Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Dantzaldi ibiltaria’, dantzan ikasteko

Dokumentuaren akzioak

‘Dantzaldi ibiltaria’, dantzan ikasteko

Dantza tradizionala erakusteko helburu argiarekin, Aiko dantza taldeak 'Dantzaldi ibiltaria' egitasmoa martxan jarri du azken asteetan.

Egilea
Amaia Elizondo
Komunikabidea
Deia - Ortzadar
Mota
Erreportajea
Data
2009/01/20

Modu xume eta erraz batean, eta batez ere hurbiltasunez, dantzan ikasteko oinarrizko ezagutza bat eskainiko zaie partehartzaileei. Lehen edizio honetan, Bermeo, Bilbo, Erandio, Etxebarri, Gernika, Getxo, Gordexola, Igorre, Plentzia, Sestao, Sodupe, Urduña eta Zaratamo herrietatik ibiliko dira tailer horiek. Egitasmo berritzailea da, zalantzarik gabe, eta askorentzat, dantzan ikasteko aukera paregabea baita ere.

Aiko ortzadarren 01Horrez gain eta dantzan ikasten jarraitzeko, tailer ibiltariekin batera Aste Santua heldu arte, astearte guztietan, ikastaro trinko bat emango da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Ikastaroaren iraupena ordu eta erdikoa izango da (19:30etatik 21:00ak arte) eta tailer ibiltarian bezala, parte hartzeko aurrez izena besterik ez da eman behar. Tailer horietan edonork parte har dezake, beraz, dantzarako gogoa duten guztiek eman dezakete izena egitasmo horretan. Gainera, tailer horietan parte hartzea doakoa izango da, ez baita ordaindu behar. Tailerrera joango diren pertsona guztiei kamiseta bat eta etxean dantza praktika dezaten CD bat opari emango zaie.

Dena dela, 'Dantzaldi ibiltaria' programak dituen tailerrez gain, beste jarduera bat ere antolatu dute Aiko Aiko ortzadarren 02dantza taldeko kideek. Hala, dantzaldi-erromeria hilean behin ere egingo da, larunbata batean, Plateruena Kafe-Antzokian. Bertan aukera egongo da tailer eta ikastaroetan ikasitakoa praktikatzeko, gehiago ikasteko, dantzan gozatzeko, beste zaletu batzuk ezagutzeko, etab. Dantzaz gozatzeko
eta ondo pasatzeko aukera ederra eskaintzen dute antolatzaileek.

Aiko dantza taldekoen arabera, badago dantzatzeko beste modu bat: «Doinu bat entzutean berez oinak mugitzen ditugunean, kulunka egiten dugunean, edo atzamarren puntekin erritmoa markatzen dugunean, dantza tradizionalari atea zabaltzen diogu. Lurrari lotuta dantzatzen da, era natural eta ergonomikoan, bakoitzaren ahalbideak kontuan izanda. Dantzaz gozatu egiten dugu».

Beren hitzetan, oraingoan jendeak ez du aitzakiarik dantzan ikasteko. Izan ere, Aikok, dantza eta musika maisuz osatutako taldeak, abian jarri du 'Dantzaldi Ibiltaria'. «Bizkaiko bazter guztietan zehar ibiliko gara dantza tailer samurrak, erraz errazak eskaintzen, eta gainera doan eta etxetik hurbil. Borondate apur bat jartzea besterik ez duzu beharko. Herri bakoitzean ordu biko dantza tradizional tailer bat eskainiko dugu eta astearteetan Durangoko Plateruena Kafe Antzokira joateko gonbitea ere luzatzen dizugu, bertan ikastaroa egiten jarraitu eta zure zaletasun bera duen jende gehiago ezagutzeko. Gainera, ikasitakoa praktikatu eta berritzen diharduen tradizio batekin gozatzeko, gurekin erromerian etortzeko  proposamena luzatzen diogu jendeari: izan ere, hilero dantzaldi herrikoia antolatuko dugu Plateruenan». Aukera, behintzat, ugariak dira.

'DANTZALDI IBILTARIA' EKIMENA ANTOLATU DU AIKO DANTZA TALDEAK BIZKAIKO ZENBAIT HERRITAN HURRENGO HILABETEETAN

Euskal dantza tradizionala arbasoengandik transmititzen joan den ohitura izan ohi da familia askotan. Txikitatik dantzan irakasten zaie askori, eta erromerietan parte hartzen dute horietako askok. Baina ohiturak aldatzen joan dira azken mendeetan, eta geroz eta jende gutxiago aritzen da dantza giroan. Ildo horretan, Bizkaiko Aiko dantza taldeak egitasmo berri bat antolatu du. Izan ere, Dantzari ibiltaria programari ekin berri diote azken asteetan. Dantzaldi ibiltaria, ekimen honen baitan dagoen proiektuari emandako izena, dantza-tailer, dantza-saio eta erromerien bitartez dantza tradizionala praktikatzeko aukera eta espazioa ahalbidetuko duen proiektua da. Hala, urte osoan zehar 14 herrietatik zehar, dantza tradizionalaren estiloa bere naturaltasunean dantzatzeko aukera emango da antolatuko diren doako ikastaroen bidez.

Aiko ortzadarren 03Aiko taldeko kideen hitzetan, euskal kulturaren baitan hain garrantzitsua den folklorearen berreskurapenarekin guztiz konprometituak dauden musika irakasle eta dantzari talde bat osatzen dute. Helburu horrekin, dantza bizitzeko bizipen berriak bilatzen saiatzen dira eta horregatik jarri dute Dantzaldi Ibiltaria proiektua martxan. Gainera, BBKren babesarekin martxan jarritako ekimena da, eta Bizkaiko txokoetatik zehar ibiliko den bi ordutako (19:00etatik 21:00etara) dantzatailer ibiltariaz osatzen da. Horietan, modu xume eta erraz batean, eta batez ere hurbiltasunez, dantzan ikasteko oinarrizko ezagutza bat eskainiko zaie partehartzaileei, eta guztien artean, dantzatzeko modu tradizionala berreskuratzeko espazio berriak sortu nahi dira.

Dantzaldi Ibiltaria programako partehartzea doakoa da; soilik (www.aikotaldea.com) webgunean edo 646 336 147 telefono zenbakian aurrez izena ematea besterik ez da egin behar. Horrez gain, izena ematen dutenei, kamiseta bat eta etxean dantza praktika dezaten CD bat opari emango zaie. Gainera, ikasten jarraitzeko, tailer ibiltariekin batera Aste Santuak arte astearteetan, ikastaro trinko bat emango da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Ikastaroaren iraupena ordu eta erdikoa izango da (19:30etatik 21:00ak arte) eta tailer ibiltarian bezala, partehartzeko aurrez izena besterik ez da eman behar.

Dena dela, antolatzaileen helburua argia da: «Ekimen honekin ez dugu nahi soilik gure kultur ondarearen zati garrantzitsu hau berreskuratu, suspertu ere nahi dugu Dantzaldi Ibiltaria izenarekin, publiko zabalago eta gazteago batengana nahi dugu hurbildu ondare hau, herriko kiosko edo plazetan gure nagusiei begiratuz ikasten zenekogaraia ezagutu ez duten publikoarengana hain zuzen ere. Gaur egun, herriko plaza dantzarako espazio zabal bezala, historiara pasatu da. Ikasketa egun, ikastetxe eta akademietara eraman da, eta horrenbestez, dantzak, bere balio sozializatzailea galdu du».

Espazio berriak

Dantza irakasteaz gain, helburu gehiago ere badituzte Aiko taldekoek: «Dantzarako estilo tradizionala eta naturala zabaltzeazez bakarrik, dantzarako espazio berriak berreskuratzeaz eta sortzeaz ere konprometitu gara. Horregatik gure Dantzaldi Ibiltaria-k, martxotik aurrera Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango du geldialdia.

Aiko ortzadarren 04Bertan, betiko erromerietako giroa sortuko dugu zuzeneko musikarekin eta dantzan gozatzeko gogoa duen jende andanarekin. `Dantzaldi-erromeria´ horiek, tailer eta ikastaroak bezalaxe, jende guztiarentzat daude zabalik, errepertorio herrikoiaren aniztasuna ikusteko baliagarri direnak eta nola ez, gure aisialdian gure afizioak tartekatzen duen jendea ezagutzeko aukera eskainiz». Hori dela eta, martxoaren 7an eta 28an, apirilaren 18an, maiatzaren 9an, ekainaren 20an, irailaren 19an, urriaren 24an, azaroaren 14an eta abenduaren 19an dantzari berriek euren abilezia erakutsi ahal izango dute sokadantzaren, jota eta fandango eta arin-arinen erritmoekin.

Zalantzarik gabe egitasmo berritzailea antolatu dute Aiko dantza taldekoek. Baina, zeintzuk osatzen dute Aiko taldea? AIKO musika eta dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta gureganatzeko sortua den musika eta dantza maisuen talde bat da. Dantzatzeko era tradizionala eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horrekin batera, dantzarako aukera eta gune berriak sortu;ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, eta horrenbestez mundu guztiak parte hartzeko modukoa eskaintzen dute.Eta orain Dantzaldi Ibiltariarekin Bizkaiko herrietatik zehar zabalduko duena. Bere helburua da erromeria tradizionalek ohiko balio sozializatzailea har dezaten eta aisialdirako dibertimendu izatea.

Bere ekimenen artean tailer, mintegi eta erromeriak antolatzeaz gain, musika tradizionaleko diskoen argitalpenak egitea dago. Taldea folklorearen zabalkundean interesaturik dagoen orori zabalik dago. Gaur egun ondorengo musikariek osatzen dute: Aitor Furundarena (soinujolea eta konposatzailea), Alvaro Garcia Martinez (gitarrajolea eta konposatzailea), Asier García Artetxe (perkusioa), Sabin Bikandi (konposatzaile eta moldatzailea), eta dantzari eta dantza maisuak diren Jon Maya, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño.

Aiko ortzadarren 05Taldea osatzen dute profesionalek eskarmentu handia dute dantza giroan. Hala, Aitor Furundarena Usabiaga goi mailako musika irakaslea, akordeoi jolea eta konpositorea da. Álvaro García Martínez ere goi mailako musika irakaslea, gitarra jolea eta konpositorea da, hain zuzen ere. Asier Garcia Artetxe ere aurrekoak bezala, goi mailako irakaslea da eta perkusioa du ogibide. Bestalde, Gorka Aginaga piano, teklatu eta armonia-inprobisazio irakaslea da. Eta, Sabin Bikandi ere goi mailako musika irakaslea da. Dantzariei dagokionez, Aiko taldeak profesional bikainak ditu. Hala nola, Jon Maya dantzari, dantza maisu eta koreografoa dute. Egun, bere obra aurkezten dabil antzoki ezberdinetan. Aiko taldeko beste dantzari bat Larraitz Artetxe da.Aurrekoa bezala, dantzaria izateaz gain, dantza irakaslea ere bada. Patxi Laborda, berriz, dantza irakaslea, koreografoa eta txuntxuneroa da. Horrez gain, ikuskizun ezberdinen gidoilaria eta zuzendaria ere bada. Azkenik, Vanesa Castaño dantzari eta dantza irakasleak osatzen du Aiko taldea. Denen artean lan txukuna egiteko asmoa dute, eta horregatik, jendea animatu nahi dute Dantzaldi Ibiltaria egitasmoan parte har dezaten, dantzaz ozatzeko parada bikaina eskaintzen baitute.

Lehen edizio honetan, Bermeo, Bilbo, Erandio, Etxebarri, Gernika, Getxo, Gordexola, Igorre, Plentzia, Sestao, Sodupe, Urduña y Zaratamo herrietatik ibiliko da Dantzari Ibiltaria ekimena. Datak hurrengoak dira:

  • Bermeo, otsailak 12.
  • Bilbo,apirilak 30.
  • Erandio, otsailak 19.
  • Etxebarri,apirilak 16.
  • Gernika,apirilak 2.
  • Getxo,martxoak 5.
  • Gordexola, otsailak 5.
  • Igorre,urtarrilak 29.
  • Plentzia,martxoak 12.
  • Sestao, otsailak 26.
  • Sodupe,martxoak 26.
  • Urduña,apirilak 23.
  • Zaratamo,urtarrilak 22

 

 

Dokumentuaren akzioak