Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak, lehen urratsa

Dokumentuaren akzioak

Dantzak, lehen urratsa

Gipuzkoako dantzaren hiriburu izateko bidean da Errenteria. Izan ere, aurtengo martxoan Dantzagunea Donostiako Txomin auzoan zegoen Artelekutik Errenteriako Niessenera eraman zuten.
Komunikabidea
GIpuzkoako Hitza
Mota
Albistea
Data
2014/07/04
Lotura
GIpuzkoako Hitza

Hiriburuko erdialdean bost urte zeramatzan Dantzaguneak, baina aurten itxi egin behar izan zuten, uholde arrisku handia zegoelako. Arteleku bera Donostiako Santa Teresa komentura eraman zuten, baina dantzari dagokion zerbitzua Errenteriara lekualdatu dute. Kokagune berria izanagatik, behin-behinekoa da Niessen kulturgunekoa. Izan ere, 2016an espero dute Lekuona okindegia zenaren eraikinera lekualdatzea. Errenteriako Arte Eszenikoen Zentroa egin nahi dute bertan.

Dantzaguneak kokagune berria izateak ez dio enbarazu egiten Arantza Balentziaga (Oiartzun, 1961) zentroko arduradunari: "Hiruzpalau hilabete daramatzagu bertan. Ni Oiartzunen bizi naiz, eta ez dago distantzia handirik Niessen kulturgunera. Gainontzekoek hartuko zuten jarrerarekin izu pixka bat banuen, inkomunikatuagoa-edo egongo zela irudituko zitzaiela uste nuelako". Hala ere, Dantzagunearen kokagune berria ezagututakoan izu horiek uxatu dituztela ziurtatu du: "Hona etorri zirenean ikusi zuten oso hurbil eta ondo komunikatuta dagoela".

Instalazioei dagokienez, "oso ongi" dagoela uste du Balentziagak. Hiru entsegu gela eta erabilera aniztuneko bat dituzte eskura bertan entseatzen duten dantzariek. "Horietako bi aretok linoliozko zorua daukate, eta oso egokiak dira dantzan aritzeko. Linolioa gaineko geruza da, eta azpiko geruza oso ondo eraikita dago. Kolpeak ondo jasaten dituzte. Beste gela batek egurrezko zorua du, beste diziplina batzuetan aritzen den jendearentzat: zapatilekin dantza egiten duten break dantzariak, klakea edo flamenkoa dantzatzen dutenak... Erabilera aniztuneko gelak zoru ona du, baina bilerak-eta egiteko pentsatuta dago".

Zerbitzu osoa

Balentziagarentzat "garrantzitsua" da horrelako eraikin batek "zerbitzu osoa" ematea, nahiz eta behin-behinekoa izan. "Hemendik urte batzuetara nork daki zer gerta daitekeen, ez dago nire esku; baina, orain, nahi dudan bakarra instalazioak egokiak izatea da, dantzariek minik har ez dezaten eta gustura egon daitezen".

Lekualdatzea duela gutxi egin bazuten ere, Niessengo gelak ez dira hutsik geratzen. Bost konpainia profesional "eta profesionalizazioaren bidean dauden beste batzuk" ari dira bertan lanean, ia egunero. "Hau saioetarako zentroa da, ez formaziorako —horretarako baitaude dantza akademiak—, eta ekimen pribatuak utzitako hutsunea betetzeko da". Arteleku ezagutzen ez zuelako Donostiara joaten ez den jendea ere batu zaie orain.

Hala ere, profesionalei itxitako eremua dela ukatu du Dantzaguneako arduradunak: "Eskolak prestatu nahi dituzten irakasleak etortzen dira, ikuskizun bat prestatu nahi dutenak; baita break dantzariak bezala sasoian egoteko entrenatu behar dutenak ere. Esan liteke jende mota asko batu dela Errenterian gaudenetik".

Errenteriako eta Oiartzualdeko dantza taldeekin harremana estutu dutela ziurtatu du Balentziagak. Etorkizunera begira, "ilusioz" dago, eta Lekuona eraikinean arte eszenikoen zentroa egiten dutenean egoera are aberasgarriagoa izango dela uste du: "Orain dantzariak bakarrik gaude, eta isolatuta egoteak ez du sorkuntzan hainbeste laguntzen. Lekuonan beste artisten eta gure arteko sinergiak egongo dira. Bata besteaz kutsatzea oso aberasgarria da. Oso proiektu polita izango dela uste dut".

Plan estrategikoan sartuta

Errenteriako Udalak, herritarren parte hartze prozesu baten ondoren, 2025erako plan estrategikoa aurkeztu zuen iaz. Planaren marka ADN Kreaktiboa da. Izenak dioen bezala, ekonomia sortzailea bultzatu nahi dute, eta, besteak beste, artea eta kultura indartu nahi dituzte.

2016rako, Lekuona eraikina Errenteriako Arte Eszenikoen Zentroa bilakatuko da. Gaur egun, lehen fasean daude. Eraikina egonkortzeko lanetan ari dira. Bigarren fasean, egokitzea landuko dute. Dantzaguneak ez ezik, beste hainbat diziplinak ere tokia izango dute okindegi zaharraren eraikin eraberrituan. Lekuonaren eraberritzeak 1.700.000 euroko kostua du. Horren %60 aldundiak jarriko du, eta gainontzekoa, Errenteriako Udalak.

Dokumentuaren akzioak