Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak: ezpata, zagi, alki… (1605-2015)

Dokumentuaren akzioak

Dantzak: ezpata, zagi, alki… (1605-2015)

Zagidantza da egun, Goizuetako dantzarik ezagunena. Baina ezpatadantza da dokumentuetan maizenik ageri dena. Beste asko ere dantzatu izan dira, ordea.

PATZIKU PERURENA LOIARTE Beste herri askotan bezalaxe, Goizuetan ere ezpatadantza da maizenik eta argienik dokumentatua ageri dena. Udal ar­txiboak hasten direnetik beretik ageri baita, urterik urte. Hara nola, esate batera, 1614ko diru kontuetan: ‘quatro ducados a los dançantes despadas cascabeleros incluyendose la costa de la persona que traxo y bolvio los cascabeles’. Hain zuzen ere Donostiatik ekartzen baitzituzten herriko dantzarientzako kaskabiluak. Besteak beste, urteko hiru festa egunik haundienak ziren, hutsik egin gabe, ezpatak dantzatzen zirenekoak: Korpus eguna, Santa Isabel eguna eta Abuztuko Ama Birjina eguna.
Komunikabidea
Urumeako Kronika
Mota
Erreportajea
Data
2016/03/12
Lotura
Urumeako Kronika

Gauza asko esan liteke, menderik mende alde erlijiozkoa, militarra eta zibila txirikordatu dituen dantza honetaz, baina, jeltzaleek ziztuarekin batera euskaldunon ikur­tzat hartu zutenetik Bidasoaz honuzko lau probintzietan dantzarik maiztuena izaten segitzen duela esanez bukatuko dizut gaurkoz. Bakar bakarrik esan, auzolotsa sortzen didala atzenaldera Urbeltz jaunak ezpatari mandeuli deituz asmatu duen ergelkeria buru­buz­tanik gabeak. Izan ere, ez­pada zer den ederki ikasia eta nozitua bainaiz, Goizue­tako bordari gehienok bezalatsu.

Dantzaundia
Dantza egiten zeneko beste egun sinalatuak San Joan, San Pedro, Santiago, San Ro­ke... izaten ziren Goizuetan. San Joan ezik,  horietako ge­hie­nak erromeria egunak: San Pedroko ermitara, Aranoko San Rokera, Egazkiko Santia­go­ra, Artikutzako San Agusti­nera… Horiek erromeria haundiak, baina, beste apalago ba­tzuk ere baziren: San Anto­ne­ra, Santa Krutzera, Malenera…  Horietan denetan, batez ere, sokadantza edo gaur inguru­txoa deitua dantzatzen zen; baina, nolabait esan, gazteriak bere gisa antolatzen zuen dantza laikoa izatean, apenas egiten den dantza honen aipamen ofizialik, istiluren bategatik jasotako auzietan ez bada. Hara bi aipu, behialako lekaiodantza edo kokodantza hura, urteren buruan, ohorezko dantza noble bihurtu ondorekoak:
1892: se acuerda celebrar las fiestas con zorcicos (...) en la plaza pública convidando a los bailarines y obsequiandolos con rosquillas, refrescos y vino.
1900: “los mozos sacaron el Zorzico el dia diez y siete y los viejos el diez y ocho (…) acordaron no abonar a los jóvenes puesto que el día de la Virgen pidieron gratificación para sacar el baile, la que no se les concedió; por lo cual no hubo y dejaron en mal lugar al Ayuntamiento”.

Zaharren eta gazteen zor­tzikoa ere egiten zen, beraz, Goizuetako plazan joan den mende hasieran. Eta erne  apropos belztu dizudan sacar horri, gero herriak gorde duen ‘dan­tzaundia atera’ esanera ederrarekin batera, beste inon gorde ez den erlikia baita Goizuetan. Ezin naiz luza hemen esplikaziotan, baina, zaude seguru, zortziko edo dantzaundi, egungo inguru­txoaren sinonimo baizik ez direla hor.

Zagidantza
Niri oka eragiten didan (apapurutx guziak zagi jantzian eta hori dena…) gaurko eredu turistikoan Goizuetako dantza enblematiko bihurtu den  ho­nen aipamenik ere ez zait udal dokumentuetan azaldu. Gain­de­giko Luis Elizegiri jasoa di­zut, ordea, honako perla hau: «Don Bixentek esan izandu zeak niri: banda sortu zun botikario ark berak moittu izandu men zula emengo zaidantza». Ez dakit nondik aterako zuen datu hori D. Bixentek, baina hala izateko traza guziak baditu. Seguru aski ere, R. M. Azkue lekeitiar haundiak 1912 aldean Kexero zenari jaso zion partitura hauxe erabiliko baitzuen Antonio Segura botikariok, ordurako galduxea zen zagidantza indarberritzeko.
Ehun urte ongi iragoak dira geroztik, eta egun berean egiten da oraindik zagidantza. Oren­tze­rok bezala, andregaia falta ordea zagiak, eta zelakortzen hasia omen dago. Dena dela, ho­na goizuetarrek oraindik oroi­tzen dituzten zagidantzaririk nabarmenenak: Kaspar, Do­mi­­ña Motza, Baztanbordako Xi­mon, Loar­ta­ko Gorria, Andres Bor­dazpi­koa... Gure osaba Ba­tis­tak behin bakarra dantzatu omen zuen, eta aurretik ezagutu zituenak: Exteben Loiarte Per­mizina eta Donfermingo Joan Mari Eskudero... Baina gu­-­zietan hoberena Kapero­tti­kiko Rufino Loiarte, eta haren ondotik, iloba tximistatarrak urte askoan: Joxe Mari, Daniel, Agus­tin… Gerozko gazterik ez dut aipatuko, badaezpada, ni baino ezkerrago direla uste duten gidari ‘burges’ fanatiko horien esklusibarik ez zapuztearren.
Bukatzeko esan: adineko jende xalo honen oroitze guzian «kordionakin» dantzatu izan omen dela beti zagidan­tza, argazki eder honetan ageri den bezala.
Noski bazela dantza gehiago ere Goizuetan: axeridantza, alkidantza eta beste, baina denak ezin sartu hemen.

Zagidantzariak Goizuetan, 1952ko ihautetan. Argazkia: Mari Karmen Azpirozek utzitakoa.

Zagidantzariak Goizuetan, 1952ko ihautetan. Argazkia: Mari Karmen Azpirozek utzitakoa.

Dokumentuaren akzioak