Dokumentuaren akzioak
Dantzak Pina Bausch abangoardista galdu du
Alemaniako koreografoa minbizia zuela jakin eta bost egunera hil da, 68 urterekin
Koreografoak Txileko iraganari buruzko hausnarketa bultzatu nahi zuen
Wuppertaleko Operan antzeztutako lan horren bitartez. Hala, dantza
motel eta musika goibelez baliatu zen. Kritikariek zein publikoak
harrera ezin hobea egin zioten lanari, azken urteotako gainbeheraren
ostean. Askok koreografoaren talentuaren berpiztearen adierazletzat jo
zuten ikuskizuna.
Philipinne Bausch Solingenen jaio zen, 1940an. Dantza moderno
eta garaikideko ikasketak hasi zituen 1955ean, Essengo Folkwanschule
eskolan. Kurt Joos dantzari eta koreografo entzutetsua izan zuen maisu.
Handik lau urtera AEBetara alde egin zuen, dantza heziketa biribiltzeko
asmoz. Bausch hiru urtez New Yorkeko Julliard eskolan aritu zen. Han
Anthony Tudor, Jose Limon eta Paul Taylor izan zituen irakasle, besteak
beste. Gainera, Metropolitan Opera Ballett taldean aritzea lortu zuen.
Ondoren, Alemaniara itzuli eta ibilbide artistiko bikaina abiatu zuen,
dantza garaikidearen oinarriak eraldatuz.
Espresionismoaren bidetik
1962an, Folkwang konpainian sartu eta bakarlari gisa aritu zen.
1968an lehen koreografia landu zuen, Joosen laguntzarekin.
Aurrerantzean, Transtheather eredua garatzeari ekin zion Bauschek,
Susanne Linke koreografoarekin batera. Lagun biek ikasketak burutu
zituzten Folkwanschulenen eta estilo horren erakuslerik ezagunenak
izatera heldu ziren nazioartean. Eredu espresionista horrek dantza eta
antzerkia uztartzen ditu, ohiko antzerkiko baliabide dramatikoak
erabiliz. Eta horrek XX. mendeko dantza garaikidearen zutabe
esanguratsuenetakoa bilakatu zuen Bausch, eta belaunaldiz belaunaldi,
mundu osoko koreografoek jarraitu zioten.
Baina lehen urteak ez ziren hain gozoak izan. Hasiera haietan,
haren ikuskizunen izaera berritzailea ez zen izan guztien gustukoa.
Bauschek aurrean izan zituen puristak. Beste askok, ordea,
koreografoaren ekarpenak txalotu zituzten. Haren lan entzutetsuenen
artean honako hauek daude: Im Wind der Zeit (1969), Iphigenie auf Tauris (1974), Orpheus und Eurydike (1975), Die Sieben Todsünden (1976) eta Der Fensterputzer (1997). Bausch 1973an izendatu zuten Wuppertaleko Tanztheater taldeko buru.
Antzerkiaren baliabideak erabiltzen zituen dantzarako, baita
musikarenak ere. Klasikoa, Afrikako erritmoak, fadoak eta tangoak
zituen dantzarako oinarri eta abiapuntu, besteak beste.
Horrek guztiak, duela bi urte, Veneziako Dantza Biurtekoak
ibilbide osoa saritzen duen urrezko lehoia ekarri zion, eta aurrez,
1999an, Europako Antzerkiko Sari Nagusia jaso zuen.
Oholtzan hazi eta hezi zen Bausch, baina zinema pantailan ere
azaldu zen tarteka. Haren agerraldirik esanguratsuenetakoa Federico
Felliniren Y la nave va filmean izan zen. Baina beste hainbatetan ere parte hartu zuen; Pedro Almodovarren Hable con ella-n kasu, Bauschen dantza pelikularen prologoa izan zen.
Dokumentuaren akzioak