Dokumentuaren akzioak
Dantzan eta erritmoetan bermatzen dira Hartzarok zabalduko dituen sorkuntzak
Animazio guztiekin, «Ihauteriko kadria», «Su jauzia» eta «Burrunka» aurkeztuko dira Uztaritzeko festibalean
Hartzaro izango da ondoko asteburuan, Uztaritzeko VIII. jaialdia. Inauteriak oinarri dituen festibala ostiralean, arratseko bederatzietan, irekiko dute Garazi Philantropik(e) Orkestraren eta Anje Duhalde musikariaren kontzertuekin. Ondotik, egunez egun, inauterien egutegiari jarraiki, lau eguneko animazioak izango dira. Baina, jaialdi honen berezitasuna sorkuntzari ematen dioten garrantzian bermatzen da. Festibala sortu zenetik, urtero edo bi urtean behin, Errobiko Kaskarotak elkarteak inauteriei lotuta dagoen sorkuntza plazaratzen du lekuko artistekin eta koreografoekin elkarlanean. VIII. jaialdi honetarako, hiru sorkuntza berri emanen dira.
Gure xedea besta giroa sortzea eta jaialdia ahal bezainbat zabaltzea da»
Battitta AMESTOI | Errobiko Kaskarotak elkarteko kidea
Battitta Amestoi Hartzaro hasi zutenetik dago Errobiko Kaskarotak elkartean. Beraien xedea ekimena herrian ahal bezainbat zabaltzea da.
Zer bilakatzen dira Hartzaro festibalean plazaratzen dituzuen sorkuntzak? Herrikoitzen ahal dituzue?
Ez. Guztiak herriko Izartxo dantza taldearen eskutan dira. Dantza guztiak elkartuz eta guztien artean ari bat lortuz ikusgarri berezi bat egiteko asmoa dute. Sorkuntzaren ideia Uztaritzen inauteriak berreskuratzeko abiatu genuen. Zanpantzarra berriz piztu nahi izan genuen, baina, ohitura sobera galdua zen eta, beraz, abereen inguruan sorkuntzak egiteko ideia bururatu zitzaigun. Geroztik, festibala indartzen ari da.
Hala ere, sortu dituzuen dantza batzuk herrian zabalduak dira...
Zirtzilen taldea sortu genuen horretarako. Dantza hau bereziki belaunaldi helduagoentzat egina da. Hartzaro iragan baino bi hilabete lehenago elkartzen dira dantzak ikasteko. Ekitaldia geroz eta arrakasta handiagoa biltzen ari da. Horrelako ekimenak baliatzen ditugu jendea gureganatzeko. Kaskarotekin ere helburu hori dugu. Kaskarotak dantzariak izan arren, etxez etxe joaten direlarik edozeinek parte hartzen ahal du. Geroz eta jende gehiagok hartzen du parte.
Aurten inoiz baino sorkuntza gehiago kaleratuko dituzue...
Emeki-emeki, urtero, jaialdia indartzen ari gara. Zabaltze hori Kaskaroten inguruan egiten dugu, horiek dira jaialdiaren oinarria. Horregatik, jaialdiz jaialdi, igandean Kaskaroten eguna mantentzen dugu. Uztaritzeko ohitura zaharrak, hau da, Kaskarotak, Zirtzilak eta Zanpantzarra galduak ziren, eta jaialdi honen bidez berreskuratu ditugu. Jaialdia azkartzeko, lekuko elkarteak parte hartzera bultzatzen ditugu. Gure xedea besta giroa sortzea da. Lan honi esker festibalaren arrakasta, urtez urte, handitzen ari da.
Oroitzen ahal duzu zer diren Kaskarotak?
Soldaduska egin aurretik, donado gazteak ziren gehienak. 20 urte baino gutxiago izan behar zituzten, inauterietan jantzi bereziak ematen zituzten soinean eta etxez etxe dirua biltzen zuten. Uztaritzen ohitura galdu zen eta berreskuratzen aritu gara azken urte hauetan.
Dokumentuaren akzioak