Dokumentuaren akzioak
Dantzaldiaren harira, bost konpainia jasoko ditu Euskalduna jauregiak
La Fundicion aretoak antolatzen duen ekitaldiak umeei zuzenduriko koreografia bat eskainiko du
Aniztasuna eta mestizaia. Gaur egun dantzaren egoera aztertu nahi duen horrek nahitaez jo beharko du bi hitz horietara. Aniztasuna teknika aldetik, bere mugekin konforme egon ez, eta aspaldi ekin baitzion dantzak lurralde berriak arakatzeari. Mestizaia kulturen arteko zubi bihurtu den heinean. Asko dira dantzari ireki zaizkion bideak; handia da koreografo gazteek egin duten lana. Kaleidoskopio baten antzera, hainbat aurpegi dituen errealitatearen zati bat ekarriko du Bilbora Dantzaldiak, dosi txikitan baina eraginkorretan. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, La Fundicion aretoak hirugarrenez antolatzen duen ekitaldiak bost talde jasoko ditu orain: Rafael Amargoren konpainia (Madril), Mal Pelo (Girona), Groupe D.A.C.M. (Grenoble), Galili Dance (Groningen) eta Roseland Musical (Bartzelona). Azken horrek umeei zuzenduriko koreografia aurkeztuko du.
Flamenkoa eta giza kezkak
Rafael Amargorena egun batean abiatu eta oraindik geldiunerik ezagutu ez duen ibilbidearen historia da. Goi mailako flamenko dantzariekin aritzeak ez zuen kikildu. Haiengandik ikasi zuen gaur egun oholtza gainean erakusten duen guztia. Baina etxean arrakasta lortu nahi duenak kanpora jo behar du lehenik, eta halaxe joan zen Amargo Tokiora, El flamenco taulatu ospetsuan indarrak neurtzera. Bolada batez Yuriko Yoda, Etsuko Saito eta Txizuko Otsuka konpainiak zuzendu eta haientzako koreografiak egin ostean, Madrilera bueltatu zen. 1997an bere konpainia sortu zuen, eta harekin egindako La garra y el angel estreinako lanak kritika ezin hobeak jaso zituen. Amargo azken koreografiarekin, berriz, aurtengo Max sarietan dantzari onenaren eta ikuskizun onenaren sariak jaso ditu.
Bien bitartean, umeentzat zuzenduriko dantza musikaletan erreferente bilakatu da Roseland Musical. Hogei urte betetzera doa konpainia, eta El país sin nombre ekarriko du Bilbora, umeen irudipena sustatzera zuzendurik dagoen obra. Florentzia panpinaren bitartez, ilargi beteko gauetan ametsik eroena ere errealitate bihur daitekeela ikasiko dute haurrek. Herrialde horretatik, Kataluniatik, alegia, eta hango dantza sari nazionala besapean dutela etorriko dira Mal Pelo taldeko kideak. Beren lan guztietan gizakiaren gaineko gogoeta sakona plazaratzen dute; ez dago errazkeriarentzako tokirik. «Gizakia gauza guztien neurrira egoki daiteke, baina animalia izaera da bere gizatasuna ezagutzeko aukera ematen dion bakarra... Malpelo. Hezur haragizko izakiez beteriko munduan bizi dira, non sarritan errealitatea eta fikzioa nahasten diren; pentsamenduak eta imajinazioak topo egiteko toki aproposa». Lanimal a l esquena kategorizazio horren barruan sartuko litzateke.
Bestetik, txotxongilo eta hezur haragizko dantzariekin lan egiteko ohitura du Groupe D.A.C.M. taldeak, eta mugara eraman du elementu bizidun eta artifizialen gaineko ikerketa. ShowRoomDummies-en gorputz artifizialek ezinegona sor dezaketen azaltzen ahaleginduko dira, eta, horretarako, unearen arabera erotismoa edo higuina iradoki dezaketen manikiak erabiliko dituzte. Itzik Galilik zuzentzen duen Galili Dancek, berriz, pertsona batzuek elkarren kontra borrokatzeko duten grina agertzen du For heavens sake-n. Gatazken interpretazio arras pertsonala da lana.
Saio guztiak Euskalduna jauregiak jasoko ditu, arratsaldeko zortzietatik aurrera, Roseland Musical konpainiaren saioa izan ezik. Azken hori arratsaldeko seietan hasiko da.
Dokumentuaren akzioak