Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan dabilen herria ez da inoiz aspertuko

Dokumentuaren akzioak

Dantzan dabilen herria ez da inoiz aspertuko

Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak hasi eta bukatuko ditu herriko jaiak, haren 50. urteurrenean.

Jai egitarau betea dute lau egunetarako. Txosnen gune bateratua ere indartuta dator aurten
Egilea
J.M. Benito del Valle Solaun
Komunikabidea
Berria
Tokia
Markina-Xemein
Mota
Albistea
Data
2016/07/15
Lotura
Berria

Mende erdia bete du Markina-Xemeingo (Bizkaia) Zerutxu dantza taldeak. Horregatik, haiek hasiko dituzte gaur hastekoak diren jaiak, eta haiek amaituko dituzte astelehenean. Partekatu egingo dute protagonismoa jaietako pertsonaiarekin —Alarabi erraldoi begibakarrarekin— eta lau egunetarako jaietako egitarau zabala gozatzera joaten diren guztiekin.

«Ilusio handiagoa» nabari da aurten Markina-Xemeinen, dantzari dagokionez. «Urte berezia izaten ari da. Herria ohituta zegoen gure jardunera, baina gauza desberdinak egiten ari gara». Zerutxu taldeko Iraide Antxia dantzariak esandakoak dira. Taldean eskarmentu handia du Alex Larrinagak, eta, hark aipatu duenez, aratusteak apartekoak izan ziren. Horrez gain, erakusketa bat ere antolatu dute Karmengo komentuan, taldearen jantzi eta argazki historikoekin, eta udazkenerako dantzaldia eta herri bazkaria ere antolatu nahian dabiltza.

Gehiagotan ere hasi izan dituzte jaiak Zerutxukoek, baina aurtengoa ezberdina izango dela diote. 50. urtemuga dela eta, bertso bat prestatu dutela aurreratu du Antxiak, eta, kontatu duenez, gaztetxoenak izango dira protagonista, duela hiru urteko jaietan bezala. Finean, umeak dira «taldearen etorkizuna eta oinarria», Larrinagaren hitzetan; taldea osatzen duten ia ehun kideetatik 60 inguru haurrak dira.

«Dantza talde tradizionala» direla diote Antxia eta Larrinagak, eta eskualdeko bakarretakoa. Horregatik, urtero, herriko auzoetako eta inguruko herrietako hainbat ohitura betetzeko ardura bere gain dute.

Euskaltzaleen ekimenez sortu zen Zerutxu, eta egungo kideek euskal kultura sustatzen eta plazara ateratzen jarraitzen dute. Larrinagak azaldu duenez, taldearen urteroko ekitaldi garrantzitsuenak honako hauek dira: inauterietako Hartza pertsonaia eta zahagi edo zalari dantza, Arretxinagan sanmigeletan egiten duten Xemeingo ezpata dantza eta Karmen eguneko aurreskua eta sokadantza.

Markina-Xemeingo jaietan, ordea, ez dute urtero emanaldia egiten Zerutxukoek. Bi urtetik behin egin ohi dute saioa. Aurten, Alarabi erre aurreko ikuskizuna izango da haien dantzaldia, 22:00etan. Zenbait euskal dantza egingo dituzte. Taldeko dantzari guztiek parte hartuko dute, eta, egun berezia izanda, taldekide ohiak gonbidatu dituzte azken bi dantzetarako.

Jaiak amaitu baino lehen, ordea, ez da aspertzeko astirik egongo, «egitarau potentea» eratu baitute, Eneko Arrate Jai Batzordeko kideak azaldu duenez. Urteroko danborrada, bertso saioak, herri kirolak, mariachiak, umeen eguna, zesta-punta eta arrakasta handiko beste tradizio batzuk ere izango dira. Jada ohitura dira herri bazkaria eta herritxoue. 2.500 lagun elkartuko dira bazkaltzeko, eta gonbidatu gisa Granollersko 180 casteller edukiko dituzte. Andrabanda perkusio talde feministak girotuko du festa. Aurtengo kontzertuak antolatzean, «beteranoak» izan dituztela buruan aitortu du Arratek.

Aurreko astetik dabiltza herrian «ekitaldi arrakastatsuak» egiten, Arratek dioenez. Txosnetan ere asteazkenean hasi zuten egitaraua. Atzo afaria egin zuten, Anariren kontzertuarekin.

Barra komuna

Kontzertu hori kultura arloan eman nahi duten «kalitate saltoa» erakusteko dela diote txosnen guneko Jon Arriagak eta Maite Bengoak, eta «ez errentagarritasun ekonomikoari begirakoa».

Zazpi elkartek osatzen dituzte txosnak, eta «urte osoan nork bere aldarriak ditugun arren, denok bat egiten dugu jaietan». Iaztik barra komun bat dute, eta bat egiten dute horregatik kolore more eta laranjako aldarrikapenetan; tokiko nekazaritza produktu, denda txiki eta Boga garagardoa ekoizleen aldeko apustuan; hondakinen kudeaketa eta birziklatze tasen inguruko kezkan. Eta, «txikiak izanik», ahalik eta autogestionatuena izan nahi dute. Aurten, gainera, haien Ma eta Xe pertsonaiek txosnen guneko logotipo, abesti eta koreografia berria aurkeztu zituzten.

Joan den astean Xemeingo Gauan ere dantzatu ziren Zerutxukoak.
Joan den astean Xemeingo Gauan ere dantzatu ziren Zerutxukoak. JOSU ARRATE

Dokumentuaren akzioak