Dokumentuaren akzioak
Dantzan
Behin batek galdetu zidan ea non ikasi nuen horrela dantzan», esan dit amak. «Ba, etxean gurasoekin, non bestela». Eta jarraitu du hamaika aldiz entzundakoa birkontatzen. «Txikiak ginela, etxeko sukaldean esertzen gintuen amak eta, hantxe, aitak ezpainekin txistuka doinua jotzen zuela, gurasoak dantza sueltoan hasten ziren biak. Primeran dantza egiten zuten. Gero, nola egin erakusten ziguten». Eta imajinatzen dituzu gure aitona-amonak sukaldean dantzan, jota eta arin-arin, ama eta izebak begira dauden bitartean. Antigoaleko irudia, filmetan ikusteko modukoa, mundua beste era batera mugitzen zen garaikoa; alabaina, herenegungo irudia da berez, ez hain aspaldikoa, telebistarik ez zen garaikoa, etxean denbora airezkoa zenean, ez urrezkoa. «Ipuinak ez du denborarik», diote Sizilian.
Izan ere, sukaldeko dantzarekin edo ipuinak kontatzearekin batera, mundu ikuskera propioaren transmisioa egiten da, iruditeria baten transmisioa, belaunalditik belaunaldira osatu, aberastu eta garatu den kulturak bizirik jarrai dezan. Dantzatzea eta ipuinak kontatzea, joan-etorriko jardunak dira, komunitate osoarenak. Imajinario globalizatu baten sarean harrapatu nahi gaituzten honetan, sukaldera itzuli behar dugu, gorputzak eta hitzak dantzatzera. Eta euskaraz, Euskaraldiak bizitza osoa har dezan.
Dokumentuaren akzioak