Dokumentuaren akzioak
Dantzaldia jaialdiak Erresuma Batuko konpainiak izango ditu ardatz nagusi
Esperientziak trukatzeko eta dantza joera berriak erakusteko toki bihurtu nahi dute ekitaldia antolatzaileek
Dantzaldia jaialdia 2000. urtean jarri zen abian, eta jada dantza munduaren barnean ezinbesteko bihurtu da. Lehen aldiz egin zenetik, Euskal Herriko nahiz kanpoko hainbat konpainia pasatu dira bertatik. Ia urtero, euskal dantza talde batek denboran garrantzitsu bilakatu den jaialdi horretan parte hartzeko aukera izan du, eta aurten ere horrela gertatuko da.
«Dantzaldia esperientziak trukatzeko toki izan da», azaldu du Laura Etxebarriak, La Fundicioneko kide eta Dantzaldia jaialdiko antolatzaileetako batek. Sortzailearen eta publikoaren arteko komunikazio modua bihurtu nahi da, horrela gizartearen eraikuntzan ere laguntzeko.
Modu berean, dantza jaialdi bat izanik, dantza joera berrien erakustoki izatea ere nahi dute, Etxebarriak jakinarazi duenez. Gainera, «inguru hurbileko antzezlanak sustatzeko eta aurrera ateratzeko modu polita izan daiteke», antolatzailearen ustez.
Gainera, aurten Dantzaldiak eremu geografiko baten aurkezpena berriz egingo du. 2006. urtea Kanadako konpainiei eskaini ostean, aurten Erresuma Batuko dantzaren txanda izango da. Dena dela, dantza talde guztiak ez dira Erresuma Batutik etorriko, antolatzaileen esanetan, ezinezkoa baita, nahiz eta Londres ingurua dantzarentzat eta antzerkiarentzat, artearentzat New York dena izan.
Hori bai, aurkeztuko diren konpainia guztiak Erresuma Batuan bizi diren koreografoen zuzendaritzapekoak dira, eta masiboki sarituak diren koreografoen belaunaldi berri baten parte dira. Euren beste ezaugarri komun bat mugimendu argitsuaren kalitatea da.
Hizkuntza berritzaileak
Dantzaldia jaialdia urriaren 5ean hasiko da, Londresko Bonachela Dance Companyrekin. Rafael Bonachela koreografo katalana da, eta Londresen bizi da, eta urriaren 4an profesionalentzako eta dantza ikasleentzako tailer bat zuzentzeaz gain, bere obra sarituenak aurkeztuko ditu. Bonachelak hainbat forma eta diziplina artistiko uztartzen ditu, dantza garaikiderako hizkuntza berritzaileak eta testuinguru berriak garatzeko.
Astebete geroago, urriaren 12an, Diversions Galesko Konpainia Nazionala ariko da, Euskalduna jauregian. Ann Sholemek gidatutako dantza taldea Europako dantzari onenetariko batzuk eta mundu osoko koreografo bikainek osatzen dute. Pieza dinamiko, harrigarri eta arriskutsuak plazaratu ohi ditu talde galestarrak.
Azaroaren 23an, Londresko Hofesh Shechterrek zuzendutako konpainiaren txanda izango da. Sechter errebelazio handia izan da Jerusalemgo Batsheva konpainiatik Erresuma Batura aldatu zenetik, eta oraingoan interpretazio amorratuzko azken lan biak, Uprising eta In your Rooms aurkeztuko ditu Bilbon.
Abenduaren 11n, Euskalduna jauregian, 20:00etan, ez den emanaldi bakarra izango, 17:00etan La Fundicion aretoan. La Ribot, Suitzan egoitza duen sortzaile madrildarrak zuzentzen du izen bereko konpainia, eta Laughing hole eskainiko du lehen aldiz Euskal Herrian. Bertan kartoizko unibertso batean aurkituko dira interpreteak, artistaren esku-hartze politikoenean eta ehunka berbaren eta barre izozturen artean.
Abenduaren 13an eta 17an, Dantzaldia Euskalduna jauregian izango da berriro. abenduaren 13an, Henri Oguike dantza konpainia ariko da, eta abenduaren 17an Logela Multimedia&Circle of trust-en txanda izango da Circle of Trust-en breakdance-ak eta Logelaren irudi sorkuntzak ikuskizun dibertigarri eta bizkorra planteatuko dute, mekanismo berritzaileak erabiliz.
Egitaraua
Urriak 5: Bonachela Dance Company, 20:00etan, Euskalduna jauregian.
Urriak 12: Diversions konpainia, 20:00etan, Euskaldunan.
Azaroak 23: Hofesh Shechter, 20:00etan, Euskaldunan.
Abenduak 11: La Riboten Laughing hole, 17:00etan, La Fundicionen.
Abenduak 13: Henri Oguike Dance Company, 20:00etan, Euskaldunan.
Abenduak 17: Logela multimedia&Circle of trust, 20:00etan, Euskaldunan.
Dokumentuaren akzioak