Dokumentuaren akzioak
'Dantzakantu' jarriko du Martxan Aikok, betiko melodiak abesten eta dantzatzen ikasteko ikastaroa
Aiko Taldeak, musikariek eta dantza maisuek dantza tradizionala hedatzeko sortutako taldeak, alor horretako prestakuntza proposamen berria eta berezia jarriko du martxan, Dantzakantu izenekoa. Ikastaro horretan partaideak ez dira musika-tresnen erritmora mugituko, euren ahotsen erritmora baizik, Euskal Herri osoko melodia tradizionalak interpretatuz. Helburua dantza esperimentatzea da, musika-tresnen laguntzaren beharrik gabe, euskal abesti herrikoi klasikoak ikasiz, ulertuz eta gozatuz, eta abesten diren bitartean, dantzatuz.
Ikastaro berezi hori emateko, Aiko Taldeak, Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan aditua den Itsaso Arrieta Goiriren laguntza izango du berriro ere. Itsaso Arrieta euskal abesti herrikoien irakaslea da. Urte luzez hezitzaileen irakasle izan da haurtzaindegietan eta eskoletan. Umeen abestien inguruko bilketa eta ikerketa lanean ere aritu izan da, alor horretako zenbait argitalpenetako arduradun edo aholkulari gisa. Azken urteetan abesti tradizionalei buruzko ikastaroak ematen ari da, eta abestiarekin erlazionatutako hainbat kultur jardueratan ere hartzen du parte.
Itsaso Arrietaren iritziz, "abesti herrikoiak garrantzitsuak dira, herri baten pentsatzeko era islatzen dutelako, mundua ikusteko duen modua. Musikaren eta hitzen konbinazioak indar handia du eta gure emozioak azaleratzen ditu. Edozein egoeratan abesten dugu: jaiotza bat dagoenean eta heriotza gertatzen denean, maitasunari, gure herriari, naturari, abesten diegu, eta gure barneko sentimenduei buruz ere abesten dugu”. Dantzarekin duen harremanari dagokionez, ikastaroaren arduradunak honela azaltzen du: “estu lotuta daude, ahotsarekin kantua sortzen da, kantuak erritmoa darama, erritmoak mugimendua dakar, eta hortik dantzara pauso bat baino ez dago; adibide garbiena umeen abestiak dira, sarritan koreografiak lagundutako jolasa bezalakoak direlako".
Edukia eta metodologia
Ikastaroaren edukiari dagokionez, Itsaso Arrietak hau azaldu du: "Euskal Herriko abesti multzo aberatsean egongo da oinarrituta, Euskal Herri osoko koplak, baladak, bertsoak, dantzatutako abestiak eta abestutako dantzak jasoz, baina errepertorio osoa pixka bat "kartara" egingo da, parte hartzen duten pertsonen ezagupenen eta nahien arabera". Ikuspuntu metodologikotik, "helburua abesti bakoitza bere testuinguruan azaltzea izango da, jatorria eta egilea ezagutzea, ezagunak direnean, esanahian eta sinbologian sakontzea, hitzek gure hizkuntzan duten leuntasunaz edo zorroztasunaz jabetzea, eta ondoren elkarrekin abestea, ezagutza erantsi horretaz eta taldean egiteak sortzen duen plazeraz eta pozaz gozatuz".
Koreografiari dagokionez, gure abesti irakasle eta ikerlariak adierazten duenez, "helburua, ikastaroan parte hartzen duten pertsona guztiek dantza prestatzean ere parte har dezatela da, nik nozio batzuk emango ditut, baina oso garrantzitsua da azken emaitza talde osoaren lanetik sortzea". Dena den, Arrietak adierazi duenez, dagoeneko existitzen den eta kantua eta dantza konbinatzen dituen tradizioan sakontzea bilatzen da. Horren adibide garbiak daude, jota tradizionalekin batera abesten diren koplak, besteak beste. Ikastaroaren amaieran, prestakuntza zikloari amaiera emateko, "erromeria abestua" egitea dago aurreikusita.
Ekimena EHUKultura Bizkaia programazioaren barruan dago, eta Bizkaia Aretoan, UPV/EHU-k Bilbon duen egoitzan, emango da. Ikastaro osorako matrikularen prezioa 100 €-koa da (ordubete astelehenero, urtarriletik ekainera arratsaldeko 18:30etik 19:30era edo 19:30etik 20:30era). Urtarrilean klaseak dohainik izango dira. Ikastaroa urtarrilaren 11n, astelehenean, hasiko da.
Dokumentuaren akzioak