Dokumentuaren akzioak
Dantzan, generoaz hausnartzeko
Kimuak dantza kolektiboak generoaren araberako bereizketa ezabatu du GenEroa ikuskizunean. “Dantza eta generoa nahasita hezi gaituzte. Batez ere, gu, dantza tradizionaletatik gatozenok. Nesken dantzak, alde batetik, eta gizonezkoenak, bestetik”, azaldu du Eneko Galdosek, Kimuak taldeko dantzarietako batek. Ikusten zuten ezetz, horrek ez duela inongo zentzurik. “Dantzan hastean, dantzaria ikusten da, eta ez du inolako generorik”.
Ordubete inguruko ikuskizuna da. Sei dantzariren emanaldia izaten da lehen zatian. Dantza tradizionalak dituzte oinarrian, baina ukitu garaikideekin; publikoarekin hartu-emanean hasten dira ondoren. “Hausnarketarako emanaldi bat diseinatu nahi genuen. Ez genuen iritzi bat inposatu nahi, jendeari pentsarazi baizik”, zehaztu du Galdosek. “Dantza beste bide bat da generoaren auzia lantzeko, beste tresna bat. Orain arte hitzez bakarrik jaso izan dugun horri halako koreografia ikusgarriak gehitzeak biderkatu egiten du jendearen arreta”, gaineratu du Ekaitz Goikoetxea bertsolariak. Olerki eta bertso bidez dantzarien jarduna osatzen du hark, luzapen baten modura. “Jendeak esaten digu ia nahigabe eduki pila bat barneratzen dutela. Oso mezu potenteak daude. Ederra da jendearengan arrastoa uztea, solasaldiak eragitea”.
Jende asko joaten zaie saioak amaitzean, eta hurrengo egunetan ere iritsi izan zaizkie mezuak. “Jendeak generoaren araberako bereizketen inguruko kontzientzia badu, baina hor gelditzen da. Praktikan jarri behar da”, esan du Galdosek. “Ez dakit aldaketarik lortuko dugun. Baina jendeari pentsarazten badiogu, ez da gutxi”. Baikorra da dantzaria, eta sinetsita dago bereizketa amaitu egingo dela. Dantzaren arloan aldaketa hasi dela dio, gainera. “Dantza irakaslea naiz Bergaran, eta denei gauza bera erakusten diet”. Kimuak kolektiboko kide gehienak ere dantza irakasleak dira, eta, haien kasuan ere, taldeak mistoak dira. Galdosek uste du ikasle horiek ez dutela egingo bereizketarik hazten direnean ere, hala ohituta daudelako, eta hurrengo belaunaldiei ere hala erakutsiko dietelakoan dago.
Aldaketak poliki egiten diren arren, dirudiena baino gutxiago kostatzen dela esan du. “Tradizioari pisu handia ematen zaio, eta beti dago aldaketarako beldur edo zalantza hori. Beti dago ados ez dagoen norbait, edo esaten duena aldaketak egiten direla mutilak falta direlako, baina gutxiengoa dira”. Zumarragako ezpata dantzaren adibidea jarri du. 2015ean, mistoa egitea erabaki zuten, eta azkenera arte ezer ez esatea, “badaezpada”. Erantzuna, baina, “oso ona” izan zen. “Publikoa dantzak ikustera doa, ez nork dantza egiten duen ikustera”.
Jende asko bertaratu da GenEroa-ren emanaldietara. Protagonistek ere ez zuten espero horrelako erantzunik. “Beldur pixka bat genuen: talde berria, gure publikoarentzako dantzatzeko era berria… Baina, itxura denez, jendeari gustatzen zaio. Pozik gaude”, dio Galdosek. Plazak bata bestearen atzetik atera zaizkie, eta agenda betea dute: Iruran ariko dira gaur, eta Gaztelun, etzi. Neguan ere ez dira geldituko. “Ikuskizuna kalerako pentsatuta dago, eta egokitzapen txikiak egin beharko ditugu: argiak, soinua, eta abar. Baina muina bera izango da”.
Beixez jantzita
Arropak ere ez dituzte aldatuko. Beixez doaz, goitik behera: kamiseta tiranteduna, arrantza galtzak eta zapatilak. “Hasieran, zuriz janzten ziren, eta mundu guztiak dena dantzatzen zuen dantza tradizionaletan”. Neskek eta mutilek berdin dantzatzen zutela erakusten duten argazkiak daude. “Gerora egin zen banaketa. Esaten zen neskek ezin zutela altxatu hanka mutilek bezainbeste, indarra falta zitzaiela… Eta guk horrela ikasi genuen”. Ikuskizuna sortzeko, ikerketa lana ere egin dute. Argi zuten denak berdin jantziko zirela. “Kolore neutroren bat nahi genuen, eta gehien gustatu zitzaiguna aukeratu genuen”.
Emanaldiek hirugarren zati bat ere izaten dute, ezusteko bat. Gonbidatu bat izaten dute saio bakoitzean, gaiarekin era batera edo bestera lotura duena: Villabona-Amasan, esaterako, Oihana Iguaran sortzailea izan zuten alboan; Andoainen, berriz, Nora Mendizabal pilotaria —esku-huskako herriartekoan partida bat jokatu zuen lehen emakumea izan zen—. Datozen saioetako protagonistak ez dituzte argitu, sorpresa izan dadin.
Dokumentuaren akzioak