Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan goardia zibil eta apaizarekin

Dokumentuaren akzioak

Dantzan goardia zibil eta apaizarekin

Egilea
Nikolas Zendoia
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Iritzia
Data
2010/11/18
Lotura
Diario Vasco

Nik amasei urte nituen. 1957ko udara zan, eta igande arratsaldea. Aiako Urdaneta auzoan, erromeria. Soiñujolea Arroako 'Mardu', Pelaio zana, askotan bezalaxe.
Errua geronena izan zan. Ausartu giñan ba, igande arratsalde artan, errian, Aian, baimena eskatu gabe erromeria egiten! Ez dakit dakizuen: orduan erromeria egiteko, erriko baimena bear izaten genuen. Alako igandetan, soiñua ekarri nai degu, eta papertxo bat ematen zuten errian. Ez dakit zenbat ordaintzen zan: duro bat edo. Jakiña, orduan duro bat dirua zan. Joan egin bear zan gero, duro bat patrikan artuta, Aiako kaskora mendiz, dantzan egiteko baimenaren billa!
Ez dakit Jainko potolorik izango zan, baiña elizak eta goardia zibillek bazuten indarra. Nioena: gure Urdanetako plazan, gazte taldeak zintzo asko, trikitixak eta arin-ariñak dantzatzen. Artean ez bait genuen baimenik dantza lotuan aritzeko. Zer uste dezue, ba, gu nola ibiltzen giñala! Zera, gaurko gazteak bezala, zupaka?
An agertu zitzaigun goardia zibil pareja, arratsalde erdian plazara, beren kapela, kapa eta bota. Aurreneko galdera:
-¿Quiénes son los encargados?
Bazekiten bi mutil izaten zirala soiñujolearen kargu eta erromeriako zuzendari: plazan txapela pasa, tabernan zeudenei ere bai, eta abar. Uste det zirala Manuel Izeta eta Joxe Miel Anbu.
-El permiso de la romería, por favor.
Ez genuela, ba, atera. Barkatzeko.
Aiek soiñujolearengana:
-Pare usted el acordeón, por favor. Y no toque más esta tarde.
Nork pentsatu bear zuen, bein egingo erromeria baimena gabe, eta bertan goardia zibillak etorriko zirala?
Garai aietako mirariak orrelakoak izaten ziran. Baiña ez pentsa galerazi eta segituan martxa egin zutela. Ez orixe. Abiatu egiten ziran, baiña berriro agertzen ziran plazara. Gure sardiña zaar pareja illunabar aldera arte an ibili zitzaizkigun biraka. Eta, dantzaldia illunarekin bat amaitzen zanez, «aio, Pelaio», gure igande arratsaldea.
Baiña ori ez zan okerrena. Illunabar artan ez genuen neska laguntzera joaterik izan. Neska danak moiñotik gora aserretuta zeuden, nunbait, mutillon pulamentu txarrarengatik. Eta illunabarrean ez zutela mutil bearrik etxera joateko. Ori erromeria galeraztea baiño okerragoa zan.
Ala ere, soiñujolea, Pelaio, gizon portatu zitzaigun: erdia kobratu zigun. Orduan, igande arratsaldeko soiñujolea ogeitabost duro inguru kostatzen zan. Beraiena ere meritua zan, ba: soiñua bizkarrean artu eta martxa, mendiko auzoetara. Otza bazan, beroa bazan, aulki txiki batean plazan, jo ta jo arituko zan.
Don Daniel apaiz luzea ere azaldu zitzaigun plaza aldera, zer gertatzen zan galdezka. Ura ere, gazteak dantzan zebiltzanean, leio-zirrikitutik begira egoten zan. Eta dantza geratu zalako, plazara! Errukia agertzera joango zan. Baiña bera ez al zan izango pekataria? Ordurako asiak bait geunden esaten, urrengo San Martin festetarako, dantza loturako baimena ea lortzen genuen, eta abar. Eta orren berri bazuen apaizak. Jakiñean zegoen zer asmorekin genbiltzan.
Berak zioen elizak eman bear zuela baimena: obispaduko agiria edo nik ez dakit zer otxokuarto.
Guk esaten genion beste lekutan dantza lotua dantzatzen asiak zeudela. Eta ea guk zergatik ez? Gaiñera, oraindik geiago: baimen ori errian eskatzeko asmotan geundela, San Martiñetarako. Or pixka bat estutzen genuen.
Ori guztia jakiñik, egun artako susmagarria bera genuen, ziurrenik: ea pixka bat atzeratzen giñan, San Martinetarako dantza lotuaren kontu orrekin! Atera kontu apaizarentzat zer izango zan, bere etxeko leio aurrean, neska eta mutil baltseoan rixti- -raxta, rixti-raxta ikustea.
Denborarekin lortu genituen, bai, baltseoan egiteko baimenak. Baita erriko baimenik gabe erromeria egitea ere. Jaungoiko zaarrak agintzen duen bezela, gazteak dibertitzeko. Baiña ez dakit zenbat irabazi genuen.
Urdanetan dantza lotua egiten zala Zarautz eta inguruetan jakin zutenean, bai azkar etorri ere baltseoan ondo zekien mutil jendea. Orduan ara zer gertatzen zitzaigun: Urdanetako neskatxek dantzan ondo zekitenekin dantzatzen zutela; eta, pixka bat tajutu giñan bitartean, begira saio galantak egiten genituela, plaza bazterrean.
Gizartearen bizitzak zer aldakuntza ematen dituen, jaun eta andreak.
Orduan ezer ez zegoen aske eta, ala ere, danok antxe biltzen giñan, tapa-tapa oiñez joanda. Orain, dana aske, autobide ederra, Urdaneta iñoiz baiño apaiñago. eta urteko San Martiñetako festak bakarrik. Orduan esan izan baziguten zer gertatuko zan, ez genuen berealakoan sinistuko, ez orixe.
Dantza geldiarazi,
zer lege txepela.
Jakizue egitan
aritu naizela.
An izan ziraneri
galdetu bestela.
Norbaitek deitzen badit
bera ere an zela,
estimatuko nuke
lekuko bezela.

Dokumentuaren akzioak