Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak herria hartzen duen eguna

Dokumentuaren akzioak

Dantzak herria hartzen duen eguna

Erromeria Eguna izango da larunbatean, Errenterian; musikariak eta dantzariak herriko kaleetan ibiliko dira egun osoan

Harkaitz Miner biolin jolea gonbidatu dute arratsaldeko erromeria nagusira, lehen aldiz
Egilea
Maialen Igartua
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2013/07/09
Lotura
Berria

Musika, dantza eta giro ona nagusi izango dira larunbatean Errenterian (Gipuzkoa): Erromeria Eguna ospatuko dute, hamabosgarren urtez. Ereintza dantza taldeak antolatzen du, erromeria herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta, urtero bezala, talde eta jende ugari gonbidatu dituzte herriko kaleak alaitzera. «Hala ere, gure helburua ez da jendeari ikuskizun bat eskaintzea, jendeak berak ikuskizunean parte hartu eta dantza egitea baizik», adierazi du antolatzaileetako batek, Pello Urreagak. Erromeriaren leloak ere argi uzten du helburua: Zatoz dantzara plazara.

Aurreko urteetan bezala, han izango dira, besteak beste, Oiartzualdeko txistulariak, Errenteria Musikaleko trikitilariak, Alkarkide txaranga, Errenteriako Gaiteroak eta Zubietako joaldunak. Urtez urte, talde horiek akatsik egin gabe hartzen dute parte. Dena den, urtero jende berria gonbidatzen ere saiatzen dira antolatzaileak, «urtetik urtera hobetzen joateko». Hala, lehen aldiz, Harkaitz Miner izango da arratsaldeko erromeria nagusian, biolina jotzen. Perkusioa izango du alboan, biolinaren soinuari laguntzeko. «Jendeari arraroa gerta dakioke agian, baina garai bateko erromerietan ere izaten ziren biolin joleak», adierazi du Urreagak.

Erromeria nagusia 18:00etan izango da, Zumardian. Goizean dantzarik egiten ez duenak, orduan izango du aukera. Azken finean, Urreagaren esanetan, parte hartzea da garrantzitsuena. «Oso polita izaten da kalean jendea baserritar jantziarekin ikustea, baina ez da hori garrantzitsuena; baserritar jantziarekin ez bada ere, jendeak dantza egitea nahi dugu». Jarraian, Aiko taldearen emanaldia izango da. «Giro ederra jartzen dute Aiko taldekoek. Jende artean sartzen dira, eta dantza eginarazten diete», adierazi du Urreagak.

Astean, dantza ikastaroak

Erromeria nagusia arratsaldean izan arren, goizetik hasiko dute jaia errenteriarrek. Dianarekin abiatuko dute Erromeria Eguna, 10:00etan. Eguneko ekitaldietan parte hartuko duten musikari eta dantzari guztiak aterako dira dianan.

Hamaiketakoa egin eta indarrak berreskuratu ondoren, herriko kaleetan ibiliko dira musikariak, giroa alaitzen. Dantza egin nahi duenak ez du aitzakiarik. Izan ere, Ereintza Dantza Taldeak dantza ikastaroak antolatu ditu aste honetarako. Denek har dezakete parte: ez dakitenek dantzan ikasteko, eta dakitenek trebatzeko. «Kanpoko jendea ere etortzen zaigu ikastaro hauetara», adierazi du Juantxo Maya antolatzaileak.

Nesken soka dantza ere izango da, 13:15ean. Urreagaren esanetan, nesken soka dantza azken urteetan sortu dela uste du jendeak. «Baina ez da hala; aspaldi ere egiten zen, eta guk berreskuratu baino ez dugu egin». Duela urte gutxi hasi ziren Errenterian nesken soka dantza egiten, ohitura zaharrari berriro heltzeko asmoz.

Urreagaren hitzetan, «jatekorik gabe, erromeria bat ez da ezer». Hortaz, herri bazkaria antolatu dute, 14:30ean, arratsaldeko erromeriara tripak beteta joateko. Menua ere prest dute dagoeneko: entsalada, piper beteak, oilaskoa, postrea eta kafea. «Txaranga jotzen egoten da bazkarian, eta giro paregabea sortzen du», adierazi du Mila Alberro bazkariaren antolatzaileak. 450 pertsonarentzako lekua dago, eta sarrerak sagai daude Ereintza Elkartean, Arkaitza tabernan, Belen gozotegian eta Paki dietetika zentroan.



Egitaraua

LARUNBATA

10:00. Diana.

11:00. Hamaiketakoa.

12:00. Musikariak eta dantzariak herriko kaleetan ibiliko dira.

13:15. Nesken soka dantza.

14.30. Herri bazkaria.

18:00. Erromeria nagusia.

19:00. Aiko taldea.

Herritarrek erromerian parte hartu eta dantza egitea da antolatzaileen helburua; eguerdian, soka dantza egingo dute herriko neskek, aurreko urteetan bezala. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak