Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak Konstituzio plazan

Dokumentuaren akzioak

Dantzak Konstituzio plazan

Donostiako euskal dantza taldeek folklore emanaldiak eskaini dituzte arratsaldero Aste Nagusian

Egilea
Irati Agirreazaldegi
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2002/08/17

Igandeko txistularien kontzertuak ireki zuen aste osoko folklore jaialdia, eta atzora bitartean Donostiako bost dantza talde pasatu dira taula gainetik: Kresala, Eskola, Arkaitz, Trebeska eta Goizaldi taldeetako neska-mutilak salto eta dantza aritu dira, euskal dantza ugari bertaratutakoei erakutsiz.



Dantzariei adi-adi begira aurkitu genuen asteazkenean Agustin Azkoaga. «Donostian bizi naiz eta dantzak gustuko ditudanez, urtero etortzen naiz Euskal Jaietan eta Aste Nagusian horrelako emanaldietara».



Dantza emanaldirik izango bada, dantzaririk ezin falta, eta taulara igo baino lehen, Añorgako Arkaitz taldeko Amaia Irurtiarekin hitz egin genuen. Lehen urtea izanik, Konstituzio plazan dantzatzeak lotsa apur bat eman zion Amaiari eta urduri sumatu genuen. Baina, era berean, «pauso bat gehiago» ematea ere badela eta gehixeago» izango balitz moduan sentitzen dela esan zigun.



Taulan gora abiatu denean jendartera joan eta bertatik ikusi ditugu guk ere dantzak. Jaurrieta izan da Amaiak beste hainbat neska gazterekin batera dantzatu duena. Baina Euskal Herriko txoko askotako dantzak ezagutzeko paradarik ez zaigu falta izan. Izan ere, Arratiako jotak, Oñatiko arku-dantza, Zuberoakoak, sagar-dantza... dantzatu dituzte. Izan da, bai, dantza gosea zerekin asea.



Arkaitzekoak asteazkenean, baina gainontzekoak ere duten onena ematen saiatu dira, beste lau egunetan.



Garbiñe eta Patxi, Iruñean bizi diren donostiarrak, egunero izaten dira Konstituzio plazan, bertako jai giroa oso gustuko dutelako eta bide batez beren gazte garaiak gogoratzen dituztelako. «Gaztetan norbaitek akordeoia jo eta gu dantzan aritzen ginen. Orain ere inoiz Benidormera-edo joan izan garenean jotaren bat jotzeko eskatu eta dantza egin izan dugu». Adinean aurrera joan arren dantzak ikusteko ez ezik dantzarako oraindik sasoian daudela erakutsi ziguten senar-emazte hauek. Egunero joanik, aste honetan gustukoen zein izan zuten galdetu genien. Eskolakoen ikuskizuna izugarri gustatu omen zitzaien. Haien esanetan, «oso emanaldi berritzailea izan zen». Patxik ezin eutsi izan zion dantzarako gogoari eta, Garbiñek lagundu ez zionez, bera bakarrik txistu doinuen erritmora hankak mugitzen sumatu genuen.



Dantzarien esanak



Asteazkeneko emanaldia amaituta, Oier Mendiola Arkaitz tadeko arduradun eta dantzariarekin hitz egiteko parada izan genuen. Donostiako jaietan dantzatzeak esanahi berezirik duen galdetuta, zera erantzun zigun Mendiolak: «Guretzat, emanaldi guztiak dira garrantzitsuak eta denetan dugun guztia ematen saiatzen gara. Añorgan dantzatzen dugunean betiko jendea etortzen da gu ikustera, eta alde horretatik Donostiak duena da ikusle kopuru handiagoa biltzen dela. Gainera, kanpoko jende gehiago egoten da Konstituzio plazan, eta hori interesgarria da guretzat». Hala ere, ez omen dute Donostiako ekitaldia modu berezian prestatzen, gainontzeko guztiak bezalaxe baizik. Urte askotan bertan dantzatzeak esperientzia eman die, eta, gainera, egindakoarekin gustura geratuta pozik itzuli ziren etxera.



Dantzariak pozik eta ikusleak gustura. Eserita, zutik edo etxeko balkoitik begira modu gustagarrian pasatu zuten arratsalde hura. Turistek kamera eskuetan, irribarrez begiratu diete dantzariei eta etxera itzultzean direnean hemengo dantza berezien berri emango diete lagunei.



Oraindik Konstituzio plazako folklore emanaldiez gozatu ez dutenek badute aukerarik. Donostiako taldeek amaitu dituzte emanaldiak. Atzo Goizaldi taldeak erakutsi zituen bere dantzak. Gaur Ciudad Realgo Mazantini taldea ikusi ahal izango da, eta bihar, Nafarren esku geratuko da azken eginahala. Folklorea gustuko duenak Konstituzio plazara bisita egin dezala. Dantzan, Konstituzio plazan. Horrela aritu dira Aste Nagusiko egunetan. Duten guztia emanez, ohiko aurresku, arku edo zinta dantzez gain, Euskal Herriko beste dantza zenbait taularatu dituzte. Eta jendea harritu ez dutenik ez ezazuela uste. Donostiarrek badute eskola, eta goizean ez baina arratsaldez harkaitza bezain gogor eta itsasoko kresalarena besteko gatzez trebe aritu dira dantzan musikariek jarritako doinuei segika.

Dokumentuaren akzioak