Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaldiak Europako bost konpainia esanguratsuren lanak bilduko ditu

Dokumentuaren akzioak

Dantzaldiak Europako bost konpainia esanguratsuren lanak bilduko ditu

La Fundicionek egin du programa, eta obrak Euskalduna jauregiak jasoko ditu

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2001/10/18

Hilaren 28tik abenduaren 16a arte, Dantzaldiak goi-mailako bost gonbidatu izango ditu: Wim Vandekeybusen Ultima vez konpainia, L’Esquisse, Damian Muñoz, Maria Pages flamenko eta Hans Hof Ensemble taldeak. Iaz bezala, Deustuko La Fundicion aretoak koordinatu du programa, eta antzezpenak Euskalduna jauregiak jasoko ditu.



Wim Vandekeybusek zuzentzen duen Ultima vez konpainia belgiarrak Scratching the inner fields lana ekarriko du Bilbora. Abbesses antzokian estreinatu zuen hura, Parisen den agertokirik txikienean. Agertokiaren apaltasunak, ordea, ez zuen koreografiaren indarra itzali, eta ordutik hona kritikaren laudorioak besterik ez ditu jaso. Scratching the inner fields zazpi emakumeren istorioa da, egoera gogorrei aurre eginez bizirik iraun nahi duten andre basatiak.



Frantziatik datorren L’esquissek, berriz, Fureurs aurkeztuko du. Regis Obadiaren laguntzarekin, Joelle Bouvierrek 1980an eratu zuen L’esquisse konpainia, eta ordutik hona 15 koreografiatan parte hartu du. Antigoniaren tragedian oinarriturik, Fureurs-ek bere patuari ausarki oldartu zitzaion neskatila baten ibilerak kontatzen ditu. Mitologiaren arabera, Jocasta eta Ediporen harreman intzestuosotik lau seme-alaba jaio ziren: Antigona, Ismene, Polinice eta Eteocles. Anaiak elkarren etsai bihurtuko badira ere, Antigona izango da familiako zoritxarrari azalpena bilatzen ahaleginduko den bakarra.



Dantzaldiak jasoko duen hirugarren gonbidatua Damian Muñozen taldea izango da. Gasteiztarrak uztailean estreinatu zuen Las mentiras del entusiasmo bere azken koreografia, Barakaldon antolatu ziren dantza jardunaldien barruan. Oraingoan obra Euskalduna jauregiara gerturatuko du. Las mentiras del entusiasmo Wim Wendersen El cielo sobre Berlín filman inspiraturik dago. Koreografia norbait izateko eskubidearen aldeko borroka da, baina edozein dogmatatik (dela politikoak, erlijiosoak zein sozialak) at dagoen borroka da.



Flamenkoa eta banguardiak



Gasteizko konpainiaren ostean, Madrilgo Maria Pages flamenko taldeari iritsiko zaio txanda. Iragan otsailean New Yorken estreinaturiko Flamenco Republic eta El perro andaluz, eta Burlerias dantza saioak eskainiko ditu. Maria Pages pertsona aski ezaguna da flamenkoaz duen kontzeptu estetikoagatik. Lau urte besterik ez zituela hasi zen Pages lehen dantza urratsak egiten, eta 1980an bere izena daraman konpainia eratu zuen. Bere lan eskergaren ondorioz, 1996an Koreografia sari nazionala jaso zuen.



Amsterdameko Hans Hof Ensembleren Nighttown lanak itxiko du Dantzaldia. Kafkak bere lanetan deskribatzen duen hirian kokaturik dago Nighttown. Bere egileen hitzetan, bidaia trajiko-absurdo bat da, komikoa eta poetikoa, irudimeneko hirietatik barna doan bidaia.

Dokumentuaren akzioak