Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak jaien protagonista

Dokumentuaren akzioak

Dantzak jaien protagonista

Txaranga eta hainbat musika talde arduratuko dira festetako giroa alaitzeaz

Egilea
Edurne Senosiain
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lesaka
Mota
Albistea
Data
2008/07/06

Sanferminak dagoeneko iritsi dira Lesakara, eta, ostiraletik, herritarrak festa giroan murgilduta daude. Jaiak uztailaren 4an hasi ziren eta 10ean amaituko dira. Adin guztientzako ekintzak egongo dira, eta egun bakoitzean talde jakin bat omenduko dute.

Dantzak dira Lesakako jaietanosagai nagusia, «Dantzetan eta baita bestelako ekintzetan ere, handia da herritarren parte-hartzea handia», Udaleko festen arduradun Belen Mutuberriaren hitzetan. Horrekin lotuta, Mutuberriak esan duenez, 7a izango da jaietako egunik garrantzitsuena, eta, horrexegatik, egun horretan egingo dira dantzaldi gehienak.

Zubigainekoa izango da egun horretako dantza nagusia. Hori ikusteko, herritarrek Eskolttikira jaitsi beharko dute, Onin errekaren bi aldeetan egiten baita dantza. Zubigaineko dantzaren jatorria XV. mendean dago, lesakarren artean sinatutako bake akordioa gogoratuz.

Festak egunez egun

Etxafuegoak emango die hasiera Lesakako sanferminei gaur eguerdian Herri-Etxean. Horrekin batera txistulariak, soinulariak, trikitilariak, txaranga eta haur txikien danborrada irtengo dira herri osoan zehar festa giroa zabalduz.

Bezpera egun honetan, Tantirumairu euskal folklore taldearen erakustaldia egongo da herriko pilotalekuan 17:30ean; eta 20:00etan, danborrada nagusia abiatuko da, eta Erraldoi eta buruhandiekin, danbor jotzaileekin, soinulariekin eta Lesakako bandarekin herriari itzulia emanen diote. Gauean, Tximeleta taldearekin dantzatu ahal izango dira bertara joaten diren guztiek, edota Incansables txarangarekin kaleetan zehar ibili.

Uztailaren 7a jaietako egun nagusia izango da, eta goiz-goizetik Ezpatadantzariak irtengo dira Meza Isila eginez. Horren ondoren, Meza Nagusia ospatuko dute; udalbatzak, Ezpatadantzariek eta musika bandak udaletxetik elizarako bidea egingo dute, eta han Lesakako Abesbatzarekin elkartuko dira. Mezaren amaieran Fermin Zaindariaren ohoretan prozesioa burutuko da. Ondoren, Lesakako jaien ekitaldi ezagunetetako baten txanda izango da, Zubigainekoarena, hain zuzen ere. Segidan, ikurra-agurra egin eta gero, dantza bera Plaza Zaharrean errepikatuko dute eta ikurra udaletxera igoko dute.

Arratsaldeko seietan dantza saioak egongo dira Plaza Zaharrean eta Ezpatadantzari taldeak mutil-dantza, neska-dantza, aurreskua eta jotak dantzatuko ditu.

Peñen eguna

Arrano elkarteak antolatuta, bertso jaialdi bat ere ospatuko da Plaza Zaharrean. Horretan parte hartuko duten bertsolariak Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Xabi Terreros, Julen Zelaieta eta Julio Soto izanen dira.

Haurrentzako animazioa ez da faltako San Fermin egunean. Goloka Park ikuskizuna Bittiria kalean zehar ikusteko aukera izango dute haur eta gaztetxo guztiek.

Eta azkenik, gauez, Gau Bela taldea arduratuko da musikaz, festa giroa gau osoan zehar luzatuz. Aipatutako musika taldea Plaza Zaharrean egongo den bitartean, Incansables txaranga kalez kale jendea animatuz joanen da.

Hurrengo egunean, hau da, uztailaren 8an, peñen eguna ospatuko dute, eta haien festa izango da batik bat. Peña guztiek batera egingo duten gosariarekin hasiko da eguna. Arratsaldean peñak elkartu egingo dira, jaitsiera elkarrekin egiteko.

Batukada izango da, Zo-Zongo taldearekin; eta mariatxiak izango dira, Viva Jalisco taldearekin. Horiez gain, bestelako musika taldeak ere egongo dira egun horretan: Lasha, Los del Gas, etab.

Haur txikienek ere disfrutatu ahal izango dute Filamento Farolaria clown eta mimo ikuskizunarekin eta Betizuen antzezlanekin.

Asteazkena haurren eguna izango da, eta haientzako ekitaldiak prestatu dituzte gehienbat. Hasteko, haur eta gurasoen danborrada egingo da, eta, ondoren, Gorritiren eskutik animazioa egongo da Eltzeta Plazan. Bikoteen eguna izango da azkenekoa. Voces del Ebro taldeak eskainiko dituen jotak eta Arkupe Pilotazaleen Elkarteak antolatutako partidak izango dira eguneko ekitaldirik aipagarrienak. Haurrentzako eskulan tailerrak eta betizuak ere egongo dira.

 

############

 

Egitaraua

GAUR

12:00etan. Etxafuegoa jaurtiko dute. Txaranga, txistulariak eta haur txikien danborrada izango da.

17:30ean. Tantirumairu euskal folklore taldea.

20:00etan. Danborrada nagusia.

00:00etan. Tximeleta musika taldea eta Incansables txaranga.

BIHAR

08:30ean. Meza isila.

10:30ean. Meza nagusia eta prozesioa. Ondoren, Zubigainekoa dantza.

18:00etan. Lesakako Abesbatza eta dantzak Plaza Zaharrean.

19:30ean. Bertso jaialdia. Haurrentzako Goloka Park kale animazioa.

Gauez. Gau Bela musika taldearen emanaldia eta Incansables txaranga.

Dokumentuaren akzioak