Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzan 40 urteko bidea

Dokumentuaren akzioak

Dantzan 40 urteko bidea

Egilea
Anabel Dominguez
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2011/07/13
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

SAN Migel dantza, banakakoa, zortzikoa, makil dan-tza, launakakoa... Guzti hauek dira gaur egungo Oñatiko kaleak kolorez janzten dituzten dantzak Oñatz taldeari esker. 40 urteko ibilbidea egin dute euskal folklore eta kulturaren alde lanean. Lau hamarkada ez dira egunero betetzen eta urtemuga borobil hori ospatzeko oporretatik bueltan jai giroan elkartuko dira.

Hitzordua irailaren 3an izango da Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan egingo duten bazkariarekin. Helburua urte hauetan zehar Oñatzekin zerikusia izan duten herritar guztiekin egun ederra pasatzea da. "Jende asko igaro da taldetik, asko dantzariak baina baita irakasleak, txistulariak, jostunak, laguntzaileak.... Denak gonbidatuta daude", azaldu dute antolakuntzan dabiltzan Beatriz Igartuak eta Idoia Irazabalek. "Belaunaldi ezberdinak biltzeko aitzaki paregabea da", gaineratu du Irazabalek. Izan ere, urte guzti hauetan asko dute kontatzeko.

Dantza barruan daramate. Igartuak, Irazabalek eta Jesus Irizar Txutxinek modu berezian bizi izan dute Oñatzen bidea. "Izarrak nesken dantza taldea sortu zen Zubillaga auzoan, eta 1970eko irailean herrian ospatu zen lehenengo Haurren Egunean oñatiarren ordezkari izan ginen", gogoratu du Igartuak. Berarekin batera, Garbiñe Urizabelek, Arantza Liberrik, Puri Urizarrek, Lurdes Agirianok, Resu Arantzetak, Lurdes Igartuak, Mari Karmen Etxanizek eta Txaro Uribetxeberriak, besteak beste, osatzen zuten taldea, Txutxin eta bere aitaren gidaritzapean, Hijinio Iriarte eta Gotzon Osinaga txistulari zituztelarik.

Lehenengo ospakizun horren ondoren eta orduko Oñatz kultur elkartearen baitan, izen bereko dantza taldea jaio zen. "1971an umeekin hasi ginen lanean, eta handik bost urtetara helduen taldea jarri zen abian. Oñatiko dan-tzak ez ezik Euskal Herri osokoak ere sartu genituen gure errepertorioan", aipatu zuen Irizar maisuak.

"Hasiera gogorra izan zen. Gogoratzen dut arropak oso garestiak ziren eta udaletxetik diru laguntzak jaso genituela. Baina denak merezi izan du eta dantzari eskaintzen diodan denborak zeharo aberasten nau", gaineratu zuen dantza familia batetik datorren Txutxinek.

"Gure jaialdietara herri guztia etortzen zen. Herriko plaza lepo izaten zen eta horrek izugarrizko ilusioa ematen zuen", gogora ekarri du Igartuak. "Niri dantzak asko eman dit. Bertan egin ditut lagunik onenak. Gaur egun, aldiz, gaztetxoek ekintza asko dituzte aukeratzeko eta uste dut ez dutela lehenago guk genuen filosofia", nabarmendu du Irazabalek.

"Zerbait apartekoa azpimarratu behar banu, dantzari helduen lehenengo ikuskizuna eta taldearen 25. urteurrena aukeratuko nituzke. Zilarrezko ezteietan jende askok lagundu zuen urte osoan aurrera eraman ziren ekintzetan", adierazi zuen Igartuak. Hain garrantzitsua izan zen urtemuga bertan egin zen "jaialdi nazionalean, Euskal Herriko ehun dantza talde baino gehiagok esku hartu zutela".

Bitxikeriak ere ez dira falta izan Oñatzen historian. "Asko daude, baina kontatzeko bezala... Badakizu zenbat bikote irten diren taldetik?", barre egin du Igartuak.

Santutxura, Gasteizera, Antzuolara, Eibarrera, Arrasatera eta beste hainbat herrietara eraman dituzte euren koreografiak Oñatiko dantzariek. Baita Suitza eta Ameriketako Estatu Batuetako Boisera ere. Gaur egun 6tik 13 urtera bitarteko 240 ume daude taldean eta urtero hamabost bat ikuskizun eskaintzen dituzte, esaterako, herriko auzoetako jaietan, Haurren Egunean eta bailarako euskal jaietan. Hauekin batera, "14tik 30 urte arteko 60 dantzari ditugu, eta horiek umeei musutruk irakasteaz arduratzen dira", zehaztu du Irizarrek.

Oñatzek denborari aurre egiten jakin izan du; eta duda gabe, berezi egin duten ezaugarrietako bat Korpuseko dantzak dira.

Txistulariak bat festarekin

Bazkarirako txartelak

Irailaren 3ko hitzorduan taldearen izpiritua kalera irtengo da eta etorkizunean aurrera jarraitzeko behar duen babesa erakustea da xedea. Horrela, bazkariaz gain -txartelak ostirala arte salgai daude (25 euro) kultur etxean eta Anton, Aloña eta Izarraitz tabernetan-, txistularien dianak (11.00etan) eta musikarekin girotutako poteoak (12.00) distira emango diote festari. Arratsaldean (19.30ean) Larrain dantza taularatuko dute Herriko plazan eta hau gogoratzeko, bihar eta hilaren 21ean entseguak izango dira Errekaldeko lokalean (20.00).

Oñatiko Herriko plazan, zinta-dantza taularatzen

Oñatiko Herriko plazan, zinta-dantza taularatzen (N. G. )

Taldearen hasierako argazki zahar bat txistulariarekin

Taldearen hasierako argazki zahar bat txistulariarekin

Dokumentuaren akzioak