletak, eta erlijioaren inguruan jendeak ez duela gehiegi pentsatzen uste du. Gaiak gogoeta merezi du, ordea, «instituzio asko daudelako hortaz baliatzen direnak», dantzariaren iritziz. «Nork bere ikuspuntua argi izan behar lukeen gai bat da; erlijioaren izenean astakeria asko egiten dira, eta pasibotasun horrek onartzen du». Ez du erantzunik eskaintzen, ikusleak gogoeta egitea da asmo bakarra, halako auzietan erantzunik ez dagoelakoan. «Norberak atera behar ditu ondorioak, ez dugu espero behar inork erantzunak ematea, sinesten duenak ere horrela sinesten duelako, itsuki».

Horregatik hartu dute haur baten xalotasunaren abiapuntua. «Haur bati ere ezin zaio erantzun logiko bat eman honen inguruan, galderak ere ez dira oso logikoak; erlijioek erabiltzen dituzten ez-logika horiek baliatzen ditugu geuk ere obran». Hala, nahiago izan dute «ulertzen zailak diren kontraesanak» mahai gainean jartzea. Hondamendi batean jendeak erakusten duen fedea eta, aldi berean, ezbehar hori zigor modura ulertzea jarri du adibide gisa.

Kritika bat irudi lezake batzuetan, Vianak, «zergatik?!» oihukatuz bakarka dantzatzen duen zatian, esaterako. Baina kritika baino gehiago, «galduta dagoenaren zentzua, ez ulertzearen ezintasuna» agertu nahi izan dute. Kritika baldin badago, jainkoari edo erlijioari baino gehiago, «kontzeptu horiek euren mesedetan erabiltzen dituzten instituzioei» egiten die obrak.

Eta kontraesan horietatik sortu dira mugimendu asko, aurpegiarekin keinu bakoitza bereziki markatzearena, kasu. Elizetako zenbait irudi ekarri nahi dituzte gogora: «Aurpegi oso gogorrak dituzte, askotan torturen benetako irudikapenak dira, baina, aldi berean, jendeari sosegua, laguntza eta zeharo aurkakoak diren sentipenak ematen dizkiote irudi horiek». Kontraesan guztiak Donostian taularatuko dituzte etzi.

Noemi Viana, Lorentxa Iturralde, Asier Zabaleta eta Eneko Gil, atzoko entseguan, Donostian. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak