Dokumentuaren akzioak
Dantzak eta animazioa izango dira Garaiko jaietako osagai nagusiak
Bihar hasi eta San Inazio egunera arte iraungo dute Garaiko jaiak eta egitarauan ohikoak diren ekitaldiak, azken urteetan gehitutakoak eta berrikuntza baten bat tartekatuko dira.
Egitarauan tartekatutako berrikuntzetariko bat, bihar iluntzeko bederatzietan The Funes Troup konpainiak eskainiko duen kale-antzerki emanaldia izango da. Aurtengo programako bigarren ekitaldia izango da, lehena arratsaldeko 18.00etan hasiko den asto proben erakustaldia izango baita eta eguna Erokomeria taldearen erromeriarekin osatuko da.
Aurten tartekatutako beste berrikuntza astelehenean egongo den Erregelen erakustaldia izango da, saioko protagonista bakarrak emakumeak izango baitira. Arratsaldeko 18.30ean hasiko den agerraldian Berriz, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Galdakao eta Durangoko hiru dantza taldeetako dantzari pare bana izango da, Garaiko partaideekin batera.
Ekimen hau aspaldian egiten zen lehiaketaren jarraipena da. Urte batzuk direla, mutilen arteko txapelketa egiten zen “baina alde batera itxi zen partaideen arteko tira-birak sortzen zirelako”, Sarrigoitiak gogora dakarrenez. Ekitaldia berreskuratzeko asmoz, erakustaldi formatuan egitea erabaki zuten eta hasieran inguruko herrietako mutilak etortzen baziren, “urte batzuetan agerraldi mistoak ere egin dira eta aurten neskak bakarrik egitea erabaki da”.
Prozesioa eta Gernikako Arbola
Herriko ezpata-dantzarien lehen saioa domekan izango da. Arratsaldeko 19.00etan donien atxa jarriko da eta horren ostean azkenengo ensaioa egingo dute. Dantzarien bi saio nagusiak berriz, Santixau eta Santa Ana egunetan izango dira, hau da, astelehenean eta martitzenean.
Lehenengoa, San Migel elizan 11.00etan emango den meza nagusiarekin hasiko da eta ondoren egingo den prozesioarekin. Elizabarriraino egingo den jarraigoan, agintariek eta ezkondu gabeko ezpatadantzariek joango dira, azken hauek Santixauren irudia bizkarrean daramatela. Plazara heltzerakoan, Garain bakarrik dantzatzen den Gernikako Arbola eskainiko dute santuaren aurrean. Goizeko ekitaldiei amaiera emateko ezpatadantzarien saioa egongo da plazan.
Biharamunean, 11.00etako meza ostean, alderantzizko bidea egingo da, baina ekitaldiko protagonistak ezkondutako dantzariek izango dira. Prozesioa Elizabarrin abiatuko da eta Gernikako Arbola plazan dantzatu ostean San Migel elizan amaituko da ibilbidea. Jarraian ezpatadantzarien saio berri bat egongo da eta ondoren erregelak dantzatuko dituzte, gizonekoek lehenengo eta gero emakumezkoak.
Herritarren artean harrera ezin hobea duen tortilla txapelketak ere ez du huts egingo Santa Ana eguneko egitarauan. Lehiaketa arratsaldeko seietan hasiko da eta inoiz 50 partaide bildu dira, nahiz eta tortilla egile bakoitzak osagarri guztiak, sua barne, jarri behar dituen.
Garaitarrek zein bisitariek dantzaldiekin amaituko dituzte egun nagusietako ekitaldiek eta aipaturiko Erokomeia taldearen saioaz gain, Lisker, Laja eta Lutxurdio eta Oba Neuke taldeen erromeriak izango dira domekan, astelehenean eta martitzenean, hurrenez hurren.
Dokumentuaren akzioak