Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan egiteko adinik ez dagoelako sekula

Dokumentuaren akzioak

Dantzan egiteko adinik ez dagoelako sekula

Basotxo erretiratuen elkarteak antolatuta, martitzen guztietan elkartzen da taldetxo bat komentuko kaperan dantzan egiteko, ezin gusturago elkartu ere. Hain zuzen, kapera hori kultur ekitaldietarako areto bihurtuko du Udalak datozen hilabeteetan
Egilea
Mirari Altube
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Aretxabaleta
Mota
Albistea
Data
2020/01/10

Dantzan egiteko adinik ez dagoelako sekula

Agustindar mojen komentuko kapera dantza areto bihurtu dute azken hilabeteotan Basotxo erretiratuen elkarteko kideek. Martitzen guztietan (16:30) elkartzen da han taldetxo bat Marian Barragan irakaslearen esanetara, eta astean egin dute urteko lehen saioa.

Taldekide berriei zabalik

Karmele Ilarduiak eta Mari Karmen Gutierrezek bost urte inguru daroate dantza taldean. "Oso gustura gatoz; horren seinale, bost urte ostean hemen jarraitzea", diote. Eta gaineratu dute: "Oso giro polita dugu eta lagunartean ordubetetxo pasatzea ederto datorkigu".

Barragan irakasleak onartu du behera egin duela dantzari kopuruak: "Hiru talde izan genituen hasieran. Baina arrisku handiko adin tartea da, eta mokor eta belaun arazoekin hastean utzi egiten dute askok. Nik probatzera animatuko nituzke sekula etorri ez direnak, ondoetorriak izango dira".

Irakasleak gomendatu du ikasteko "gogotsu" etortzea, bereziki bikoteka egiten diren dantzen kasuan: "Jarraibideak jaso behar dira lehenengo, pausoak edo koreografiak ikasteko. Lerroan edo bakarka egiten diren dantzetan norberaren kontua da ikastea, baina bikotekidearekin hasterakoan koordinazioa oso garrantzitsua da". Dena den, zaila ez dela inondik inora gaineratu du.

Interesa dutenak komentura bertara gertura daitezke martitzenetan, eta bestela, Basotxo erretiratuen elkartera jo argibide eske (astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 12:00etara).

Komentuko lanak aurten

Udalaren asmoa da komentuaren lehen solairu guztia birmoldatzea; kapera izango da kultur erabilerarako aretoa eta lehen solairu horretan Basotxo erretiratuen egoitzari eta eguneko arretarako zentroari ere egingo diote lekua. "Arkupeko Zaraia aretoa txiki geratu izan da hainbatetan eta asmoa da kapera hau erabiltzea kultur kontuetarako. Erretiratuek ere erabiliko dute, noski, baina herritar guztiendako izango da zabalik", adierazi du Karmele Uribarri Ongizate zinegotziak.

Eperik ez du eman gura izan. "Proiektu arkitektonikoa orain atera da lehiaketara eta esleitu egingo da lehenengo. Ondoren etorriko dira gainerako pausoak", dio. Eta gaineratu du lehenbailehen egin gurako luketela: "Erretiratuen elkartearen egoitza oraingo eraikinetik atera behar dugu osasun etxe berria egin dezan han Osakidetzak, eta gure zain dago horretarako".

Dokumentuaren akzioak