Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzan atzematen dut mementoaren bizitzekoa»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzan atzematen dut mementoaren bizitzekoa»

Arantxa Lannes. Dantzaria

‘Istan-T’ ikuskizun berriko koreografia egin du Lannesek; Garaztarrak dantza taldeak bihar arratsean du aurkeztekoa, Izpuran. Gaur egun, Elirale konpainian dantzari da, kanpoko proiektuak atxikiz.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/03/14
Lotura
Iparraldeko Hitza

 Uztaritzeko Izartxo herriko dantza taldean hasi zen dantzan Arantxa Lannes (Uztaritze, 1987). Arte plastikoak landu zituen ikasketetan, lizentzia eginez, baina dantzaren deia izan zen azkarrena, eta abiatu arte ederretarako prestakuntza utzi zuen, dantza eskola batean hartu baitzuten.

Tolosako (Okzitania) James Carles eskolan sartu zinen. Zein ditu ezaugarriak?
Nik hiru urte pasatu nituen, baina nahi bezainbat egin daitezke. Formakuntza da: dantza klasikoa, jazza, dantza garaikidea eta Graham teknika [Martha Graham, 1894-1991, AEB].

Formakuntza teorikoa ere bai?
Bai, baina ez zen erregularra. Azterketa batzuen prestatzeko egiten ziren, eman dezagun aste bateko formakuntza bat mugimenduaren analisiaz, gorputzaz…

Nola hartu zion gaina dantzak arte plastikoari?
Ez dut orokortasun batean erraten ahal, gauza pertsonala baitaiteke. Betidanik marraztu dut, baina dantza eta marrazkia ez dira batere deslotuak. Gauza bera da azken finean. Biak mugimenduan dira egia erran, baina marrazkiarekin finkatzen duzu irudi bat nahiz eta mugimenduan izan, eta dantza ikusgarri bizia da, momentuan bizitzen duzuna, gero, oroitzapen bat baizik ez dena. Marrazkian eskas nuena beharbada gorputzaren lantzea zen. Gorputza da munduarekiko harremana, pertsonekiko, lurrarekiko. Gauza konkretu bat da, eta maite dut hori. Bizi duzu momentua. Sentsazio eta mugimendu bila nintzen gehiago. Baina gauza bera da, marrazkitzen baituzu espazioan dantzan ari zarelarik.

Zer ekarri dizu Tolosako formakuntzak?
Lehenik, teknika. Eskas bainuen. Dantzaren mundua deskubriarazi dit, zer den zinez lan hori. Arras desberdina da praktikatzea plazerarentzat eta praktikatzea zinez ikerketa bat bezala. Plazerarekin, amateur gisa ari zarelarik ez duzu sakontzen manera berean; gehiago forma batean zara. Ez zara egoten aste edo hilabete anitzez galdezkatzen mugimendu bat bakarrik. Profesionalki lantzen duzularik zinez dena sakontzen duzu, eta sufrimendu bat da, gakoak bakarrik atzeman behar baitituzu. Esperientzia pertsonala da inork ezin duena bizi zuretako.

Bakarrik egiten den lana da ala behar da kanpoko begi bat?
Behar da kanpoko begirada bat. Bistan da, bakarrik atzematen ahal dituzu gauza anitz, baina behar da kanpoko begirada. Zuk uste duzuna ez baita bortxaz besteek ikusten dutena.

Garaikide izenaren gibelean bada forma, eskola orotarik. Nola lantzen duzu zuk?
Maite dudana dantza garaikidean da edozeinek dantzatzen ahal duela. Esperientzia biziki pertsonala denez, biziki hurbil da naturala den zerbaitetik. Gorputza errespetatzen da den bezala. Irakasle bakoitzak badu bere proposamena. Ez duzu klasikoan bezalako teknika bat xerkatzen; ez da performance istorio bat, baizik eta norberaren esperientzia. Gorpuztasun bila zarenez, bortxatua zara zuhaurren buruari buruzko lan baten egitera, sentsazio mailan. Galderak ekartzen ditu: nola kokatua den zure gorputza espazioarekiko, besteekiko; lurrarekiko harreman hori. Pixka bat erroen bilaketa bat da. Horregatik maite dut estilo hori. Bada norberaren eraikuntza edo bilaketa berezi bat aldarrikatzen dena, konplitze bat; eta, bestaldetik, sistemaren irudi topikoei lotzen gaituena. Eguneroko bizitzan presio bat ekartzen du horrek, oharkabean; biziki fite bizi gara, ni lehena beti lasterka ari naiz. Dantzan atzematen dut, azkenean, momentuaren bizitzekoa. Oinarri bat. Gorputza da oinarri hori, gauza konkretua baita.

Gorputz adierazpidea izateaz gain, munduaren irudikatzeko metaforen eraikuntza ere bada dantza. Lantzen duzu?
Lantzen denaren mende dago. Izaten ahal da gorpuztasunaren bilaketa hutsa, baina bakoitzak badu historia pertsonal bat, eta historia amankomun bat aldi berean. Nahi ala ez agertuko dira historiaren aztarnak, eta etengabe inspiratzen gara horretaz dantza garaikidean. Kritika bat egiten ahal banu gaur egungo proposamenez, erranen nuke performanceek leku anitz hartzen dutela eta jende multzo batek hori goaitatzen duela, apainkeriarekin, estetikoa den lan bat. Topikoak funtzionatzen dira nonbait, baina ez da deus sakona azken finean. Irudi bat finkatzen duzu, eta forman bakarrik egoten. Jendea nahi baduzu hunki benetan, joan behar zara sakonago xerkatzera, zerbait pertsonalagoa eta engaiatuagoa, justuki gehiengoa hunkitzeko, hori baita unibertsala bilakatzen. Orduan hautuak egin behar dira.

Nola esplika denek dantza garaikidea egin nahi dutela Euskal Herriko taldeetan?
Euskal dantzari lotua da zure galdera. Uste dut talde guzietan xerkatzen ari garela nola bizi euskal dantza gaurkotasun batean. Iduritzen zait maiz erantzun hori bilatzen dela formatik abiatuz. Askotan tratatzen dela justuki topikoetatik abiatuz. Maleruski, ezin da gauza sakon bat izan abiatzen bazara forma finkatu batetik. Justuki, gorputzean da erantzuna. Behar da xerkatu funtsa non den. Gorputzek historia bat garraiatzen dute.

Orain arte atera diren dantza taldeen emanaldietan, uste duzu funtzionatzen duela?
Konplikatua da. Batzuek garaikidea euskal dantzari lotzea hartzen dute esperientzia pertsonal bat bezala, eta beste batzuek berrikuntza bezala. Maiz sorkuntza horiek egitean denbora biziki guti bada. Ezin duzu edozein dantza motaren funtsa ikasi hiru hilabetez. Eguneroko edo lan erregular bat behar da emaitza baten ukaiteko. Hasieran duzun helburuaren arabera. Iduri du bilatzen dugula zerbait, baina ez dakigu zer. Halere, sentitzen da dantzarien partetik badela intentzio on bat, baina gaitasun, jakitate eta denbora eskasagatik, galderak egiten dira sakondu gabe. Beharbada, sobera goiz da gibeltasunaren ukaiteko. Garaztarren kasuan naski bakoitzak hartu du beretako. Ez zen berrikuntza handi baten anbizioa baitezpada. Hunkigarriena pertsonen arteko harremana da. Zer mugiarazten duzun bakoitzaren barnean. Bakoitza prest da edo ez urrunago joateko. Hunkitzen nauena gehienik da bakoitzaren eskuzabaltasuna. Gero, eskas dudana halakoetan da denbora, eta, justuki, hautatu dugun gaia da. Pixka bat kontsumismo bat bada sorkuntza horien guzien gibelean. Nahi da dena egin, baina ez dira ahal guziak ematen. Baina helburua da pertsonen arteko abentura baten bizitzea eta dantza aldetik bakoitzak hartzea nahi duena.

http://www.iparraldekohitza.info/wp-content/uploads/2015/03/Arantxa_Lannes.jpg

Dokumentuaren akzioak