Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzak bete lan

Dokumentuaren akzioak

Dantzak bete lan

Maiatza dantzaren hilabetea dela erakutsiko dute asteburuko ekitaldiek

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/05/05

ERRENTERIA DANTZAN
Larunbatean: Ereintza Dantza Taldea, 20:30ean, kiroldegian. Igandean: Kabalkada, 12:00etan, herriko kaleetan. Ballet Biarritz, 20:00etan, Errenteria Hiria kulturgunean.
Lehengo astelehenean Errenteria dantzari txikiz bete zen, Errenteria Dantzan jaialdia hasteko, eta asteburu honetan beste hiru ekitaldi interesgarrirekin gozatzeko aukera izango da. Batetik, Ereintza Dantza Taldeak larunbatean emanaldi berezia eskainiko du udal kiroldegian. 60 musikari eta dantzari bilduko dira, beste hainbat laguntzaile ondoan dituztela. Ordubeteko saioan Euskal Herriko folklorean barrena ibiliko dira, Euskal Herriko dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizun batean.Igandean, berriz, Errenteria Dantzan jaialdiak bi hitzordu izango ditu. Lehenbizikoa kalean. Bilboko Gaztedi Dantza Taldeak bere 25. urtemuga ospatzeko antolatu duen Kabalkada Errenteriako kaleetan ibiliko da. 100 lagunek baino gehiagok osatutako desfile koloretsua izango da. 12:00etan abiatuko dira eta 13:15ean Zumardian emanaldia eskainiko dute. Martxak, bolant dantzak, jauziak...
Arratsaldean, Errenteria Dantzan jaialdia ixteko, Ballet Biarritzek Mozart Ballets ikuskizuna erakutsiko du Errenteria Hiria kulturgunean. Thierry Malandainek zuzentzen duen konpainiaren azkenetariko lana da hori. Lana bi zatitan banatzen da. Lehenengoan, konpainiako dantzariek bikotetan osatzen dituzte beren saioak, oso modu fin eta dotorean. Bigarren zatia, berriz, jostagarriagoa da, alaia eta atsegina; ikusle guztiak irribarretxoarekin uzten ditu.
LARRU LARRUTIK

Collection particuliere. Lelabo konpainia. Larunbatean eta igandean. 20:30ean, Bilboko La Fundicion aretoan.Larunbatean eta igandean bertan, Bilboko La Fundicion aretoan estreinaldi interesgarri bat izango da. Lelabo konpainia frantsesak Maria Donata D'Urso dantzariaren Collection Particuliere lana aurkeztuko du. Lan bitxia da. 50 minutuan dantzariaren gorputz biluziak eta hark sortzen dituen formak hartuko ditu agertokiak. Bere gorputza eskultura koreografikoa bihurtuko du.
Izan ere, dantza saio hau larruaren inguruan egindako gogoeta batetik sortzen da. Gorputzeko barne atalek dituzten pertzepzioen inguruan egindako azterketa da sorburua. Dantzaria une oro jarrera horizontalean izango da, baina horrek ez du esan nahi ikuskizuna geldoa denik. D'Ursok hamaika mugimendu sortu ditu azala pertzepzio gune gisa hartuz eta gorputzarekin elementu narratibo ezohiko gisa jokatuz.
 Gorputza aurkezteko beste modu bat da. Dantzaria erabat biluzik azalduko da posizio horizontalean, eta bertatik barne atalek bizitza propioa hartuko dute elkarrengandik banatuz, elkartuz eta mugimendu abstraktuak sortuz. Gorputza ezagutzeko eta hark ematen dituen aukera guztiez jabetzeko modu egokia, zalantzarik gabe.
GARAIKIDE GEHIAGO

Gaur: Sonia Gomez, 20:00etan, Gasteizko Artium museoan. Igandean: MatxalenBilbaoren Kapritxo, 20:00etan, Irungo Amaia antzokian, eta Koreografo Gazteen Erakusketa, Donostiako Gazteszena aretoan. Asteazkenean: Maire Chouinard konpainia, 20:00etan, Iruñeko Gaiarre antzokian.
Dantza garaikidea ikusteko aukera gehiago ere badaude asteburu honetan. Lehenengoa gaur bertan, Gasteizko Artium museoan. Hilero-hilero dantza garaikideari ere tartea egiten diote Artiumen, eta maiatzean Bartzelonako Sonia Gomezek bere azken ikuskizuna aurkeztuko du.
 Bitxia da Sonia Gomezek ikuskizuna aurkezteko duen modua. Pareta zuri batean Soniaren eta bere amaren argazki bat ageri da, biak bainujantzian daudela. Orduan Sonia bera sartzen da espazioan eta hortik aurrera ama-alaben arteko harreman bitxia agerian geratzen da. Esate baterako, une batean ama Tina Turner eta geroago Nina Haggen bihurtzen da Kraftwerken musikaren inguruan. Amak ez daki Kraftwerk gustatzen zaion ere, eta alabak musika horrekin egun batean gertatu zitzaiona azaltzen dio. Amaieran animaliak ehizatzeari ekingo diote.Bestelako formatu batean, asteazkenean Iruñeko Gaiarre antzokian Kanadako Marie Chouinard konpainia ariko da. Apirilaren 27az geroztik Festival Teatro Gayarre egitaraua abian da eta konpainia entzutetsu honek horren baitan eskainiko ditu La consagracion de la primavera eta Preludio para la siesta de un Fauno piezak. Egitarau berean, maiatzaren 21ean, Sol Pico konpainia ere izango da Iruñean.Lehenengo pieza oso garrantzitsua da Chouinarden ibilbidean, musika partitura baten gainean egindako bere lehen sorkuntza izan baitzen. Igor Stravinskiren musika hartu zuen horretarako eta ordura arte landu gabe zuen ingurune batean hasi zen lanean orduz geroztik. Bederatzi dantzarik osatuko dute taldea, eta konpainia benetan sendoa direla erakutsiko dute.Bi emanaldion artean, igandean Matxalen Bilbaok Kapritxo bere azken lana erakutsiko du Irunen, dantzako zirkuituaren barruan, eta Koreografo Gazteen Erakusketan aukeratu ziren lau lanak Donostiako Gazteszenan izango dira ikusgai.

Dokumentuaren akzioak