Dokumentuaren akzioak
«Dantzak ematen didana beste ezerk ez dit ematen»
Euskal Herritik kanpora jo du dantza garaikideko ikasketak egitera Amaiur Luluaga (Anoeta, 1992) dantzariak.
Aurreko asteburuan Anoetan izan zara, zer moduzko bisita?
Ostiral gauean joan nintzen. Dantza-Soka eguna han pasa eta iganderako buelta egin nuen. Oso hunkigarria izan zen gainera. Dantza-Soka egunean Annek oparia egin zidan agurra dantzatuta eta gero arratsaldez, herritarren aurrean eskaini ahal izan genuen Itsas lapurrak emanaldia. Urduritasun apur batekin, baina pozik bizi izan nuen.
Zein izan da zure ibilbidea dantza munduan?
Anne eta biok hasi ginen Anoetako dantza eskolan eta kuriosoa izan zen, ni apuntatu nintzen Anne bertan zebilelako. Lagun handiak izan gara eta bata bestearen arrimuan ibili izan gara txikitatik. Haatik dantza konpainiara ere elkarrekin joan ginen Alurretik pasa ondoren. Orain nik Bartzelonan jarraitzen dut ibilbide hori, dantza garaikidean gehiago sakontzeko.
Salto handia izan al zen zuentzako Haatik konpainian hastea?
Aiert Beobide Alurren irakasle bezala hasi zenean, aldaketa oso positiboa hasi zen guretzako. Ballet teknikak hasi ginen lantzen eta dantza garaikidera hurbiltzen, har hori piztu zitzaigun eta gero, Haatiken euskal dantza tradizionaletatik abiatutako bide horretan sakondu genuen. Gaur egun, eskualdeko talde guztiek jotzen dute uztarketa horretara eta aberasgarria da.
Tolosaldean badago afizioa behintzat...
Bai, afizio asko dago. Pasioa daukazunean ahal duzun gehiena ematen saiatzen zara. Konpainia batean sartu eta bide horretan jarraitzearekin egiten dut amets. Nire kasuan, behintzat.
Nola sortu zitzaizun Bartzelonara ikastera joateko aukera?
Nik urte asko neramatzan pentsatzen egunen batean kanpora atera behar banuen, dantza ikastera izango zela. Beti izan naiz oso exijentea nire buruarekin eta beti ikasi nahi izan dut gehiago dantza munduan. Hemen Euskal Herrian dantza garaikidea ikasteko eskaintza gehiegi ez dago. Ni eskola batean ibiltzen nintzen, baina ez zen nik nahi nuen bezainbestekoa eta horregatik jo nuen Bartzelonara. Eta oso pozik nago. Gracia auzoan Area izeneko akademian nabil. Formazio profesionala eskaintzen dute eta dantzari mordoa pasa da bertatik.
Nola egiten duzue lan akademia horretan?
Egunero hamarretan hasten gara goizean. Hiru bat klase izaten ditugu egunean zehar: balleta, sorkuntza tailerrak, dantza garaikideko klase teknikoak... Sorkuntza aldetik, gure baitako sentsazioei lekua uzten diete prozesu horretan. Imajinazioa lantzen uzten digute. Nik txikitatik euskal dantzak ikasi ditut eta gauza oso onak eman dizkit. Baina fisikoki ere dezente izorratu naiz. Orain dantza garaikidearekin, nire gorputzarentzat osasungarria den modu batean dantzatzeko aukera daukat. Nire gorputzari behar duena eta eman ahal duena exijitzen diot. Dantza garaikidearekin oso zentratuta nago orain.
Zer moduzkoa da Bartzelonako bizimodua?
Ondoegi moldatzen naiz hemen. Oso pozik nago. Hiri handi bat da baina aldi berean oso azkar sentiarazten zaitu bertakoa. Gracia auzoa, herri txiki bat bezalakoa da, Anoetan egotearen sentsazioa daukat askotan, hiri handi batean baino gehiago.
Noiz arte egongo zara Bartzelonan?
Hasi besterik ez naiz egin. Irakasle oso onak dauzkagu hemen eta ez bada hemen beste leku batean dantza ikasten segitu nahi dut.
Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Dantza mundua oso zaila da. Ate gehiago ixten zaizkizu ireki baino. Nik dantza irakasle edo behintzat dantzarekin harremana duen beste diziplina bateko irakasle izan nahi nuke. Hala ere, dantzari bezala nire bizitza ahalik eta gehiena luzatzen saiatuko naiz. Ikasten eta gozatzen jarraitu nahi nuke. Pasio bat da eta niri dantzak ematen didana ez dit beste ezerk ematen. Sakrifikatua da eta bidean entzun nahi ez dituzun gauza asko entzun behar izaten dituzu. Zerbaitetan hainbeste zentratzeak beste batzuk alboratzea dakar. Hainbestekoa da saria, ordea, konpentsatu egiten duela.
Dokumentuaren akzioak