Dokumentuaren akzioak
Dantzan eta hegan
Acroindar taldeko lagunek akrobaziak eta dantza batzen dituzte. Haiek asmatutako nahasketa da; nahasketa erakargarria.
Dantza eta balantza ibiltzen dira. Baina balantza orekatua da, grabitatearen legeak zalantzan jartzen dituena. Gai dira gorputz osoa airean izateko, aldamenekoaren hanka edo esku bakar batean bermatuta. Oker-oker eginda, gomazkoak balira bezala, baina era berean estilizatu eta eder. Ezinezkoak diruditen irudiak sortzen dituzte. Helis da taldea gidatzen duena: «Piramidea egingo dugu: bat, bi eta... hiru!», esan du. «Andrea, tolestu hanka, tolestu!». Baina denen artean asmatzen dituzte koreografiak: «Musika jartzen dugu, hasten gara tontakeriak egiten... 'Ui, hau polita da, hau ere bai...'. Eta horrela sortzen dira ideiak». Egiten dituzten figurak, berriz, acrosport kirolekoak dira. «Internetetik ateratzen ditugu, liburuetatik, telebistan ikusitakoak... Topatzen ditugun errazenak egiten ditugu! Kar, kar».
Acrosport modalitateak akrobazia eta kirola batzen ditu. «Baina guk egiten duguna ezberdina da: akrobazia eta dantza nahasten saiatzen gara. Eta hori berria da, guk ez dugu inon ikusi behintzat». Haiek asmatua da, eta, horrenbestez, ez dute inongo lehiaketatan parte hartzen. Ikuskizunak egiten dituzte. Kiroldegietan, antzokietan... «Lehenengo urtea izateko, ikuskizun dezente egin ditugu». Nagore Hormaetxeak zehaztasun gehiago eman ditu: «Eskubaloiko Bidasoaren partidetan ateratzen hasi ginen, atsedenaldietan. Eta gimnastika erritmikoko erakustaldietan gonbidatu gisa ere egon gara, Tolosan eta Hernanin. Gainerako ikuskizunak antzokietan egin ditugu. Deigarriena irailean izan genuen, Kursaalean».
URTEBETEKO LANA. «Egingo dugu zisnearena?», proposatu du Helisek. Eta ederki irten zaie zisnearen figura. Orain dela urtebete sortu zen taldea. «Nik Madrilen ezagutu nuen acrosport-a, Heziketa Fisikoa ikasten nenbilela. Nagore Gasteizen ari zen ikasten. Elkartu ginenean, probatzen hasi ginen», azaldu du Legorburuk. Eta gogotsu dabiltza. «Honek harrapatu egiten zaitu!», dio Nagorek: «Besteak ere segituan animatu ziren. Gustura gabiltza. Ordu hauetan hemen egoteko, denok ikasten edo lanean egonda...». Gehienek kirolarekin lotutako lanak dituzte, Heziketa Fisikoa ikasi dutelako. Gotzon, adibidez -mutil bakarra-, aerobikeko irakaslea da. Donostia ingurukoak dira gehienak. 16 urte dituzte gazteenek, eta 28 helduenak. Bost bat taldekide balletetik datoz, bi euskal dantzatik eta bat gimnastika erritmikotik. «Ideia gustatu zitzaien, probatzera etorri ziren, eta hemen gaude!».
Dantzarako zaletasunak batzen ditu guztiak. «Baina balletak ez du zer ikusirik honekin! Ez da dantza garaikidea ere, ez da gimnastika erritmikoa... ezberdina da». Egiten dituzten akrobazia batzuk zailtasun handikoak dira. Eta baita arriskutsuak ere. Hormaetxearen arabera, «errespetua ematen du. Beldur pixka bat. Beti ondokoen laguntzarekin egiten ditugu. Horrekin nahiko kontzientziatuta gaude: inork ez du ezer probatzen bakarrik!». Instalazio egokirik ez dutela nabarmendu du Helisek: «Lur biguna beharko genuke, koltxoneta handiak, tranpolinak, toki gehiago... Hemen, erortzen garenean, egundoko zartakoak hartzen ditugu!». Leku aproposagoa topatuz gero, ariketa gimnastikoak ere egingo lituzkete: jauzi nagusiak, txiribueltak...
Hori bai, taldearen behar gorriena mutilak dira. Mutil bila dabiltza: «Bai, bai! Mutil sendoak, indartsuak! Kar, kar. Zaila da horrelakoak aurkitzea. Dantzan dabiltzan mutilak gazteak dira gehienak, eta Madrilen bukatzen dute denek», azaldu du Helisek. Nagorek dioenez, «mutilei figurak egitea erakargarria egiten zaie, baina ikusten dutenean helburua ikuskizunak egitea dela eta dantzan ateratzea... atzera egiten dute. Beldurtu egiten dira». Beldurrak uxatuta Acroindar taldekoekin entrenatu nahi duenak haien webgunera jo dezake: www.acroindar.com. «Mutilak ondo jarri, letra beltzarekin!», gehitu du Helisek, umoretsu; «neska bakoitzeko mutil bat izatea izango litzateke perfektua. Bakoitzak bere bikotekidea eduki eta figura politak egiteko, baina... Igual hamar urte barru! Kar, kar».
Nagore sei urterekin hasi zen dantzan; Helis, berriz, hirurekin. «Gure adinarekin, 24-25 urterekin, eta bizitza osoa dantzan egon ondoren, zer?». Dantzan jarraitu nahi dute! Eta horretan ari dira. Dantzan geratu dira, gorputzari eta irudimenari hegoak jartzen, irribarretsu.
Dokumentuaren akzioak