Dokumentuaren akzioak
Dantzan atzerrian
Jaialdiz jaialdi eta emanaldiz emanaldi euskal folklorea lau haizetara,
etxean nahiz atzerrian, zabaltzen eman dute uda. Abarkak, zapiak,
ezpatak eta jantzi dotoreenak harturik abiatu ziren, koreografia hutsa
ez ezik eurak ere mintzatzen baitira gure kultura eta ohiturez. Hungria,
Belgika, Holanda... hamaika herrialde eta beste hainbeste bizimolde
ezagutu dituzte; eta adiskide mordoa egin. Udako bidaiok lanean gogor
jarraitzeko gogoa berritzen diete euskal dantza taldeetako kideei,
zalantzarik gabe. Aberasgarria da elkartrukea eta aberastuta itzuli
dira.
Trebeska, egiatarrak
Ez da hiriko dantza-talderik zaharrena; baina, Trebeskak bere
lekua aspalditik egina du euskal folklorearen panoraman. Hungarian izan
dira aurten eta Laia Varela zuzendariorde eta dantzariaren arabera,
harrera «bikaina» izan dute.
1976. urtean sortu zen taldea, Egiako Xabier Elkartearen baitan.
Hasiera-hasieratik Euskal Herriko dantza herrikoiak berreskuratzea
hartu zuten erronkatzat, beti ere ohiturak agintzen duen egokitasunez
eta janzkerari ere merezi duen neurrian erreparatuz. Bide horretan
elkartu dira 16 eta 30 urte bitarteko 60 bat lagun ¬dantzariak¬ eta
beste hamar bat musikari.
Hungariara, ordea, 33 besterik ez ziren joan. «Szeged izeneko
hirian izan gara, oso gune garrantzitsua da inguru hartan -dio Varelak-
eta uda folklore jaialdiz betetzen dute; bata bestearen atzetik».
Abuztuaren 7tik 11ra bitarte izan ziren Trebeskakoak han eta hiru
emanaldi ezberdin eskaini zituzten. Varelak sei urte daramatza helduen
taldean eta lau aldiz izan da atzerrian. «Esperientzia paregabea da;
taldea ezagutzera ematen dugu eta, gainera, oso harrera ona du gure
folkloreak».
Kolore eta mugimendu aldetik beste herrialde batzuetakoak baino
apalagoak izan arren, euskal-dantzek ikusleen arreta erakartzen dutela
sumatu du Laia Varelak: «Harrigarria iruditzen zaie mutilek hanka
goraino altxatzea edota edalontzi baten gainean dantza egiteko gai
izatea». Noiz edo noiz, despistaturen batek galdetu izan die kriskitinak
eta peinetak non ote dituzten baina, gainerakoan, «eukal folklorea
ezaguna eta estimatua da atzerrian».
Kresala, Parte Zaharrekoak
1975az geroztik urtero egin duten moduan, aurten ere atzerrira
irten dira Kresalakoak; Holandako Zeend Desas Van Gent herrixkara, hain
zuzen. Bi urtean behin egiten dituzte han tankera honetako jaialdiak
eta, Faustino Aranzabal Kresala dantza-taldeko zuzendariak dioenez,
herritarrak buru-belarri murgiltzen dira. Uztailak 22tik 27ra bitarte
izan ziren bertan, Ukraina, Txina, Hungaria, Senegal eta beste hainbat
herrieldetako dantzariekin batera.
1968an Gene Yurre dantzari eta koreografoak sorturiko euskal
dantza taldeak eredu aitzindaria finkatu du folklore produkzioan
antzerki kodea txertatuz. Egun klasikotzat jotzen diren ikuskizunak
¬iruleak, maskaradak¬ lantzen hasi ziren baina euren eboluzioan
zaharberritzea izan dute ardatz, jatorrizko oinarriak eskema
garaikideetara egokitzea, alegia.
Finlandian, Kroazian, Suizan, Alemanian... izan dira eta,
aurten, Holandan. «Gonbidapen pila jasotzen dugu urtero eta ezinezkoa
zaigu guztiei erantzutea», aitortu du Aranzabalek. «Jaialdiaren
duintasunari , tratuari eta, batez ere, dantzarien agendari erreparatzen
diogu bat edo beste aukeratzeko». Ikasleak baitira gehienak.
Sokadantzan ikuskizuna eraman zuten Herbehereetara, «1998an
birsortu genuen, enkarguz, Montignaceko jaialdian aritzeko», azaldu du
Aranzabalek. Bost bider ¬bakoitza ordu eta erdikoa¬ eman zuten eta
publikoaren erantzunarekin oso pozik itzuli dira: «Jendeak gustu handiz
eta pasioz jarraitu ditu emanaldiak».
Bi zentzutan aberastu direla uste du Faustino Aranzabalek:
«Atzerrira irteten garen bakoitzean gure burua kokatzen dugu kanpoaldean
eta, gainera, euskal kulturaren zati bat modu duinean aurkezteko parada
izaten dugu. Bestalde, jende eta ohitura berriak ezagutzea beti izaten
da interesgarria».
Euskal Herrian barna ere ibili dira udan dantzan; baina, gogoa
datorren urrian jarria dute dagoeneko. Sorreraren 40. urteurrena
ospatuko dute orduan eta, Aranzabalek aurreratu duenez, egitasmo berezia
dute esku artean, bero-bero.
Eskola, haurrak zorteko
Eskolaren kasuan, taldeko txikienak izan ziren zorioneko
abuztuan, Belgikan egon baitziren astebetez. 30 urteko harreman estua
dute Izegen herriko folklore taldearekin eta sei urtero behin egiten
dute trukea.
1940an egin zuen Koruko Ama Birjinaren Scholla Cantorum-ek bere lehenengo agerpena, gerora Koruko Ama Birjinaren Eskola ¬Eskola¬
izena hartu zuena. Hasieran eliza musikaren arloan jardun ziren baina
50ko hamarkadatik aurrera ekin zion dantza-taldeak emanaldiak
eskaintzeari, abesbatzarik gabe alegia, eta beti euskal gaitan
oinarrituriko koreografiak landuz. Gainerako guztiek bezalaxe,
Eskolakoek ere gaztetxoenei zuzenduriko dantza-eskola dute eta hain
justu azken hauek dira Izegenen beso eta hankak astintzen aritu zirenak.
«Zoragarria da adin ezberdineko hogeita bost ume bat eginda
ikustea». Nagore Ugaldebere Eskolako umeen taldeko arduradunaren hitzak
dira. 9 eta 17 urte bitarteko hogeitabost dantzari, lau musikari eta
beste lau arduradun izan dira Belgikan eta taldekideen arteko harremanak
izugarri sendotu direla dio Ugaldeberek: «Geurea den zerbait ezagutzera
emateaz gain, guk geuk ere ezagutu dugu elkar».
Lau aldiz igo ziren oholtza gainera eta gozoki oroitzen ditu Ugaldeberek orduko sentsazioak.
Dena dela, aspaldiko kexu bat ere plazaratu du: «Udalak eta
Jaurlaritzak ez dute inolako diru-laguntzarik bideratzen euskal
folklorera». Euren jardunean aurrera egiteko administrazioaren
laguntzarik ez dutela salatu du: «Aurreko trajeak zaharkituak genituen
eta jantzi berriak egin ditugu aurten, gastu handia da eta gurasoak
elkartu behar izan dira jostera». Eurek bizi duten egoera gainontzeko
dantza taldeen kasuan ere antzekoa dela uste du Ugaldeberek.
Arkaitz, añorgatarrak eta zaharrenak
Añorgako Arkaitz dantza taldearen kasuan ere diru kontuek
baldintzatu dute udako bira. Bulgariatik jaso zuten gonbidapena baina
ezinezkoa izan da. Añorgan bertan, Eibarren, Baionan eta beste hainbat
plazatan aritu dira, ordea.
Ibilbide luzea egin du taldeak 1920ko hamarkadan sortu zenez
geroztik. Antza, festetan antolatzen zuten aurreskurako dantzariak
kanpotik ekarri beharrak piztu zuen auzoan bertako dantza-talde bat
osatzeko nahia. 1930ko hamarkadan baziren jada berrogeita hamar bat kide
eta indarra hartu zuen Arkaitzek. Bidean argilunak izan badituzte ere,
gaur gaurkoz, 60 bat lagun aritzen dira helduen taldean eta beste 40
inguru gaztetxoenean.
Oier Mendiola zuzendariak dioenez, 1995 eta 2000 bitartean
Idahon, Flandesen eta Grezian ibiliak dira. Baina gero belaunaldi
aldaketa iritsi omen zen eta, orain gutxi arte behintzat, oso talde
gaztea izan da helduena eta horregatik ez dute egoki ikusi atzerrira
irtetea. «Iaz ekin genien berriz ere bidaiei eta gutxienez bi urtean
behin bat egitea erabaki dugu», taldearen barne-kohesiorako oso
garrantzitsutzat jotzen baititu Mendiolak halako irteerak. Katalunian,
Cantonigros jaialdian izan ziren iaz. «Planifikatu izan bagenu ez
litzateke hain ongi aterako», dio bidai hartaz eta aurten, beraz, txanda
pasa.
Lau urte daramatza Oier Mendiolak zuzendari lanetan baina
datorren urrian hartuko dio erreleboa Gari Otamendik. «Dantzan
jarraituko dut, noski, baina zuzendari eta irakasle lanak utziko ditut».
Dena dela, talde barruan betebeharrak ¬ezkontzen ardurak, jantzienak,
bidaienak...¬ oso ongi bereiztuak daudela dio eta, beraz, aldaketak ez
duela egoera desegonkortuko.
Goizaldi, anfitrioi lanetan
Kanpora irten ez eta etxean, anfitrioi lanetan aritu dira Goizaldi dantza taldekoak aurtengo udan.
Eurek beraiek antolaturiko Lauarin nazioarteko jaialdiaren
bigarren edizioa izan dute esku artean eta Mazedoniatik nahiz Poloniatik
hurbildutako dantzariei ganorazko harrera egin diete.
Egun Goizaldi izenaz ezagutzen dugunak Kandido Pujana maisuaren
talde gisa egin zituen lehen urrasak 1948. urtean. Hurrengo urtean hartu
zuen gaur egungo izena eta 1950. urtean sartu ziren neskak taldean.
60 urte geroago, 41 lagunek osatzen dute helduen taldea. Aritz
Salamanca zuzendariak dioenez, Europatik lauzpabost gonbidapen jaso
dituzte datorren urterako baina «urteko ekonomiaren arabera» erabakiko
dute zer egin. «Edozein kasutan, ahalegina egingo dugu; dantzarientzat
urte osoko lana eskertzeko opari modukoa izaten baita udako bidaia».
Gainera, kanpokoen harrera beroak indartu egiten dituela dio:
«Berria egiten zaie gurea». Europako dantzak beti borobilean egiten
dituztela azaldu du Salamancak, eta latinoak oso mugituak baina euren
artean berdin antzekoak direla. «Horregatik, ezpata-dantza edo Agur
batek helarazten duen handitasuna antzeman eta estimatzen du publikoak».
Dokumentuaren akzioak