Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan ikasi, dantzan egin, dantza maite

Dokumentuaren akzioak

Dantzan ikasi, dantzan egin, dantza maite

Erromeria Eguna Errenterian

Egilea
Libe Ibañez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2004/07/18

Aurten ere lan bikaina egin du Ereintza Dantza Taldeak. Nahiz eta atzo goizetik eguraldi tristea izan, euririk ez zuen egin, eta Erromeria Eguna sekulakoa izan zen, arrakastatsua. Dantzazaleen eta ez hain dantzazaleen festan, gustu guztietarako ekitaldiak izan ziren.



Seigarren aldi honetan izan da berrikuntzarik: aurten, lehenengoz, dianarekin hasi zen Erromeria Eguna. Herritarrak musikarekin, modu goxoan, esnatu zituzten trikitilari, dultzainero, pandero jotzaile eta musikari guztiek, Zubietako joaldunekin batera. Ondoren, hau ere estreinako aldiz, Iparraldeko euskal jauzien dantza ikastaroa eskaini zuen Patxi Perezek. Ikastaroa Koldo Mitxelena plazan izan zen; hala ere, jaia ez zen hara mugatu. Atzo ez zegoen herriko bazterrik Erromeria Egunaren etorrera nabaritu ez zuenik. Horretaz arduratu ziren, besteak beste, Ereintza Elkarteko txistulari taldea, Juan Mari Beltran eta Astiazaran anaiak, eta Alkarkide txarangako kideak. Bazkariaren aurretik, kalez kale ibili ziren musikariak dantzariekin elkartu ziren Zumardian, eta ikuskizun bikaina eskaini zuten han. Ohiko arin-arin eta fandangoaz gain, polkak ere ikusi ahal izan zituzten inguratutakoek. Ondoren, bazkaria egin zuten udal kiroldegian. Bapo bazkaldu eta gero, Hari Gorri emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten, eta, afaldu ondoren, dantzaldia izan zen Trikizio taldearekin. Leher eginda bukatu zuten guztiek, baina gustura.Hamaikak inguruan hasi zen Patxi Perez bere lanean, Iparraldeko jauziak erakusten, Koldo Mitxelena plazara gerturatu zirenei. Herriko kaleetan barrena euskal jantziak soinean zituzten makina bat pertsona ikus zitezkeen ordu horretan, erdi korrika, eta guztiak norabide bera hartuta. Zenbait bakarrik zihoazen, besteak taldean, baina denek topaleku bera izan zuten: Koldo Mitxelena plaza. Plazan elkartu ziren dantzazaleek helburu bera zeukaten denek buruan: euskal dantzak taxuz ikastea. Horretarako, gainera, ez zuten nolanahiko maisua izan: Patxi Perez, zeinak honezkero Euskal Herriko plaza gehientsuenak ezagutuko baititu. Ikastaroaren hasiera hotz samarra izan zen. Ausartenek berehala osatu zuten Patxi Perez inguratzen zuen biribil txikia; gainerakoak kanpo aldean gelditu ziren. Hala ere, ez zuten asko behar izan animatzeko; pixkanaka, giroa berotzen joan zen, eta, hein berean, biribila ere handitzen. Geroz eta lotsa gutxiago nabari zitekeen plazan. Haur eta heldu, adin guztietako jendea bildu zen dantza ikastarora, emakumezkoak gehienak.



Ikasi eta hankak astindu Kontuak kontu, dantzan hasi aurretik beti azalpenak ematen zituen Patxi Perezek, eta ondoren hankak astintzeko ordua iristen zen. «Jauzi, erdizka!», adi entzun zituzten maisuaren esanak, bestela galduta ibiliko baitziren plazan zeuden asko. Gehienek asmatu zuten; hala ere, tartean baziren ezin asmatu zebiltzanak ere: «Aitzina!» entzun eta atzera joaten ziren horietakoak. Beste zenbait azkarragoak izan ziren, eta ondokoa dantzan nahikoa trebe zebilela erreparatu bezain laster, ez zuten dudarik izan: ikastaroak iraun bitartean ondokoaren hanketatik begirik kendu gabe aritu ziren dantzan. Jo eta su!



Dantzan ikasteaz gain, elkarrekin ezin hobeto pasatu zuten atzoko ikastaroan dantzariek. Irakaspena bukatuta, ezin esan Iparraldeko jauziak erabat menperatuta zituztenik, baina hor nonbait moldatzen ziren bukaerarako. Arratsaldean goizean ikasitakoa erakusteko aukera izan zuten Patxi Perezek zuzentzen duen Hari Gorri emanaldiarekin. Harro-harro hor ibili ziren, nork baino nork hobeto dantzatu.Juantxo Maya, Ereintza Dantza Taldeko lehendakaria, pozik zegoen atzoko egunak emandakoarekin. «Oso gustura gaude», adierazi zuen. «Dena ondo atera da, eta aurtengo bi berrikuntzekin ere dianarekin eta dantza ikastaroarekin asmatu dugula uste dut».Orain dela hiru hilabete inguru hasi ziren antolatzaileak atzoko erromeriarako prestakuntza lanetan, eta esker oneko agertu dira izan dituzten laguntzaile ugariekin.

Dokumentuaren akzioak