Dokumentuaren akzioak
Dantzak espazio berria izango du Errenteria-Oreretan
Gaur goizean, hain zuzen, aldundi zein udaleko ordezkariek bisitatu dute eraikina. Badiolarekin batera izan dira Julen Mendoza Errenteriako alkatea, eta Unai Unsuian, Garazi Lopez Etxezarreta eta Luisma Diez zinegotziak.
Badiolak nabarmendu duenez, proiektu horrek “herri mailan nahiz Euskal Herrian dauden beharrei” erantzungo die. Horrez gain, Errenteria-Orereta “dantza garaikide eta tradizionalean erreferentzia” dela gogorarazi du, eta sorkuntza zentroa bera ere kultur mugimendu horretan txertatuko dela.
Era berean, Oarsoaldea Gipuzkoan biztanle gehien dituen eskualdeetako bat izatearekin batera, bera dela eskualderik deprimitutakoena azaldu du, eta proiektu horrek Oarsoaldea “biziberritzen” lagunduko duela iritzi dio.
Zentzu horretan mintzatu da Mendoza ere. Gogorarazi du langabezia tasa Gipuzkoako altuenetakoa duela herriak, eta renta per capita, berriz, txikiena Pasaiaren atzetik. “Datu negatibo horiek positibo bihurtzeko” aurkeztu zutela plan estrategikoa adierazi du. Gaineratu duenez, Errenteria-Orereta herri industrializatu bat izan da, baina orain zerbitzuek hartu diote aurrea, eta alor horrek “garrantzia berezia” izango duela iritzi dio. “Helburu hori lortze aldera, ez dago, sinbolikoki, eraikin hau baino aproposagorik: eraikin industriala izatetik kulturara bideratutako eraikin izatera pasatuko baita”.
Mendozak ere esan du herritarrekin batera eramandako sortze prozesuaren bidez marraztuko dutela eraikinaren eduki eta izaera.
Dokumentuaren akzioak